hurrengoa
nola demontre irakurtzen dira mangak? txo!?   Aspalditik hasi dira gurera komiki japoniarrak heltzen. Telebistan dragoi bola irentsi genuen belaunaldia jada ez gara horren ume, eta mangak gero eta ezagunagoak dira jendartean. Japonen erlazio zuzena dago marrazki bizidun eta komikien artean, asko eta asko lehenengo komiki eta geroxeago marrazki bizidunak izanak baitira. Haatik, komikiek marrazki bizidunek ez duten oztopo bat aurkezten dute bere inportazio prozesuan, japoniarrek eskuinetik ezkerrera irakurtzen baitituzte komikiak; eta gu ez. Hasiera batean arazo honek ez zuen irakurleengan oztoporik suposatzen, komiki japoniarrak gurera ezkerretik eskuinera irakurtzeko prest heltzen ziren, eta ez zen inongo arazorik aurreikusten. Geroxeago berriz komikiak bere jatorrizko eran hasi ziren argitaratzen eta orduan galdera sortu zen... baino orain arte ezkerretik eskuinera irakurtzen bagenituen, eta berez eskuinetik ezkerrera sortuak badira, nola demontre ematen zaio buelta honi?
Erantzuna erraza da, komikiak islatuak ematen ziren argitara. Orrialdeari aurrez aurre ispilu bat jarriko baliote bezala ispiluan irakurri ahal izateko. Horrela hartzen zuen mendebaldean ohikoa den norabidea. Modu honek, alta, ez ditu marrazkilariak oso pozik uzten. Askok barre egin dugu txikitan marrazkia egina genuen paperari buelta eman eta argiaren kontra begiratzerakoan marrazkia deformatua ematen zuenean. Ordurarte, proportzionatua eta nahiko simetrikoa ematen zuen aurpegi baten marrazkiak, adibidez, izugarrizko desitxuraketa pairatzen zuen. Hau dela eta marrazkilari japoniar askok beraien marrazkiak jatorrizko norabidean argitara eman daitezen eskatzen dute, marrazkiak deformatuak daudela eman ez dezan.
Orain mendebaldeko irakurleok komikiak eskuinetik ezkerrera irakurtzen hasi gara. Eta egia esan, orrialde batzuk irakurri ondoren honek ez du inongo arazorik suposatzen, nahiko azkar harrapatzen baita erronka txiki hau. Beraz, irakurketaren norabidearen erlatibotasuna agerian uzten da, beste norabide askorena bezala.

blood: azkeneko banpiroa
Beste hau, tomo bakarrekoa, berekoa duten japoniarren norabidean dugu ere. Hainbat pelikula eta merkatu aferetan islatutako Blood pertsonaiaren errebisio definitiboa bezala etortzen zaigu. Ez zenuela ezagutzen? Ezta ni ere, baino ezagutu beharrik ez da komiki honetaz gozatzeko. Banpiroen mitoari beste ikuspuntu bat gehitzen dio, genetika berriekin nahastuz, eta gaur egungo kulturan kokatuz, sexu dosi txikiarekin eta saihestu ezin daitekeen bortizkeriaz lagundua. Azkenean, haatik, komiki japoniar askoetan bezala pertsonaiaren identitateak eta nondik norakoek hartzen dute garrantzia.

nausicaa del valle del viento
Gaur egun eskuinetik ezkerrera irakurri ahal izateko argitaratuak ditugun komikien artean hauxe da gure arreta gehien merezi duen komikietariko bat, nahiko luzea bera, sei tomoetan banatuak dauden 1.200 orrialde baititu. Europan nahiko entzuna izaten hasia den Hayao Miyazaki marrazkilari eta animatzaileak idatzi eta marraztuta dago (Chihiroren Bidaia "Spirited away" egile honetako azkeneko pelikulak Berlineko Hartza jaso du berriki eta Donostiako Zinemaldian izan zen ikusgai). Hemen, erabat osatua dagoen unibertsoa aurkezten zaigu non fikziozko herrialde, kultura, arraza, natura eta fauna anitza islatzen dira, izaera ekologiko nabarmen batek lagundua. Batzuetan, Miyazaki marrazkilari honek "Heidi" marrazki bizidunetako egiletariko bat izan zela gogora ekarriko dizu lan honek. Baietz, hala ere, egunotan telebistatik aldendu eta seigarren tomoa bukatutakoan zazpigarrena egin ez izana penatuko zaituela!