• 1
  • 2
hurrengoa
Sisiforen behin-behinekotasuna 2003.02.20 jon benito   Hitzen definizioa
Hainbeste hiztegi arauemaile, ez dakit zertarako. Hitzen definizioa alferrikako lana da. Hitzak, definitu beharrean, zalantzan jarri behar dira aldiro.
Joseba Sarrionandia, “Hitzen Ondoeza”.
Ez digu denborak hoztasunik eman Egunkariaren itxieraz hitz egiteko. Ez gaitu denborak epeldu. Asko hitz egin da Otsailaren 20az geroztik: itxieraz, Otsailaren 22ko manifestaldiaz, etorkizuneko egunkariaz, hamahiru urteetan Euskaldunon Egunkariaren ekarriaz... Asko hitz egin dela esan dugu, baina susmoa dut, hitzek aurretik zuten balioa galdu dutela itxieraren ondoren. Ezin zaiela hitzei lehengo baliorik eman. Hitzentzat zegoen espazio askeetako bat itxi dutelako. Iritzi askeak, kritikak, sormenak lekua zuen bitarte txiki bat itxi dutelako. Eta hitzak lehen baino zaurituagoak daude orain. Ez dakigu hitzei zein balio eman.
Ez da komunikabide baten lehen itxiera honakoa, ez da kultur espresio baten lehen ukapena. Egin (irratia eta egunkaria) eta Ardi beltza ditu memorian jendeak. Ez ziren garrantzia gutxiagokoak izan baina, Espainiako zentsurak ebaki, debekatu edo moldatzera behartutako testuak. Torrealdaik bazuen horren berri. Adierazpenerako debekua ez ezik, sortzeko oztopoak izan ditugu urtetan.
Susmopeko kultura batean bizi gara. Euskarak, koordenada geografiko batzuetan bizitzeak, pentsatzeko modu batek, eta kasu honetan, mundua ikusteko modu batek kondenatu gaitu. Errudun kronikoak gara. Ez nuke baina biktima paperik jokatu nahi, sinetsi behar genuke hitzaren, arrazoiaren, egiaren balioan. Nahiz eta hauek zaurituta egon. Nahiz eta aurrerantzean hauek zorroztera behartu gaituzten.

Sinboloa eta tresna: aterbe eta plaza
Herri bakoitzak bere sinboloak behar ditu. Herria identifikatuko duena, herritarrak batuko dituena, ikur izango dena. Euskaldunon Egunkaria ikur bat zen, mundua ikusteko modu bat izateaz gain, sentitzeko modu bat, kontatzeko modu bat zen. Gure buruak isladatzeko ispilu bat zen, paperezkoa izan arren. Guk gure burua, guk mundua ikusten genuen berton. Sinboloa ez ezik, tresna zen. Euskara biziko bazen, euskara komunikaziorako erabilgarri izango bazen, euskara egunerokorako baliagarri izango bazen tresna bat behar zuen: egunkari bat. Euskal Herria besteak bezalako herri bat izango bazen. Euskaldun Egunkaria konpromezu bat zen goizero: bere buruarekin lehenik, irakurleekin gero.
Gerra garaian, etsaiaren sinboloak apurtzen edo osten saiatzen dira. Zer dira gudu-zelaiko banderak, inongo helburu geografiko edo estrategikorik ez duten herrien bonbardaketak (Gernika, adibidez) edo elizen, liburutegien, monolitoen suntsiketak. Sinboloak apurtuta izana ezabatuko dela uste dute. Guri ere apurtu digute gure txikian, gure gerra txikian, elkarlanaren bidez, instituzioekiko morrontzarik gabe eta independentziaz jasotako proiektua.
Ez zena sinboloa bakarrik. 80 zentimo baino gehiago balio zuena, balio sinbolikoa zuelako.
Sinbolo eta tresna zena.

Sisiforen zalantzak eta beharrak
Beharra da euskarazko egunkari bat sortzeko arrazoi nagusia. Ez gintuen harritu EGUNEROren ordezkapenak Otsailaren 21 hartan. Beharra zen. Beharra da, gizakiaren motore nagusiena. Izan beharra, informatu beharra, irakurleekiko konpromezua mantendu beharra.
Behar hori ongi egiten zen baina. Euskaraz egiten zen lanik duinenetako bat zen Egunkaria. Ez zen beharrak estaltzera mugatu. Elizan, edo haurrekin edo zakurrekin hitz egiteko hizkuntza bat berritu zuen, egunerokorako erabilgarri eta fresko bihurtuz. Kazetari gogotsu eta baliotsuak zituen. Barkatu Ama asteroko erreferentzia zen. Ezagutzen genituen gaietan sakondu eta ezagutzen ez genituen artistak, lanak, bilguneak erakutsi zizkigun. Gure txikian ezezagun zitzaizkigun esperientziak erakusten zituzten. Elkarrizketatu gintuztenean ere inportante sentitu arazi gintuzten. Gurasokeriarik gabe hartzen zituzten irakurleak. Musika entzuteko modu bat, bestelako kultura bat islatzen zuten. Hori zor diegu Mikel Lizarralderi eta besteei. Hori eskertu behar diegu.
Begiak, Kulturako atalak, Hirustak, Horoskopoak... euskaldun bezala pentsatu, sentitu eta bizitzeko aukera ematen ziguten. Gure burua ikusten genuen isladatuta egunkarian, gure errealitatea. Gure hizkuntzan. Hezkuntzarako tresna ere bazen egunkaria, artista edo pertsona bezala hazten baikinen.
Behar horrek egiten du larri euskarazko egunkari bat kalean izatea. Sisiforen mitoak bezala, harriarekin maldan gora goaz, berriz. Noiz eroriko den jakin gabe.
Proiektu definitiboa hau izango den jakin gabe. Susmopean jaioko da hurrengo proiektua ere. Gure bihotzaren zati bat hemerotekatan egongo da. Hitzezko leku hori berreskuratu nahiko genuke, goizero gurekin izan, egunero. Astelehenak berri astunez arinduz. Gure txikitasunaz harrotzen eta gure akatsez konturatzen. Gure ezinez jabetzen baina gure ametsak betetzen. Gure hitzentzako plaza izango den eremu bat behar dugu, esateko asko dugu-eta oraindik!.