eleak Kirmen Uribe
hurrengoa

KONTAKIZUNAK

Edgar Allan Poe - Itzul / Trans: Koro Nabarro · Ibaizabal

Idazle gutxi dago literaturaren historian Poek adinako interpretazio eta hipotesi sorrarazi duenik. Idazle gutxik liluratu dituzte Poek bezala belaunaldiz belaunaldi irakurleak eta mitomanoak. Idazleak berak ere, pertsonak, interes bizia sorrarazi du. Jon Mirandek ekarri zuen lehenengoz Poe euskarara. Itxura handia dute elkarrena. Baudelaireri gertatu bezala, pentsa dezakegu bikia iruditzen zitzaiola Poe Miranderi. Baudelairek behintzat hala uste zuen. Poek idatzitakoa aurretik amestu izan zuela berak. Pertsonaiak, giroak, esaldiak. Baudelaire berak eta Mallarmek egin zuten Poe famako eta geroztik sekulako eragina izan du Europako literaturan, bera iparramerikarra izanagatik. Bihotz salataria, Usher etxearen hondamena eta Marie Rogeten misterioa hainbat antologiatan agertu dira. Guztiak ere hainbat idazleren —artegile eta zinegileenak ez esateagatik— idatzirik gogokoenak bilakatuak, guztiak ere Koro Nabarroren bilduma honetan bilduak.

hurrengoa

AGUR, DARWIN. ETA BESTE ARKEOLOGIA BATZUK

Jon Alonso · Pamiela

Saiakera literarioa da Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk, Jon Alonsok berak aurreko Camembert helburu hartan abiarazi zuen bide beretik, edo Peru Alberdik Satorrak baino lurperagon eutsi zion mailan. Unibertsitate giroko saiakera astun eta itogarritik aparte ari da Jon Alonso, literatura du abiapuntu eta literatura helburu. Euskaraz lan egiten duen idazle eta itzultzailearen min eta ezinak ageri dira Jon Alonsoren obra honetan, eguneroko hizpide gogoeta eginik: literaturaren unibertsaltasuna, literatura nazionala, euskara gastronomia aitzakia, hizkuntzaren zehaztasuna, nork bere hizkuntzan idazteko arrazoia... egiarik biribilenei galdera marka jarriz ari da egilea, hainbat eta hainbat idazlek idatzitakoak gurera ekarriz, eztabaian jarriz, eta, alditan, erantzun berriak abiaraziz. Arriskuak hartuz, alegia. Estimatzekoa baita. Juan Zelaia sariaren lehen emaitza, Jon Alonsoren Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk Pamiela argitaletxearen asmo ederra da, saiakera guztiz interesgarria, nobelaz besteko jeneroak burua hedabideetara jaso ezinik diren honetan.