hurrengoa
oihu, barre eta garrasi guzti horien atzean gizon bat zegoen: REBOR.    Donostia Kulturako bulegoa. José Luis Rebordinosek mahai gainean dituen post-it-ak ikustea besterik ez dago bulego honetan lan egiten dela konturatzeko. Paperak eta bideo zintak nonnahi... Ez dizkizut galdera gehiegi egingo... Inporta zaizu grabatzea?
Lasai. Jarri katxarroa martxan eta gero egin nahi duzuna...

13.
Bai, ospakizun edizio bat eta atzera begira jarrita bertigoa ematen duen zenbakia. 13. Zinemaldi honek, antolaketa lanetan denbora gehiegi daramagula ere erakusten digu. Errelebo batetan pentsatzen hasteko garaia dela...

Ba erreleboa hartzen duenak ez du lan xamurra izango...
Hori izaten da arazorik haundienetakoa. Hala ere, eta gauza guztietan bezalaxe, odol berria beharrezkoa da. Beldurrezko asteak, baita Nosferatuk ere... gauza guztiek dute iraungite data. Baita ekimen hauek ere.

Ia, baina gozada bat da horrelako ekimenak izatea...
Justu horrexegatik. Nik beldurra diot egunen batean ez ote dioten gozada bat izateari utziko... Hala ere, badakit ez dela erraza erreleboaren kontua... Beldurrezko astea zinemaldi indartsu bat da eta izaera berezi bat du...

Eta izaera horrexegatik gustatzen zaigu hainbeste...
Beldurrezko astea eremu libre bat da. Eta igoal, alde guztietatik hainbeste ukatzen zaigun askatasun hori da gure arrakastarik handiena. Beldurrezko astean Antzoki Zaharra lurralde askea da. Bertan ez dago debekurik. Beno bai, ezin da aretoan erre, baina hori pantaila izorratzen delako da. Bestela bakoitzak nahi duena egin dezake. Eta guk ere askatasun osoz programatzen ditugu pelikulak. Ez pentsa, batzuetan beldurra pasatzen dugu. Ezin dugu hor barruan gertatzen dena kontrolatu. Eta hori erantzunkizun bat ere bada. Baina talde munizipala beti gurekin egon da zentzu horretan. Nire ustez askatasun horrek bereizten du beldurrezko astea beste zinemaldietatik.

Ikuslego fidel fidela etortzen da urtero...
Proposamen heterodoxoa delako. Aniztasuna bilatzen dugu. Ez dugu guri bakarrik gustatzen zaiguna jartzen. Eta gurera hurbiltzen denak badaki "El monje loco" porno mexikarra edo Murnauren "Faust" ikusi ahal izango dituela. Beldurrezko astea, ikusleentzat eginiko zinemaldi bat da.

Fantasia bat?
Igoal ez didazu sinistuko baina beldurrezko astea eta Nosferatu desagertzea, baina atzetik beste zerbait etortzea. Beste jende batek egina...

Benga... horretaz hitzegin dugu. Eta oraindik gozada bat direla erabaki dugu...
Kar kar kar... Orduan John Carpenter ekartzea... edota duela urte batzuk hemen izan ziren Peter Jackson eta bere emaztea berriro etortzea. Beldurrezko astera etorri den hainbat jende berriro ikusi eta eurekin afaltzea.

Ez da fantasia eroegia...
Ez. Zinemaldi batetan lan egiteak zure mitoak akatzeko balio izaten du. Miresten dituzun zuzendari edo aktoreak ezagutzen dituzunean, askotan pertsona gorrotagarriak direla konturatzen zara. Eta bestetik batere gustatzen ez zaizun pelikula horren egilea oso tipo atsegina dela jabetzeko ere balio du.

Eta zeri diozu beldurra?
Ba bi ametsgaizto izaten ditut. Lehena, Donostia Kulturan dugun talde txikiarekin Beldurrezko astera ekartzen dugun jende guztiaz ongi ez arduratzea. Bestea, oraingoz inoiz gertatu ez dena, ba garai basati hauetan gertatu behar ez den zerbait gertatzea... adibidez eta orain grazia egiten du baina iaz...

Itxoin, grabagailua itzaliko dut.

Grabagailua eten eta hizketan jarraitu dugu. Laburmetraiak, egoera politikoa, porno izar frantsesak... solaskide atsegina da Rebor. Iazko kontua? Ba beno, kalamar erraldoi bat, alkohola eta anbulantzia bat izan ziren protagonista...