hurrengoa
graffiti: pintura paretan txo!?   I  txo!? Atarrabia, larunbata, goizeko 11ak, graffiti idazle hainbat hasi dira biltzen Frutalen pasealekuan. Lurrean motxila eta pintura bote anitz; zuria zegoen paretan hasi dira lehenengo trazuak ikusten. Zertan datzan ezin ikusi, ezin asmatu, oraindik asko falta baitzaie forma hartzeko eta izanen duten itxuratik urrun daude. Momentuz. DVC graffiti idazle talde gazteak graffiti eta hip hoparen inguruko eguna antolatu dute bigarren urtez. Orain graffiti erakustaldia, eta geroxeago, gauean, breakdance dantzaldia eta hip hop talde pare baten kontzertua: El Meswy eta El Chojin. Askotan, gehienetan akaso, graffitia eta hip hopa eskutik aurkitzen ditugu, historia komuna izan dute baina ez dute zertan elkarrekin egon behar. Kontatzen digutenaren arabera, graffitiak bere historia eta bilakaera izan du eta pintatzen dabilen jendea ez du zertan raperoa izan behar.
Erakustaldia, hala ere, ez da graffiti idazleek gehien maite dituzten egun horietako bat. Kaleetan barna egindako azkeneko "piezen" argazkiak erakusten dizkiete batzuk besteei eta orduan lasaiago ei dabiltza pintatzen. Erakustaldiak ez omen dira haiek berezkoa duten giroa; gau eta kale arruntetako paretak dira ohizko eta erosoengarrienak haientzako, gezurra badirudi ere. Hementxe jende gehiegi omen dago begira.
Erakustaldietan, normalean elkarrekin pintatzen dabilen jendea, taldeak, biltzen dira, talde ezberdinek beraien pareta zatitxoa hartzen dute eta batzuk besteen graffitiak lotzen dituzte. Azkenik argi geratzen da zein graffiti biltzen den zeinekin eta nondik nora margotu duen talde batek edo besteak, kromatikoki zein estiloagatik ere ezberdinduz. Gaurko honetan talde guztien artean bi agertzen dira: batzuk txuri eta gorriekin dabiltza oraingoan, estilo anitzak erabiliz, eta beste taldeak berde eta beltzetan, konpaktoago wildstyle zein estilo klasikoan arituz.
Biek fin.
Gaur, hementxe, botako dute beraien sorkunde guztia paretaren baitan. Bihar edozein kaletako paretan aurkitu ahal izango ditugu, edozein aldizkariko orrialdetan.