hurrengoa
costa rica: eguzkia eta imperial-aren erreinua felipe apalategi   I  itai, felipe apalategi Itsasontzi herdoildu batean. Herdoildu eta zaratatsu baten barruan gaude. Gora eta behera. Kordoka eta kulunkaka. Parean, Nikolasen begi urdinak zuzen-zuzen iltzatuak dauzkat. Bi ordu daramatzagu itxaroten. Ferry honen barruan autobus zikin hori ez dela sartzen argi dago. Baina berdin zaie. CMTCA-ko (Compañía Marítimo- Terrestre de Costa Rica) langileak patxaraz eta burugogortasunez hartu dute lana. Ezetz. Ezetz, esaten diot nire buruari. Ez dela sartzen. Orduan etorri zait lehenengoa. Lehenengo eta azken goralarria. Hogei eta hamazazpi egunetan gordetako arroz, indaba eta Imperial garagardo litro guztiak bota ditut kareletik behera. Herrialde hontara etortzeko lehendabiziko pausoak atzo eman nituela iruditzen zait.
Dentistaren kontsultan itxaroten nengoela irakurri nuen Costa Ricari buruzko erreportajea. Ikusgarria. Surf bidai bat egiteko leku aproposa zela zirudien. Hala ere, nahiz eta olatuen presentzia ia ziurra izan, prest nengoen Murphy-ren lege guztiak betetzeko. Gainera, “B” plan bat antolatzeko aukera ematen zidan herrialde bat zela zirudien. Erabakita. Mapa zabaldu, eta HB motako arkatzaz ( idatzi al daiteke halako batekin audientzi nazionalean, informazio diligentzia bat ireki gabe?), marra zuzen bat egin nuen ipar Pazifikotik (Ozeano Barea, Euskaltzaindiaren azken bertsioan), hego pazifikorarte. Olatu guztiak nahi nituen dastatu.

San Jose eta bere jende, putetxe, uralita, janari usain eta zakar guztiak atzean utzita Nicoya Penintsulara jo nuen. Santa Teresa, Malpais eta Playa del Carmen, surfeatzeko asmoa nuen. Lehenengo kontaktua ona izan zen Pazifikoarekin. Olatu asko; iraunkorrak eta politak. Han hasi nintzen bioaniztasunak duen esanahia ulertzen. Natura interaktiboa. Animaliak ez ziren “bere” lekuan gelditzen, “zure” lekura, gauzetara, gorputzera etortzen ziren. Etortzen dira. Bakoitzak bere portaera eta jokaera desberdinekin: Pelikanoak, kaimanak, untxiak, tximeletak, karramarroak, izurdeak, baleak, intsektuak, intsektuak, intsektuak, narrastiak, tximuak. Marrazoak. Bai, marrazoak. Costeauren larunbatetako erreportajetan eta Aquarium ean dauden horietaz gain, lehendabizikoz aizan ditut nire bizitzan hain gertu marrazoak. Eta Calipso-a ez zegoen gertu. Denbora pasa ahala, ohitzen zara, eta animalia interaktibo guzti horiek daudela ez zara konturatzen.

Haien artean topatu nuen Nikolas. Suediar arketipo bat. Bergman-en film batetik ateratakoa zirudien. Ile hori, hitz gutxi, bidai eta garagardo zalea, burugogorra. Eta berarekin, Peter Gun. Denbora luzean ezagutu dudan pertsonarik interesagarriena, eta dudarik gabe, bidai honetan izan dudan esperientziarik aberasgarriena. Peter Gun! 70. hamarkadako porno izar bat. Liluratuta geunden. Nikolas eta biok gau osoak iragan genituen bere istorio lizunak entzuten (artistikoki entzuten) Imperial garagardoa kontrolik gabe edaten genuen artean. Sexuari buruz jakin nahi eta inoiz egitera ausartu ez ginen galderak egin genituen. Harrigarria. Diru mordo bat egin zuen bere gazte egunetan porno filmekin. Costa Rican aurkitu zuen, milaka alditan larrua jo eta gero, bere txokoa. Hiltzera etorri zela zioen.

