• 1
  • 2
hurrengoa
FERMIN MUGURUZA, In-komunikazioa: garratza, zuria eta beltza aritz sound system   I  galder izagirre Fermin Muguruzak disko berria kaleratu du: In-komunikazioa. Barne gogoeta baten ondorioz datorkigun lan berri honetan, inoiz baino kolaboratzaile gehiago izan ditu Muguruzak. Inkomunikazioari buruzko hausnarketa egiten du oinarrian, bikotea funtsezko elementu modura eta hortik kalera, gizartera. Disko-azalaren argazkia Galder Izagirrerena da. Baina azken irudi horretara heltzeko, hona hemen egin behar izan zuen bidea.
Abian jarri duzun proiektu berrian hainbat musikarien kolaborazioa izan duzu. Ez da erreza izango musika estilo ezberdinetatik datorren jendea elkartzea?
Ez, eta gainera kontutan izan behar da beraien artean ez dutela elkar ezagutzen. Sentsibilitate desberdineko jendea elkartzea gustatu izan zait beti eta kultura desberdinetatik etorritako jendearen artean gauzak sortu. Gorka Benítez adibidez bilbotarra da baina New York-era joan zen ikastera eta orain artean jazz munduan murgildua egon da. Kolaborazioa proposatu genionean berehala eman zuen baiezkoa. Jazz mundutik irten eta jazza beste musikekin nahasteko gogo haundiak zituen.

"In-komunikazioa" jarri diozu izenburua diskari. Zer da komunikatu nahi duzuna. Zer ikusirik dauka "In" hitza , barruko komunikazioarekin, etxe barrukoarekin agian?
Gauza asko daude hor. Dena elkarrekin jartzen baduzu inkomunikazioa da baina gidoiarekin komunikazioa in-komunikazioan bihurtzen da. Mikel Laboak Lekeitio 5.ean erabiltzen zuen. Kantuaren bukaeran Tapiak trikiarekin soloa egiten zuen eta orain ere bai. Horrelako keinuak ere baditu diskoak. Bertako musikari edota kanpokoari. Sanplerrak direla, scratch-ak direla Xabier Amuriza edota Mike Dread-enak e.a. Horrek ere badu bere xarma. Inkomunikazioari buruzko hausnarketa egiten dut oinarrian, emisore eta hartzailearen artekoa lehenik eta behin. Bikotea funtsezko elementu modura eta hortik kalera, gizartera, Euskal herrira edota mundura zabaltzen da. Interpretazio asko egin daitezke.

Aurreko diskoak kritika asko jaso zituen, onak batzuk eta ez hain onak besteak baina argi dagoena Fermin Muguruzak egiten duena harretaz aztertzen dela. Disko berriko azalak zer esana emango du eta guk dagoeneko oportunista bat zarela dioen jendea entzun dugu, azala trato txarren ingurukoa dela eta gaur egun gaia komunikabideetan dagoenez horregaitik sartu duzula.
Harrigarria da jendearen interpretazioak nolakoak izan daitezken, azala landu dugonoi ez baizaigu ezta burutik ere pasa horrelako irakurketarik. Argi dagoena da ezaguna zaren heinean alde eta kontrako jendea izango duzula. Hogei urte daramatzat musika munduan eta oso argi daukat zein den jarraitu behar dudan bidea, nire jokabidea beti independientea izan baita, nik neuk markatutakoa, orduan edozein gauza egiten dudala beti egongo da kritikatuko nauena, kontzertu baterako deitzen banaute eta erabakitzen badut ez joatea edo ezin badut joan, kabroi bat naiz eta joaten ba naiz protagonismoa bilatzen ari naizelako da. Detraktore edo gibeljaleentzat edozein aukera hartuta gaizki egina izango da, beraz neuri buruari zera esaten diot: zaunka ari dira, beraz, zamalkatzen gara. Disko berriko portadak ez ditu diskoaren salmentak igoko eta leku askotan ez dute eskaparatean jarriko. Azken finean hau proposamen artistikoa da. Bakoitzak har dezala eta interpreta dezala nahi duen modura. Irudiko lagunak bezala kantuak biluztea gustatzen zait eta gauzak bere gordintasunean kantatzen ditut. Oso nortasun haundia behar duzu etengabeko presioa jasan ahal izateko. Ezin duzu toaila bota. Bultzatzen nauen jende piloa dago zorionez.

Eta estetikari dagokionez? Aurreko diskoetan kolore biziak eta orain zuria eta beltza nagusi.
Hori da. Aurreko diskoekin alderatuta kontzeptua edo ideia aldatu da. Aurrekoetan kolore asko eta musika bizia zen. Orain berriz doinuak garratzagoak dira eta kolorea ere zuria eta beltza erabili dugu.