• 1
  • 2
hurrengoa
FERNADO BERNUES eskenatokian idazten i.b.m.   Fernando Bernuesek eskola-porrota du curriculum distiratsu baten lehen datuetako bat. Akaso, haren kasuan hori zela eta egin zuen topo hain berea egin duen antzerki munduarekin; antzerki-gizaki bat dela dio eta hala behar du, izan ere antzerkia bere osotasunean egiten darama urte anitz. Egun, Tanttaka antzerki taldearen zuzendari, produktore, aita da, eta bere historia eta istorioen berri eman digu. Umeen bitartez, pedagogian arituta ezagutzen duzu antzerkia; zer dela eta hasten zara horretan buru belarri?
Zerk erakarri zintuen horrenbeste?

Gutxinaka hasi nintzen antzerkia ezagutzen, nire inguruan egiten ziren muntaiak ikustera hurbiltzen nintzen, bai eta kanpora joatean bertan egiten ari zirena ikusten hasi nintzen. Ez dakit zehazten zer izan zen denetan erakargarrien suertatu zitzaidana, soilik badakit harengana hurbildu ahala nire ariman astindua sumatu nuela.
Gogoko nuen antzerkia bera, bai eta antzerkia egiteko modua, taldea eta sortze horrek eragin behar zuen plazerra...

Eta kanpoan egotetik, ikusle gisa, barruraino, muineraino sartu zinen, lehendabizi aktore eta ondoren zuzendari zein produktore. Hain erakargarria iruditu zitzaizun taldearen parte izatera pasa zinela: nola bizi izan zenuen hura, barrutik?
Funtzionatzeko benetako lan taldea behar du, erreferentzia pertsonal aberasgarri ezberdinak bildu behar ditu; horretan denetik ikusten duzu, bada zuzendariarentzako edota produktorearentzako soilik lan egiten duena...; hori akats bat da, antzerki taldean ikuskizunarentzako egin behar da lana. Hori ikasi dut, besteak beste, urte guzti hauetan; ikuskizunak dimentsioa lortuko du soilik baldin eta bakoitzak bere lana egiten badu, eta konplizitatea nagusitzen bada taldekideen artean. Eta ideiarekiko ere bai; unibertso kolektibo bat imajinatzen ari gara non denok lan egin behar dugun idei baten esanetara, hitzak, irudiak, eta bestek lagunduta. Bizitzeko modu poetiko bat da, dudarik gabe, eta gero eta gehiago erakartzen nau horrek.

Dena dela, ez da berdin izanen aktore, zuzendari edo produktore ibiltzea; non ikusten duzu zeure burua egokienen?
Gauza guztien gainetik, antzerki-gizakitzat dut nire burua. Aktore izanik oso gertutik, biziki sentitzen dituzu emozio ugari. Eta polita da. Zuzendariak, aldiz, sortzen ari den horri koherentzia eman behar dio; ideia baten arima azaltzen jakin behar du. Lehenik eta behin taldekideei azaltzen, eta hori oso polita da. Baina, produktorearena ere sormen handiko lana da; Nik askotan, testu bat irakurtzen ari naizela, izugarri gustatuta ere, badakit hura zuzentzea ez dagola nire esku; hortaz, produktore bilakatzen naiz eta idei hori behar bezala garatzeko beharrezkoak diren kodigoak dituen zuzendari batengana jotzen dut. Eta izugarri gustatzen zait zuzentzea, baina horren guztiaren gainetik dago ikuskizunaren pertzepzio globala, azken emaitza borobila.

Zure kasuan agerikoa da produzitzera behartzen zaituela pasio horrek, eta ez zaituela inondik inora itsutzen, agerikoa baita burutatu orok jasotzen duela txalo zaparrada.
Izaera kontua izanen da. Behin ideia bat izanik, astintzen nauen zer edozer irakurtzen dudanean, ezinbestekoa da, hortxe sentitzen dut hura eskenatokian idazteko beharra; beharra da sentitzen dudana, eta, bai, hala da, egin dadila nik neuk egin behar badut produzitu, aurrera, amets hura errealitate bilakatu arte, idei hura gauzatu arte.

Tanttakak izan du funtzionatzeko modu hori. Zu ardatz. Baina, nola dabil, orohar, antzerkia Euskal Herrian?
Badira 25 urte hemen antzerkia egiten dela, eta hori, sumatzen da; aktore onak daude, zuzendari, eszenografo onak; egiten diren muntaiek ongi funtzionatzen dute merkatuan, baita estatu mailan, eta honezkero euskal antzerkia oso estimatua da hemendik kanpo.
Baina, Euskal Herrian arrakastaz hiltzen da. Arrakasta gehien dagoen unetan agertzen da azpiegitura faltaren mamua eta, hortxe, bertan behera gelditzen da hain ongi abiatutako bidea. Behar da dagoen potentzial on hori kudeatuko duen estruktura eratzea, produkzioko markoa gauzatu. Batera, formakuntza, eskola sustatu eta bermatu beharra dago, hala nola, ekoizpen plataforma publikoak bultzatu. Argitu beharra dago zer den nahi eta behar duguna, eta horren arabera plana zehaztu; orain arte hemen bakoitzak eraiki izan du bere etxea, nahi bezala, non nahi; eta ondoren, ikusi dute hirigintza planaren beharra, behin arazoak agertzen hasi direla... Hori ez da ordena. Artikulatu beharra dago, sortu behar dugu ekoizpena, formakuntza, legedia, horiek guztiak bere barne hartuko dituen testuingurua. Eta hori egiten ez den bitartean, oker ibiliko gara.

Tanttakak 20 urte beteko ditu hilabete batzuk barru, Fernandok zenbait gehiago, eta bitartean lan eta lan dabiltza “Mi suicidio” muntaia prestatzen; eta gu honen esperoan.