SOUNDTRACK
City of god
Zinean musika izaten da askotan narrazioaren lagunik onena, muntaiaren maila berean. Ed Cortés eta Antonio Pinto konposatzaileek (azken hau “Estacion Central Do Brasil”-en musikaren egilea) Ciudade de Deus izeneko favela galduan girotutako filmari jantzirik egokiena josi diote. Soinu banda honetan bossa eta samba badagoen arren (Cartola-ren “Preciso me encontrar” bikaina) eskaintza ez da hor amaitzen; 60ko eta 70ko hamarkadetako funky erritmo biziek tokia hartzen dute, Blaxpotation filmetan bezala, eta haien bitartez pertsonaien bizipenak abiada bizian pasatzen dira ikuslearen aurrean. Bitxia gertatzen da filmean Trip Hop tankerak topatzea (“A transa”) edo break beat azeleratuak (“Morte Zé Pequeño”) baina hauek ere mesede egiten diete dagokien sekuentziei.
THE KILLS
Keep on your mean side
Rock-aren esentzia disko egina. Alison eta Jamie kide bakartzat dituen taldeak atera duen diskoa sublimazio ariketa bat da: Riff-a gorputzak astintzeko elementu nagusia bezala, graduazio altuko sexualitatea ahots eta hasperenetan (The Cramps, Iggy Pop eta abarri hartuak) eta azkenik, garage soinu zitala, ebakitzen duen soinu hori da sublimatzen dutena. Batzuetan Jon Spencerren Boss Hog ekartzen dituzte gogora, Cristina Martinez-en partez PJ Harvey balego bezala (“Superstition” kantuak PJ-ren lehen diskotik hartua dirudi), beste batzuetan (“Fuck the people”) John Lee Hooker eta Bo Didley bezalakoen erritmo lizunak senti daitezke. “Keep on your mean side” diskoa une honetan ezinbestekoa gerta dakigun.
AMA
“s/t“
Ama. Kapikua. Gu sortu gintuena edo gazteleraz maitatzeari jartzen zaion izena. Hitzak ordea bigarren mailan geratzen dira. Ama musika delako. Le Mans eta La Buena Vida-ko kide batzuk sortzen duten musika. Ama. Donostiako pop erritmoetan nabigatzen duen taldea. Izen bereko lehen diskoa kaleratu dute, Jabalina diskoetxearekin, itsaso bare eta epel batean bidaiatzen duen lana, non pop klasikoarekin batera uhin elektroniko eta biolinen doinuek gure ontziko arraunak bogan jartzen dituzten. “Ha nacido una estrella”, “Buenos dias tristeza”, eta zigarro eta kafe baten lurrun usainean aurkitzen diren gainontzeko kantuak.
ARLO
Stab the unstoppable hero
Ben Vaughn-en ekoizpenarekin aurkeztu du Kalifornia aldeko banda honek bere lanik berriena. Energiaz beteriko abestiak eta doinu dibertigarriak. Posea nabarmentzen den garai hauetan, entsegu lokalean gustora aritzen den talde baten lana. Rock and roll-a soilik da baina gustatzen zaigu. Power pop klasikoa eta hard rock pintzeladak diskoa osatzen duten abestietan. Horietatik “Little American” eta “Culture” bezalako kantuek diskoaren nondik norakoak erakusten dizkigute. Izenburuak dio: Labankatu heroi geldiezina. Disko honetan 12 laban topatuko dituzu...