Gauzak horrela, eta antzeko bizi modu, joera, altuera, eta gustuak geneuzkala ikusita, Nikolasekin bidaia jarraitzea erabaki nuen, eta hegoaldera abiatu ginen. Ikusi eta entzundako olatu eta hondartza gehienak frogatu genituen: handi eta txikiak, hareazko eta harrizko hondoak. Presa eta helburu zehatzik gabe. Sistemarik gabe; hautatzeko arrazoirik ez. Frank Sinatraren zinta jarri eta bukatzen zenean autoa gelditu. Ongi da. Gauzak deskargatu. Nola deitzen da hondartza hau? Modu honetan aurkitu genituen: 1) Jaco. Metro bat. Olatu ona, ezkerra eta eskuina. 2) Quepos. Olaturik gabe. Imperial, indabak eta eguzkia. 3) Esterrillos. Metro eta erdi. Olatu ona. Oso ona. Harea eta harria. 4) Manuel Antonio. Olatu gutxi eta tximu asko. 5) Manuel Ballena. Kasu honetan baleak, olaturik ez. 6) Dominical. Ezker oso ona hartu genuen, metro eta erdikoa gutxi gorabehera. Estatubatuar asko bere arrosa-gorri koloreko Iowatar neska lagunekin. 7) Playa Hermosa. Polita eta olatu dezente. 8) Bahia Drake. Tabloiarentzako olatu aproposa. Luzea eta erraza. Metrotxo bat. 9) Matapalo, Matapalito, Pan dulce, Pavones. Lau hauek, Corcovado penintsulan daude. Jende asko joaten ez den leku bat da penintsula osoa. Olatuak barrabarra, kontrolik gabeko animaliak. Marrazoak eta kaimanak edonon. Matapalo eta Matapaliton (zein da handiena?), bi metro inguruko olatu oso onak. Harria eta zenbait marrazo. Noski, han ginen gu, festa ez galtzeko. Pavones. Munduan dauden olatu luzeenen artean dago. Oso sendoa eta iraunkorra da. Harri olatua. Jende asko uretan. Metro bateko olatuak (eta batzuetan txikiagoak), baino oso politak eta dibertigarriak.
* (Egin dudan olatu deskripzioan, zuzenketa koefizientea aplikatua dago).

*Zuzenketa Koefizientea:
Zenbat eta etxetik urrunago egon, deskribatzen dituzun olatuen altuera eta surf sesioak gero eta faltsuagoak dira. Hau da, Ameriketan gertatutako surf istorio bati buruz ari bagara hizketan, orduan, metro bat kendu behar genioke olatu bakoitzari egia aurkitzeko. Adibidez: “A” lagunak dio, 2 metro eta erdiko olatuak hartu dituela Kalifornian. Koefizientea aplikatu, eta badakigu berez, metro eta erdiko olatuetaz ari garela. Asia eta Australian gutxi gora behera metro eta erdi eta bi metroen arteko koefizientea aplikatu beharko genuke. Afrika aldean (Kanariar irlak barne) metro erdi. Ergel aurpegiarekin gelditzen zara, milaka kilometro egin ondoren, zure etxe ondoan olatu hobeak, ugariagoak eta politagoak izan direla konprobatzen duzunean. Zentzu honetan, giza duintasuna gordetzeko helburuarekin gezurretan ibiltzeak badu justifikaziorik.

Surfa egiteko leku hoberik bada munduan. Eta otsaila ez da hilabeterik aproposena Costa Ricara joateko. Ez genituen gure bizitzako olatuak harrapatu. Baino berdin zait. Surfa, nire kasuan, aitzaki bat besterik ez da txapela burutik laxatzeko, munduan, jende, kultura, leku, bizimodu eta sentitzeko beste milaka bide eta forma daudela konturatzeko. Nahiz eta nabaria izan, noizbehinka gogoratzea ez dago sobran. Aldi berean, batzuetan eta nire munduaren egunerokotasunean atxikitzen zaidan gris kolore eta sentimendua kentzeko bide aproposa izaten da.Horrekin konformatzen naiz. Ez da gutxi.

Hala ere, eta Surfa ez bazaizu gustatzen, aipatutako "B" plana azalduko dut. Gida txiki baten modura azalduko ditut COSTA RICA BEZALAKO HERRIALDE BATEAN SURF TAULA IA ERABILI GABE ETA DOTORETASUNA BABESTUZ egin daitezken ariketak:
1) Kalean dagoen jendea konpultsiboki agurtu. 2) Arroza eta indabak gosaldu, jan, eta afaldu. 3) Futbol partidak jolastu. 4) Arrantzan ibili. 5) Dauden milaka fruituak jan. 6) Sumenditan gora eta behera ibili. 7) Pura vida! esan...ergel itxura eduki gabe. 8) Zaldi baten gainean mendiak zeharkatu. 9) Saiatzen bazara, Malaria harrapatu. 10) Europarra izan.

Eta Dotoretasuna nola gorde? Zaila da, baina lortu daiteke. Bidaian zehar asko hitz egin dugu Panenka eta bere penaltiari buruz. Adibide eta guru bat da guretzat. A ze pertsonaia. Ez dakit, egia esan, zeinen kontra, baina Panenkak jokatutako Europako final batean, berak bota behar izan zuen azken penaltia. Sartu eta irabazi. Baloia hartu, atezaina begiratu, eta ukitu suabe eta motel batekin, baloia leunki sartu zen porterian. Irabazi zuten. Denbora pasa eta ez dugu ezer oroitzen joko, gertakizun edo beste jokalariei buruz. Panenkaren estilo eta dotoretasunaz hitz egiten dugu soilik. Olatu gutxi, bero asko, diru eskasa, errepide txarrak, gure taula nazkanteak Costa Rica osotik paseatzen. Baina estiloso: Zeinek gogoratuko du beste guztia?
Hurrengo baterarte, Costa Rica.