hurrengoa
bizarre, bizarro, bizar    Frantsesetik datorren bizarre hitzak, ohikoa ez dena, bitxia, arraroa, nabarmena eta neurririk gabekoa izendatzeko erabiltzen da. Garai batean homosexualak izendatzeko ere erabiltzen zen. Frantsesek italieratik hartu zuten maileguan bizarre. Italieraz bizarro hitzak bi esanahi ditu: Batetik pertsona kementsua eta ausarta izendatzeko erabiltzen zen, bestetik (aurrekoarekin harremana duela ikusiko dugu geroago) pertsona odolberoa. Sexu bereizketa eginez gero, gizonak bizarro eta emakumeak bizarra. Eta hementxe dator bitxikeria edo "bizarkeria". Behin baino gehiagotan entzun dugu the balde aldizkari bizarroa dela. Eta horren ondorioz hitz xelebrearen inguruan ikerketa egiten hasi eta teoria berezi batekin egin dugu topo: bizarro/bizarra hitza, italiarrek, euskaratik mailegatu zutela dioena. Baltasar de Echauek 1607. urtean idatzi zuen "Discursos de la antigüedad de la lengua cántabra bascongada" liburuan, vicarra hitza erabiltzen du bularrean eta aurpegian ilea zuten soldadu ausart eta odolberoen itxura definitzeko. The balde bizarro samarra denik ez dugu ukatuko, are gehiago, harrotasunez daramagu gure bizarra... eta bide batez, jabetu gara euskaldunontzat, bizardun emakumea, bitan dela bizarra.