hurrengoa
kilima nazazu!    La colla de la pesigolla edo Kilimaren adiskideak kilikak oso noizean behin egiten dizkigute, baina fin, oso fin. Berez, pare bat alditan baino ez dizkigute egin eta hori da hain zuzen ere atentzioa gehien deitu duena. 1995 urtea izango zen, Bartzelonako komiki saloia El Borneko merkatuan egiten zeneko garaiak. Eztakit oso ongi zeinen estandean komiki tira liburuxka kurioso bat ikusi nuen, begiradatxo bat bota ta... zelako ona! Sei urteko mutikoa eta bere tigrearen abenturak, bai, horiexek: Calvin & Hobbes. Argitaratzailea: La Colla de la Pesigolla.
Zazpi urte beranduago, oraingo honetan Iruñean daukagun komiki denda dotorera sartu eta haratx! Beste tira liburuxka dotore bat: Liberty Meadows. Argitaratzailea? La colla de la Pesigolla. Ufa!
Jakin mina piztuta erdian beste zeozer eginen zutela imaginatu nuen eta beraiekin jarri nitzen kontaktuan: “... Benetan ez gara –ginen- argitaratzaileak baina Calvin & Hobbesen eskubideak kadukatzear zeudenez, geure eskutan hartu eta gu geu argitaratu genuen... Mario Ayusorekin batera berak ordaindu baitzituen berez eskubideak. Orain Liberty Meadows gogoko genuenez eta inortxok ere argitaratzen ez zuenez ba gauza bera egin dugu, oraingo honetan gu geuk eskubideak ordainduz.” Orain honen atzean komiki munduan urteak eta urteak lanean dabiltzan jendea badagoela jakin badakigu.
Liberty Meadows ez da Calvin & Hobbes bezain zorrotz eta geniala, oraingo honetan genialtasuna marrazkian nagusitzen da, oso zaindua eta erregistro aberatsez beteta. Humoreak yankee usaina dauka eta argitarapenaren diseinua inoiz ikusi dudan gauzarik zainduena komiki aferatan; eskertzekoa.