
Sofa basatiak ez dira basati jaio. Denborak egin ditu basati. Sofak
gizakien aldamenean sortzen (eta hiltzen) dira. Ez dago beraientzako
transzendentziarik. Gizatiarra dute patua. Beroaldietan, gizakiek
larrua jotzen dute, sofa gainean baino, sofaren kontra kasik; lo
kuluxka tenorean berriz, informazio katodikoa irensten dute sofan
etzanda; iluntzean zerbezak edaten (hobe lagunekin bada) eta, bien
bitartean, abstinentzia sindromea duten junkiek edozein lekutan
bilatuko dute desesperazioa arintzen lagunduko dien zerbait, sofetan
ere, noski. William S. Burroughs-ek Junky eleberrian idatzita utzi
zuen: “Egongelara joan nintzen eta sofa errebisatu nuen. Eskua
sartu nuen zirrikituetan, bizkarraldearen eta eserlekuaren artean.
Orrazi bat, klarion zati bat, arkatz hautsi bat, hamar zentaboko
txanpon bat, bosteko beste bat. Zorabiatu ninduen min handia sentitu
nuen, eta eskua atera nuen. Atzamarreko ebaki sakonari odola zerion.
Bizar-xafla bat, zalantzarik gabe”. Zorterik ez junkiarentzat.
Baina ezustekoen kutxa izateaz gain, gizakiaren lagunik onena ere
bada sofa bestondo igandetan.
Eta heltzen da eguna, zeinean lumak ateratzen diren; zeinean apar
sintetikoa agerian gelditzen den; zeinean sofa barruan hondoratzen
garen sofak berak irentsita; zeinean larrua jotzean Delicatessen-eko
patioan baino zarata handiagoa ateratzen den; zeinean sofaren behealdean
mukiak pilatzen diren estalaktiten gisara (sofa eta butaken dekadentzia,
jabeen dekadentziarekin lotuta dago usu).
Orduan, jabeak erabakitzen du sofak aske izan behar duela, eta hiriko
bazter batera erbesteratzen du. Eta hiriko oihan bazterretan kamioneta
zuridun ehiztarien harrapakin bihurtzen dira sofak, suaren harrapakinak,
haur eta nerabeen harrapakin (txaboletako altzari ere noizbehinka)…
Basapiztiak dira orain, eta behingoz euria sentitu dute aurpegian
eta elur hotzak busti ditu. David Atemborough ordea, ez da inoiz
hiri-oihaneko espezie basati horiei buruz mintzatu, eta gure etxeko
sofa berrian erdi lo gaudela dokumental hori ikusi nahiko genuke