|
Jatorriz,
Krakena Eskandinaviako mitologiako irudi bat da. Tamaina ikaragarriko
animalia da, itsas gainean oso gutxitan ikus daitekeena. Eta noizbait
agertu bada ere, gorputzaren zati bat baino ez zaio ikusi, bi kilometro
luze izatera ere irits daiteke eta.
Tentakuludun
piztia izuaren irudi bihurtu zen eskandinaviarren artean.
gerrarako itsasontzi handienari hel diezaioke, eta eskifaia osoa
berarekin urpera eraman zioten eskuizkribu zaharrek. Dokumentu
horietan irakur zitekeen Krakenak denbora luzea ematen zuela elikatzen,
hilabeteak. Gero, atseden hartzen zuen, eta digestioa egiten hasi.
Bere gorotzen usain gozora milaka eta milaka arrain hurbiltzen ziren.
Atsedenalditik esnatzean, Krakena arrainez inguratua egoten zen,
eta berriro jaten hasteko moduan izaten zen.
Norvegiako eta Finlandiako marinelak Krakenaren beldur bizi ziren;
batzuetan txibia erraldoi baten itxura ematen zioten; beste batzuetan,
olagarro itxura. Edozelan ere, erasoan margotzen zuten beti, itsasontziak
hondoratu nahian.
Beste hainbat kasutan bezala, kondairaren bihotzean benetako animalia
bat dago. Hondartzetan txibi erraldoien gorpuak azaltzen hasi zirenean,
naturalistek jakin zuten itsasoan tamaina handiko animalia bat bizi
zela. 1856. urtean Johannes Japetus Smith Steenstrupek izen generikoa
eman zien erraldoiei: Architeuthis. Bataio horretarako, zoologo
daniarrak 11,5 zentimetroko txibi-mokoa erakutsi behar izan zuen.
Horrela, piztia mitologikoa zientzia-gai bihurtu zen.
Txibi erraldoiak, tamaina handiko harraparien oinarrizko elikagaia
direla uste da, batez ere kaxaloteena. Izan ere, kaxaloteen azalean
behin baino gehiagotan aurkitu dira txibien bentosen arrastoak.
Kostaldean ere agertzen dira; hilda gehienetan, eta hilzorian batzuetan.
Orain arte ez da txibi erraldoi bakar bat bizirik ikusi edo harrapatu,
horregatik, beren biologiaz edo fisiologiaz ezer gutxi daki zientziak.
Uste denez, txibi erraldoiek gaitasun gutxi dute oxigenoa garraiatzeko.
Horregatik, tenperatura altuko eta oxigeno gutxiko uretan sartzen
direnean, ito egiten dira. Terranova, Britainia Handia eta Eskandinaviako
uretan sarri samar biltzen dira bi ezaugarri horiek.
Beraz, zientzialariek dakiten apurra hildakoetatik ateratakoa da.
Diotenez, jaiotzerakoan txibi erraldoiek hiru milimetro neur ditzakete,
eta baliteke haztean 20 metrora ere iristea. Horrek esan nahiko
luke tona bateko pisua hartzera irits daitezkeela. Barne-belarrietako
otolitoetako hazkunde-bandak ikertuta jakin denez, ehun kiloko Kraken
batek bi urte izan ditzake. Hortaz, hazkunde-tasa altuena duen itsas-animalia
da. Bi milioi arrautza jartzeko gai dela eta, pentsa daiteke espezie
oportunista dela. Galderak, hala ere, ezagutzen dena baino gehiago
dira: zertarako behar dituzte hain begi handiak bizidunen
artean dauden handienak argirik ez dagoen tokietan? Nola ehizatzen
dute? Nola egiten dute kideak aurkitzeko? Noiz ugaltzen dira? Nola
ugaltzen dira? Non jartzen dituzte arrautzak? Nola erabiltzen dituzte
tentakuluetako bentosak? Zenbat mugitzen dira?
Mitologiak
erantzungo luke galdera horiei guztiei, baina mitologia ez da zientzia.
|