hurrengoa
iván zulueta, irudi banpiroa koldo almandoz   I  iván zulueta Iván Zuluetaren lan grafikoari eskaini zaion erakusketak merezi du. Eta erakusketaren katalogo-liburu ikusgarrian elkarrizketa sekuentziatu baten testigu izateaz gain bere etxeko hauts edredoitik berreskuratutako zirriborroak, argazkiak, komikiak, pelikuletako afitxak eta pintzelada inprobisatuak topatuko ditugu. Aurrerantzean gainera, Zuluetaren filmografia bideoan ikusteko aukera ere izango da KM kulturunean. (Koldo Mitxelena Kulturunean 02/09/17tik 02/10/31rarte). Hipermerkatuan, "guztiak 2 eurotan" jartzen zuen kartel baten azpiko kaxa metaliko haundi batean topatu nuen, Jackie Chanen pelikula zaharren artean. "Un dos tres al escondite inglés". 1969an Iván Zuluetak filmatu zuen dibertimendu psico-popdelicoa. Eta Zinemaldian "Arrebato" ikusi nueneko gau hura etorri zitzaidan burura. Zinetik atera eta pelikula gustatu zitzaidan ala ez erabakitzea kostatu zitzaidan. Gutxitan izaten dut sentsazio hori. Egun, nire kuttunetakoa den David Lynch-en "Blue Velvet" (Terciopelo Azul) ikusi nuenean gauza bera sentitu nuen.
Iván Zulueta, zinearekin (eta beste hainbat gauzekin) jolastu zitekeen garaietako azken kamikazea da. Egun gertatzen ez den bezala, zinea, jolaserako eta arriskurako tresna gisa erabili izana eskertu behar zaio. Zulueta irudi manipulatzailea da. Irudiak jaso eta bere egiten ditu. Banpirizatu. Batzuetan zeluloide banpirizazio horren emaitza trebea eta interesgarria da. Beste batzuetan ez hainbeste. Jolas guztietan dago gozatzeko edo aspertzeko aukera. Iván Zulueta, kultuzko egilea bihurtu da. Bere biografiak markatu du bere obra. Eta bedeinkapen /maldizio horri ezingo dio ihesik egin Nosferatu moderno honek.