paper jon benito
hurrengoa

napumoceno da silva araujo jaunaren testamentua

germano almeida-itzul/ trans: bego montorio · txalaparta, 2002

Poetaren bati entzunda dakigu, hondoa jo ondoren geratzen zaizkigun gauza apurren inbentarioa egitea dela poesia. Ez gaitu harritzen beraz, Cabo Verdeko egilearen lanaren abiapuntuak. Inoiz aitortzen ez den bigarren (edo hirugarren) bizitza baten kontakizuna da liburu hau. Testamentu bat bezain sinesgarria eta zinezkoa, nahiz eta fikziozko abiapuntua izan. Gauzak ez direla diruditen bezalakoak erakusten digu liburu honek. Ironiaz idazten du bizitzaz, Cabo Verdeko egunerokoaz Germano Almeidak. Egunerokoak bere sekretuak ezkutatzen dizkigula, pertsona guztien atzean akats, bertute eta aitortu gabekoak daudela adieraziz. Testamentutik, Napumoceno da Silva Araujok utzi zituen arrastoetatik birsortzen du irakurleak pertsonaia hau. Francismo Manso zuzendariak egindako liburuaren egokitzapenaren ostean, Europako irakurleriak gozatzen eta estimatzen jakin duen lana dugu honakoa, Txalaparta etxeari esker orain euskaraz irakur daitekeena. Irakurlea, Napumoceno jauna lokatz eta errautsetatik birsortuz Jainkoa Biblian bezala sentituko da, Mindeloko epelean gozo. Ez da negurako aukera txarra.

hurrengoa

zorrotz begiratutako trenak

bohumil hrabal -itzul/trans: fernando rey · alberdania & elkar, 2002

Negu honetan, EIZIEk eta Ibaizabal argitaletxeak kaleratzen zuten Literatur Unibertsala bildumaren aro bat amaitu zen, 100. alea izango zen Shakespeareren “Hamlet”-ek argia ikusi zuenean. Aro bat amaitu zela esan dugu, Literatura Unibertsala bildumak aurrera darraielako, bestelako molde eta aurkezpenaz. Elkarlanean eta Alberdania argitaletxeek hartu dute, aurrerantzean liburuak tratuz eta tentuz landu eta itzultzeko ardura. 101. alea (eta aro berriko lehena) Bohumil Hrabal egile Moraviarrarena da. “Zorrotz begiratutako trenak” izena du liburuak. Paraje hauetan egilea, idazle gisa arrotza den arren, zinerako egin dituen moldaketengatik dira lanak ezagunago. Liburu honen bertsio zinematografikoak Oscar saria irabazi zuen 1967an. Ironia iluna eta gordintasun latza ditu ezaugarri nagusi testuak. Gerrako paisaia suntsitua deskribatzetik hasi eta trenak datozen bezala doazen berba, elkarrizketa eta pasadizoekin osatzen da liburua. Ez dugu Agota Kristofen “Koaderno Handia”ren ondorenetik, hain irri konplize eta latzik egin. Trenei eskaini begirada zorrotz bera eskaini dio egunerokoari. Ez da damutukoa irakurlea, hautaketa egin izanaz.