hurrengoa
erregea ni? txo!?   Aspaldikoa izan arren, duela gutxi argitaratu da hemendik Scott McCloud-en "reinventing comics" ("la revolución de los cómics" gaztelerazko bertsioan), autore balioanitz honen bigarren entsaio-liburu-komikia, non komikien munduaren inguruan ikerketa eta hausnarketa anitz egiten ditu. Horien artean komikiek interneten jartzean galdu eta irabazten dutenari buruz eta nola komikiek medio berri honi ekiteko beraien sustraietara bueltatu behar duten, paperaren mugekin hautsiz; orain arte inor gutxik ekin baitio benetan komikiak interneteratzea "komiki hutsak" bezala eta ez "lehendik paperean argitaratutako komikiak" bezala. Horietako bat oraingo honetan daukagun hauxe: when I am a king.

Scott McCloudek bere liburuan aipatzen dituen gauza askori erantzuna emanez, Demianek tira itxura duen komikia elaberria bilakatzen du, goizetik hasita pertsonaien egun oso bat eskeintzen digu, goizean goizetik eguna pasata gaua etorri eta hurrengo goizerarte. Koloreek eguneko unean kokatzen gaituelarik egunsentitik ilunabarra arte, gau misteriotsuan sartzeko. Istorioan sakontzearekin bat pantailan dugun lehioa eta honek duen scrolla gero eta trebeago erabiltzen ditu, scroll bertikal eta horizontalarekin zein framekin jolasean. Eta honen erdian, nahiz eta esatean kontraesana eman, animazioa komikian integratua.

Ez dago hitzik, pertsonaiek asko hitzegiten duten arren. Hori beharrean, Demianek hizkuntz unibertsal bat eman die: ikonoak. Pertsonai oro ikonoen bidez solasten da bere elkarrizketetan. Eta komiki arrunt batean akzioa zehatzago definitzearren narratzaile batek kontatuko ligukeena, animazioak kontatzen digu, animazioa bera biñeta bakoitzaren barruan beste elementu narratibo bat bezala funtzionatzen duelarik. Paperean ezinezkoak liratekeen biñeta luzeetan zehar eramaten gaitu pertsonaia ezberdinen ametsen barna, bakoitzak neurriko amets bat duen antzera neurriko biñeta bat dauka, azken finean paperez eginiko orriak HTMLz egindakoetatik bereizten dituen gauzetariko bat espazioaren mugapena da. Eta Demianek, kontatu nahi zuenaren arabera, finkatu du biñeta eta orri bakoitzaren zabalera eta altuera; orriak ez zuen hertzik.
Eta frameak? Horrenbeste istorio aurrera eramateko Demianek istorio paraleloak garatzen ditu eta pantaila bitan banatzen du horietako bi istorio pantailan mantentzeko. Goiko erdian eta beheko erdian agertzen zaizkigun akzioak erlazionatzen denborari beste esanahi bat ematen dio eta une berean baina leku ezberdinetan gertatzen ari diren bi gauza batera agertzen zaizkigu begi aurrean.

Istorio xamurra eta porno nola onirikoa eta haurrentzakoa. Drogak eta paranoia, umeen jolasak eta ametsgaiztoak, zoofilia edota norabide bakarreko maitasuna, umorea eta natura. Eseri gustora eta gozatu... pantailaren aurrean, bai, eta scrollari jo azkenengo irudirarte. Guzti hau egilearen eskutik; argitaletxerik nik ez dut inundik ikusi.

Akikoren bigarren alea dugu kalean, komiki aukeraketan oso fin dabilen La Factoria de Ideas argitaletxearen eskutik. La Factoriaren komiki askok bezala underground kutsua dakar, eta lehenengo alean nolabait egilearen hastapenen aurrean ginenaren sentzazioa genuen arren bigarren honetan estiloa definitu eta etorri litekeenaren aurrerapen atsegina bezala agertzen zaigu, estatu batuetan izan duen arrakasta ikusita hala izango dela espero dezakegularik.

Après I'Incal. Bueltan etorri zaizkigu Moebius eta Jorowdosky 80ko hamarkadan hasi zuten historio izugarriaren jarraipenarekin. Beste buelta bat, literarioki eta estetikoki; Jhon Defouldek berriro galdu du oroimena eta agertuko zaiona ez da makala, Moebiusek berriz, oraingo honetan ordenagailuari eutsi dio koloreendako (jada 2002 urtean gaude ta ez 80ko hamarkadan!) eta berriro ere erakutsi digu tresna ez dela garrantzitsuena, tresna erabiltzen duena baizik, ikusi ikusten da frantses honek bazekiela aerografo analogikoa erabiltzen digitala erabili baino lehen. Ikusiko dugu hauxe nola jarraitzen duen, baina hasi ongi hasi da. L' Incal osoa irakurri ostean baietz gogoekin geratu lehenengo kapitulotxo honekin.