hurrengoa
Marie-Leontine Tsibinda, Afrikako poeta bat kirmen uribe   Marie-Leontine Tsibinda Kongo-Brazzavillen jaio zen 1955an. Bost poema liburu idatzi ditu. Tsibindaren herrialde berekoa zen Sony Labou Tansi, belaunaldi bat lehenago Afrika frankofonoko literatura goitik behera aldatu zuen idazlea. 1979an argitara eman zuen “La vie et demie” nobela modernitatearen hasiera da askorekiko. Marie-Léontine Tsibinda, Werewere Liking, Ananda Levi, Véronique Tadjo eta Tanella Boni izan dira emakumearen ikuspegia lantzen aitzindariak. Banakoa eta gizartearen arteko gatazkak ageri dira haien poemetan: erbestea, gorputzari loturiko arazoak, errito zaharrak, derrigorrezko ezkontza eta amatasuna... Lurretik jaso duten ahozko tradizioa eskerga eta mendebaldeko kulturaren eragina bateratu nahia. AMA
Badakizu ama
oraindik ere amets egiten dut zurekin
oraindik ere zurekin amets
nola opor handietan
oinez egin dugun elkarrekin
elkarrekin errepidean
errepide harritsu eta bihurgune makurretan zehar
bihurgune makurretan zehar, elkarrekin
ez geunden bakarrik
badakizu ama isiltasunak
bidelagun zuhurrak
errezel misteriotsu batekin estaltzen gintuen
zure urratsek, emakume txiki batenak,
izar uxo baten pentsarazten zidaten
izar uxoa, aurora
Girardeko zeru izarratuan
oinez egiten zenuen eta ni zure itzal fidela
itzal fidela, zure atzetik
zure atzetik eta zurekin egotearren pozik...

NEGAR BATEAN EMAKUMEA
Gelan nago bakarrik
eguzkia txorien kantua.

Badatoz azterketak, ez dakit zer egin, zer esan.

Hala ere, ondo baino hobeto dakit lan egin behar dudala.
Tamalez, ahaleginaren haizeak ez ditu nire belak hanpatzen!

Poza eta tristura
hain daude nigan batuak ze ezin ditut banandu.
Orduan leihoaren barrote artetik, kalea datorkit
gizonak, umeak, bizikletak
pasantean, korrika, ziztuan.

Badatoz azterketak, ez dakit zer egin, zer esan.
Aguakateondoaren hosto berdeek diztira egiten dute maiatzeko eguzkiaz.
Bat-batean oihu batek urratu du haizea, emakume bat.
Haren adats, bular eta besoak haizeari erreguka ari dira
bi gizon grisek daramate, isilik.

Negar egiten du: “bandeko; bebe a boyi n´gai o
natikali n´gai moko o o, nasala nini oo”

Emakumearen ahotsa itzali egin da apartean
harentzat maiatzeko eguzkia dutxa hotza da.

Atx! Arantza bat sartu zait bihotzean!
emakume harekin bat egin du nire arimak.

Tristura pozari gailendu zaio.
Badatoz azterketak, ez dakit zer egin, zer esan.
Negar batean emakumea.

MAMUEN EGUNSENTIA
Egunsentia sorginkerietatik
libratu orduko
jo du
hil-ezkilak.

Oinotsak, garrasiak, bozak
entzuten dira
egunsentia
euriak zauritua
triste zabaldu da.

Lapurra! Lapurra!
geldi hor geldi hor
amuek ez al dute
dagoeneko balio?

balak txistuka
makilak joka
arnasestuka
gizona odolustutzen
gupidagabe
egurra

-Komisario jauna
gizon bat hilzorian dago (eguzkia
ateratzen ari den bitartean...
Ordu berean hil behar al dugu denok?)

-Zer nahi duzu nik egitea?

-No... la?

-Auzo-lapurra ez da pertsona.
Zoaz lasai lotara. Lapur bat gutxiago, zer du txarrik horrek?
Autoak ez dabiltza. Ez dago fuelik...

-Erizainok, begira...

-Ospitalean botika faltan gabiltza. Ni ez noa inora.
Beranduegi da...

Euliek hasi dute gaubeila.