hurrengoa
dead prez kale iraultzarako soinu banda    Stic.man eta M-1 izeneko bi musikarik osatzen dute Dead Prez. 1990. urtean, M-1k FAMU (Florida Agricultural and Mechanical University) izena eman eta bertan ezagutu zuen Stic.man. Berehala egin ziren adiskide. M-1ek bertan Pantera Beltzen mugimendua ezagutu eta buru belarri sartu zen taldean. Ikasketak utzi eta militantzia garai bati ekin zion ondorengo 3 urteetan. Stic.man-ek unibertsitatean nekazaritza ingeniaritza ikasten jarraitu zuen eta kalean izandako hainbat istiluei esker lege eta zuzenbide lezioak ere ikasi zituen. M-1-ek nahiko erreta amaitu zuen 3 urteko militantzia itsuarekin eta Stic.man lagunarekin kontaktuan jarri eta proposamen bat egin zion: Biek hainbeste maite zuten musika eta militantzia politiko-soziala uztartuko zuen proiektu bat martxan jartzea. Horrela jaio zen Dead Prez.
Musika estiloari dagokionez, hip hop gordina eta underground kutsukoa egiten dute. Euren hitzetan arrazismoa, kritika soziala, gobernuaren itxurakeria, komunikabideen manipulazioa eta hip hop munduaren arinkeria izaten dira protagonista. Hitzei dagokionez, Malcom X eta Pantera Beltzen biloba makarrak dira. Musikalki Public Enemy-ren semeak, nahiz eta euren moldaketak bereziak eta originalak izan, ziurrenik beste musikari batzuekin elkarlanean aritzen direlako etengabe.
Lehendabiziko lan luzea Let's Get Free (2000) izan zen. David Chapelle-k bere telebista saiorako sintonia gisa erabili zuen "Hip Hop" kantuak sekulako arrakasta izan zuen. 2001. urtean The Coup taldearekin elkarlanean Get Up kaleratu zuten. Urtebetera Turn Off The Radio Volume 1 diskoa egin zuten eta segidan Get Free Or Die Tryin Mixtape Volume 2. 2004. urtean Revolutionary But Gangsta polemikoa atera zen. Diskoaren izenburuak dioen moduan, iraultzaile izateari utzi gabe ordura arte kritikatu zuten gansta kutsuari heldu zioten. Denboraldi batean ez zuten lan berririk atera, Outlawz taldearekin elkarlanean Can't Sell Dope Forever (2006) grabatu zuten arte. Eta orain, inguruko artistekin kolaborazioak egitea atsegin dutela frogatu dute beste behin. Green Lantern DJ-arekin elkarlanean, Pulse Of The People" Turn Off The Volumen Vol 3 kaleratuko dute. Aurrerapen bat entzun ahal izan dugu sarean, eta euren izenak dioenaren aurka, guk ez dugu zalantzarik, euren sorkuntza ahalmenak heriotzatik guztiz aldendurik jarrairtzen du.