hurrengoa
ravers, eguneko gautxoriak mevoy dj   I  jero & unai Gaueko ordu txikiak horren txiki ez diren unean hasten dira. Banpiroen kutxak eguzkiaren argiaz babesteko ixten direnean, orduan irekitzen da mundu berri bat: rave-ak. Gautxori gehienekek euren kabiaren bila abiatzen direnean badira egunez ere gautxori direnak: raver-ak. Jaia bizitzeko era desberdin bat? Aisiaz gozatzeko modu kolektibo berria? Dantzalekuen arau zorrotzetatik kanpoko bizipena? Natura, musika, dantza eta droga nahasten duen koktel askatzailea? Edo koktel arriskutsua? Hedonismo hutsa? Milaka dira irakurketa posibleak, rave bat antolatzeko erak hamaika diren bezalaxe.
Aurrekariak Britainia Handian 70ko hamarkadaren bukaeran bilatzen ahal badira ere, egun ezagutzen ditugun rave-ak 1987ko uda (amodioaren uda) dute aitzindari. Punk mugimenduak gidatutako sistemaren kontrako gorrotoa indarra galtzen zuen bitartean izaera espiritualagoa zuen mugimendu kontrakultural berria plazaratzen hasia zen. Musika elektronikoa, munduaren ikuspegi espirituala, euren aisia sistemaren indibidualismotik kanpo antolatzeko nahia, kolektibitatean bizi eta bizitza gozatu nahi zuten gazte haiek sortu zituzten rave-ak.

Jai autogestionatuak dira rave-ak. Taberna zirkuitoak, jai ofizialak, dantzalekuak eta “ruta” desberdinetatik kanpo kokatzen dira. Mendian, naturarekin kontaktuan egiten diren jaiak direlako ideia zabaldua den arren, gurean (eguraldiaren kausaz akaso) bestelako aterpek ere izan ohi dira rave ospetsuen gordeleku. Autobide baten tunela, mendian galdutako baserria, militarrrek aspaldian utzitako kaxerna, erortzear dagoen ermita... rave bat antolatzeko edozein leku aproposa izaten ahal da, aurreko gauan izandako beste jai baten after-jarraipen gisa edo berezko jai bezala.

festa alegalak
Dantzaleku askok euren jaietarako rave izendapena gero eta gehiago erabiltzen duten arren, rave-ak, izaera alegala duten jaiak dira. Hori dela kausa, eta normalki duten iraupen luzea eta sortzen duten zarata dela eta bizitokietatik urrun antolatzen dira. Tokiko bizilagunak zirikatu ez eta poliziaren belarrietatik urrun kokatzea ere pisuzko arrazoiak dira raveak mendi puntan edo errepide baten amaieran antolatzeko. Ohikoa da polizia rave-etara jotzea jaia oztopatu edota debekatzeko asmoz, baina egia da ere askotan aho bete hortz geratzen direla, topatutakoaren aurrean ez baitakite zer egin. Badira gau osoko rave-ak, eta baita bi edo hiru egun irauten dutenak ere.
Autogestioaren espirituak mugitzen ditu raver-ak euren jai amaigabeak antolatzera. Rave batzuetan soinu ekipoen alokairua edo dj-en lana ordaintzeko raver-ei diru apur sinbolikoa eskatzen zaien arren, gehienetan doaneko sarrera dute. Badira edariak zerbitzatzeko barra duten rave-ak eta badira ere festara joan aurretik hurbileko gasolindegietako latamakinak hustu behar izaten duten raver-ak ere.
Musika elektronikoa da nagusi rave-etan. Disko-jartzailea festako “shaman” bilakatzen da bere nahasketak raver-en gorputzak astintzen dituenean. Dj-a da musika desberdinak aukeratu, nahastu eta manipulatzearen ardura zaila duena. Erritmo bortitzak, sinkopatuak, techno musikaren estilo desberdinak dira disko-jartzaileek rave-etatik barreiatzen dituztenak. House, progressive eta acid estiloak dantzaleku eta club desberdinen jaun eta jabe bilakatu diren heinean rave-etan erritmo gogorragoak nagusitu dira. Rave-etako dj-ak trance, hardcore eta gabba bezalako eztanda zaratatsuen bideak jorratzen dituzte, gure inguruan behintzat.

Musika aditzeko eta dantzarako aukera dira, zalantzarik gabe, rave-ak eskaintzen duten gauzarik garrantzitsuena. Baina musikaz gain, bada raver-en artean musika, dantza eta festaz gozatzeko era berezia. Izaera eta jarrera positiboa dute raver-ek, kolektibitatea balore bilakatzen dute, besteekiko eta inguruarekiko errespetuaz bandera egin eta norbera den moduan agertzeko eta unea bizi nahi duen eran bizitzeko askatasuna aldarrikatzen dute. Inongo atezain “intelektualari” zure janzkeraren inguruko azalpenik eman gabe sar zaitezke rave an, eta marra bat egin edo pilula zati bat ahoratzeko komunetako gordelekua ez duzu behar izango. Hori da ere raver askok rave-en onuren artean goraipatzen dutena, egin nahi duzuna bistan egiten ahal duzu, itxurakeriarik gabe, bai dantzatzeko eta harremanetan sartzeko garaian eta baita drogak hartzeko garaian ere.

zeremonia shamanikoa
Badira raver-en artean, rave-ei zentzu espiritual sakon bat bilatzen diotenak ere. Erritmo biziak, koreografiarik gabeko dantza konbultsiboak eta droga desberdinen kontsumoak tranze egoera batera eramaten ahal zaitu. Dantza kolektibo ero horretan parte hartzeak badu zentzu espirituala, tribala, gizakiaren izaera arkaikoenarekiko lotura bat, gure izaera kolektiboaren aitzinako ezaugarriekiko konexio bat, alegia. Rave-ak, oinarrian, ez daude hainbat herri zaharretako zeremonia shamanikoetatik hain urrun. India edota Siberiako eskimal herrietako hainbat zeremonietan ere musika errepetitiboak, kadentzia musikalen errepikapen sutsuak egoera emozional eta psikologiko berezietarako ateak irekitzen dituzte non bidai psikikoak eta tranze egoerak bidaiaria denbora eta espaziotik at kokatzen duten. Herri zahar hauetan indar handiz errotutako sinismen erlijioso edo espiritualak droga psikoaktiboekin ordezkatzea da ohikoena rave-etan.
Beste raver askok ere, honetaz gain, sistemaren kontrako jarrera bat ikusten dute rave-etan. Rave-ak azken finean merkantilismotik eta telebistak zuzendutako aisia ulertzeko modutik aparteko askatasun denbora-espazioa suposatzen baitute. Honen aurrean ere, badira raveetan alienazio kolektiboa eta anulazio pertsonala ikusten dutenak. Gauza guztiekin bezala pertsona adina iritzi. Eta gauza gehienekin bezala, jokabide zentzuzkoena proposatzera gatoz. Zoaz, proba ezazu eta... zuk zeuk.