|
EEBBko ikastetxe batean
"Coca Cola" edari-markaren kamiseta bat jantzita zeraman
ikasle bat bertatik kanporatu zuten, ikastetxearen arauen aurka
jotzearen aitzakiaz. Sinesgaitza? Hona azalpena: egun hartan, ikastetxean,
"Pepsi Eguna" ospatzen zuten.
Publizitateak
dena inguratzen du. Telebistako programak, irakurtzen ditugun aldizkariak,
ikusten ditugun pelikulak, musika festibalak, janzten dugun arropa...
dena dago sponsorizatua. Marka, produktu bat besteengandik desberdintzeko
izendapena izatetik kultu objektu gisa nagusitzen doa abiadura bizian.
Edozein gauza izan daiteke publizitatearen euskarri, edonora heltzen
dira publizitate kanpaina handiak... mugarik ez dago? "Pepsi
Eguna"-ren adibidea egia izateaz gain, joera bat markatzen
du, Estatu Batuetan bizi duten egoera hain zuzen. Bertako hainbat
erakundek eskolak publizitate iragarkiengandik babesteko kanpaina
jarri dute abian, mugaren bat egon behar duelakoan. Puntu horretara
heldu badira han ez da zaila imajinatzea zer tokatuko zaigun hemendik
gutxira.
Publizitateak,
dagoeneko, ez ditu produktuak saltzen, bizitza estiloak baizik.
Bizitza ereduak, gorputz ereduak, sexu ereduak... eta horretarako,
bere helburuak betetzeko, merkatuteknia eta marketinaren arma guztiak
erabiltzen ditu. Publizitatea, sormen prozesu den heinean, ideiez
dago josita, eta publizitatearen munduak sortzaile, artista, diseinatzaile
eta argazkilari hoberenetarikoen sormen ahalmenaz baliatzen da bere
helburuak aurrera eramateko.
Mundu
mailan publizitatean dihardutenen sormen eta komunikazio ahalmena
bilduz gero izugarrizko potentzialaren aurrean aurkituko ginateke.
Horretaz konturatu ziren publizitatearen mundu horretan sartuta
zeuden hainbat sortzailek eta euren lana eta kreatibitatea beste
helburu batzuen mesedera jartzea erabaki zuten. The media Foundation
kontzientziak astindu nahi ditu, publizitate kanpainengandik babesteko
bitartekoak sortu eta barreiatu. Bertako kide batzuk agente bikoitzen
papera betetzen dute, egunez publizitate agentzia handietan lan
egiten eta gauez euren bezero diren marka handien kanpainen aurkako
kontrapublizitatea garatzen, marka handiek bezainbesteko baliabide
ekonomikorik gabe baina sormen ahalmen eta irudimen handiarekin.
Kanadako
The Media Foundation, adbusters (www.adbusters.org) aldizkariaren
bitartez munduko multinazional handienen kanpainen mezuei buelta
ematen diete euren formula estetiko eta grafiko berdintsuak erabiliz.
Euren aktibitatea Internet bitartez garatzen dute nagusiki, baina
haien esanetan «Interneten eragina txikia da oraindik, iritzi publikoan
eragin nahi baduzu telebista erabili behar duzu, ezinezkoa da gizartea
aldatzea masa komunikabideetan ohiartzunik eduki gabe».
Asko
eta asko dira publizitatearen ejerzitotik desertatu eta kontrapublizitatearen
gudarostea antolatzen hasiak direnak, hasiera besterik ez da, badator
kontraerasoa.
|