hurrengoa
WAGON COOKIN’, kategoriazko sukaldea sagardance   Iruñeko bi anaik osatzen dute Wagon Cookin’; Javier eta Luis Garayalde. Aita Javier Garayalde saxofoi-jole ezaguna dute. Sei maxi-single argitara eman ondotik Appetizers izeneko disko luzea aurkeztu dute berriki. Jazza, musika latinoa eta house-a nahasten dute trebeziaz eta dotoreziaz. Lan honekin sekulako arrakasta lortu dute, munduko bazter guztietatik heldu zaizkie laudorio eta goraipamenak. Uda honetan, Bartzelonako Sonar jaialdian izanen dira, baita Monegros basamortuko Paradean ere. Diskoa eta taldeari buruz mintzatu gara Javier Garayalderekin. Nolakoak izan ziren zuen hastapenak?
Formazio aldetik musika klasikoan eta jazzean heziak gara, baina jazzean jardun gara. Lehen saioa Iruñeko Cotton Clubean, gure aitaren lokalean izan zen. Garai hartan publizitaterako eta web orrialdeetarako musika egiten ari ginenez, gure lehen lanak eta dantzarako musika konposatzeari ekin genion. Hori guztia zenbait etapatan garatzen aritu izan gara.

Zein etapatan?
Ostalaritza uztea, taberna alokatzea eta musikara sakonki dedikatzea erabaki genuenerako dantzarako musika sortzeko ideian murgilduta geunden. Alde batetik, jazzarekiko ikuspegia eta, bestetik, gure joera berriena genuen. Hala ere, ez zen house joera soilik, dantzarako musika mota guztiak baizik. Beti guri gustatu izan zaiguna gogoan hartuz, 70. hamarkadako jazz fusioa, funky taldeak...Beraz, dena nahasten aritu gara. Madrila joan ginenean Way Out izena genuen eta emanaldietara dedikatu ginen. Grabatzeko adinako soinu propiorik ez geneukan. Duela pare bat urte lotu genuen ordea. Horri eta gure Ingalaterrako kontaktuei esker grabatzera animatu ginen.

Zuen lanek izugarrizko oihartzuna izan dute nazioarte mailan...
Bai. Egia esan horrek asko animatu gaitu eta oso pozik gaude. Bi diskoak atera bezain pronto dena kate baten moduan lotuta joan da. Gure lana gustukoa izaten ari da eta hori da dena.

Nola eman zineten ezagutzera dantzako nazioarteko zirkuituan?
Emanaldiz emanaldi denbora asko eman genuen grabatu gabe. Dr. Music-en, Benicassimen, Gasteizen, Iruñean izan ginen... Duela hiruzpalau urte Londresa bidaiatu genuela gogoratzen dut eta hara maketa batekin joan ginen, baina ez ginen maketa erakusten ausartu. Duela gutxi entzun dugu eta ondo dago. Gure soinua ongi bilatzeak eta honen zain egoteak merezi izan duela uste dut. Jendeak soinu estilo berria, landua, ezberdina ikusi du gure lanean eta horixe da lortu nahi genuena. Zain egon gara, baina ondo egin dugu.

Harrigarria da zuen lana baloratzeko garaian kritiko guztiek duten adostasuna, ezta?
Bai, ezberdintasunak ezberdintasun. Musika estilo hori gustatzen bazaizu, ez dakit, eragozpen asko atera diezazkiokezu. Neuk diskoari eragozpen asko ateratzen ahal dizkiot eta nire anaiak ere bai. Oso landua dagoen gaia dugu eta, nire ustez, hori aintzat hartzen da, entzuten da eta, batez ere, aditzen da.

Diskoaz arituko gara. Jazza, house-a, musika latinoa, musikari pila bat... Nolakoa da sortze prozesua?
Guztiaren sintesia da, harreman asko baititugu. Beti gustatu izandakoa egiteko behar handia genuen eta, halaber, Madrileko talde, bakarlari eta kantariekin jotzen ari ginen. Guztiaren elkartzea izan da eta beti nahi izandakoaren moduko zerbait egiteko gogoa, talde handien tankerako zerbait. Talde handien antza ahal duzun mailan hartzera iristen zara, baina horretara heldu nahi izateko... ordu asko eman behar dituzu. Musika eginez bizitzeko zortea dugu eta horrek ematen digu lan honetan ordu asko emateko aukera. Abantaila da.

Azkenaldian latinoak munduan sortzen duen ikusmina zer dela eta uste duzu?
Musika latinoa “la ostia” da. Niri, adibidez, txoratu egiten nau. Era beran, sortzen du ikusmina funkyak edo jazzak, gauza da ohituak gaudela horretara. Orain latinoak sortzen du ikusmina, baina duela urte batzuetatik hona. Badirudi moda kontua dela, baina ez da horrela. Musikaren adar zoragarri bat da eta jendea orain ari da entzuten, baina ez da ezer gertatzen horregatik.

Beraz, ez da egun bateko lorea izango...
Horretaz ere duela hiru urte hitz egin zen. Iraun du, bai jazzaren adarra den house-latinoan... bai salsan. Ez da jaitsi duela urte batzuk izan zuen boom-etik. Esan beharra dago latinoan ere flamenkoan gertatzen dena gertatzen dela, ai ama!... dagoen zaborra... Latinoa aipatu eta jendeak askotan “torero”rekin lotzen du. Neuk ez dut ezer jakin nahi horrekin. Technoa bakailuarekin parekatzea bezalaxe da.

Zein lekutan aritu zarete musika jarle gisa? Emanaldi gogoangarririk ba al duzue?
Apirilean Londresen izan ginen CDa aurkezten eta oraingoz beste inon ez gara izan, baina uztaila, abuztua eta irailerako gure agendan daude Japon, Kanada, Alemania, Italia... Orain, ekainaren 1ean Londresa itzuliko gara Fabrik-era eta beste leku guztiak berresteko daude. Londreskoa bizipen oso polita izan zen. Jendeak gai batetik bestera kontzertu bat izango balitz bezala txalotzen zuen. Hunkigarria izan zen. Madrileko Chango dantzalekuan izandako saioa ere sinestezina izan zen. Benetako gozamena izan zen Madrileko dantzaleku bat gauerdian jendez lepo ikustea, ordu horietan afalondoan izaten baita jendea.

Honekin guztiarekin arro eta animatuta egongo zarete...
Bai, noski... Batetik izutu egiten gaitu, baina, bestetik, izugarrizko ziurtasuna ematen digu.