audio I jon arga & asier leoz
hurrengoa

MARK EITZEL

Music for courage and confidence

American Music Club taldean edota bakarka, Mark Eitzel beti "songwriter" edo (kantatutore) bezala kontsideratua izan da. Diskografia mardula du bere atzean baina gaurkoan beste musikagile batzuk idatziriko kantuak errebisatzen ditu. Bere eremura ekartzen ditu aipatu kantuak, 10 kantu aukeratu eta bere azken bi diskoen arteko zubi gisa erabili. “60 Watt Silver Lining” diskoa eta “Caught In A Trap ...” artekoa. Izan ere disko honek argia 2002. honetan ikusten badu ere, 1998an grabatu zuen Eitzel jaunak. Estilo aldetik “60 watt...” disko jazzya eta oraino bere kantuez osatua dagoen azkena (“The Invisible Man”) lotzen dituela esango nuke hala ere. Alde batetik, zenbait kantuk berez duten giro jazzy hori birmoldatu eta bestalde “TIM” diskoan ageri diren elektronika elementuekiko hurbiltze bat gertatzen baita. Bertan 40, 50, 60, 70 eta 80ko hamarkadetako hamar kantu bildu ditu. Bertsioz osaturiko diskoak lan txikitzat hartzen badira ere maiz, honetan Mark Eitzelen unibertsoa aurki dezakegu kantu guzti eta bakoitzean. Eitzela.

hurrengoa

LOVAGE

Music to make love to your old lady by

Infusio moduan hartuta, sabeleko minak baretzeko belar egokia. 75Ark zigiluak Lovage-i buruz ematen duen informazioa ez da asko, baina diskoan barrura eginez gero, berehala topatuko dugu Dan "The Automator" Nakamura. Izan ere, Gorillaz taldeko kide eta ekoizle estimatua izan da Lovage-en musika bideratu duena. Trip Hop tankerak hartuta, diskoak aurretik zeharkatuta izan diren arren oraindik berri itxura izan dezaketen esparruak jorratu ditu. Izar gonbidatuen zerrendari baino (Afrika Bambaata, Mike Patton, Damon Albarn...) hobe kantuen testura bereziei erreparatzea, nahikoa lirateke seguru asko ahotsik gabeko disko bikain bat osatzeko. Hala ere Mike Patton-ek kategoriako ahots lana egin du. Faith No More taldeko abeslari ohia haien "RV" eta "Easy" kantuen errejistroetan ibili da, ahopekoa bata eta oso melodikoa bestea. Aipatu beharra dago Jennifer Charles-en abeslari lana, Portishead eskolako kontrapuntu emea, Barry White baten sedukzio koordenadatan kokatuta dagoen diskoan.

hurrengoa

GILLIAM WELCH

Time (the revelator)

Zorionekoa sentitu nintzen ezerezetik disko hau eskura etorri zitzaidanean. Batzuetan horrela gertatzen baita musikarekin, eta Gilliam Welch ezagutu nuen moduan, bat-batean grabazio bat iritsi zen nire musika ekipora (milesker Jabi) eta lehenengo entzunalditik harrapatu ninduen. Gehiago jakin nahi nuen amerikar musikaren erroetara joan eta disko biluzi eta aldi berean oso jantzia osatu nuen egile honen inguruan. Horrela jakin dut hau 3. lana duela eta horrela ere genero honen izen handi askorekin lan egin izan duela, baita azkenaldian hain ezagun bihurtu den Ryan Adamsekin. Countrya, Bluesa eta rock gordin eta biluziena dotoreziaz apaintzen ditu Gilliamek, eta bere ahots zoragarriak kantuetan barna eramaten zaitu, paisai lehorretatik, bilatze edo ahanzteko errepidean aurrera.

hurrengoa

RL BURNSIDE

Burnside on burnside (Live Portland 2001)

Blues egile gazteak tokirik gabeko merkatu batean sartu ezinik, 60 urtetik gorako zenbait bluesman interes nabarmena ari da sortarazten. Hauen artean R.L. Burnside eta bere lanak argitaratzen dituen Fat Possum zigiluko beste hainbat. Zuzeneko disko honetan ez duzu gitarra solo txundigarririk topatuko (R.L. Burnside ez da Stevie Ray Vaughan). Aldiz, Deep Blues doinuek Robert Johnson-en garaian zuten izaera formal gogorrari eusten dio Mississippiko aitonak. Baxurik gabe, Kenny Brown bigarren gitarjole moduan (aipatzekoa bere slide lana) eta Burnside beraren biloba, Cedric Burnside bateriari eman beharrekoak ematen, R.L. Burnside, 74 urteak beteak, Portland hiriko Crystal Ballroom aretoan eserita gelditu zen bakarra izan zen, hemen entzuten den giroaren arabera. "Shake'Em on down" indartsutik abiatuta, maldan behera eta balaztei erreparatu gabe, bereak zein tradizionalak diren 11 abestiei egurra eman zien soinu teknikariei jai emanda.