audio asier leoz & jon arga
hurrengoa

PRINCE

The rainbow children

Parentesi luzearen amaiera? Badakit, zaila da Minneapolisko printzearen lan berri bati konfidantza apur batekin begiratzea. Izan ere, “Lovesexy” egin zuenetik (1988) ez du antzeko maila zuen disko bakar bat ere atera. Gainera, azken hamarkadan zehar behin baino gehiagotan iragarri zitzaigun bere disko berri bat bat aspaldiko onena bezala, “Parade”, edo “Sign O’The times” haien tamainakoa gutxienez, ondorengo kalea are latzagoa egiten zigularik. Beraz, hobe gehiegi ez berotzea, baina esango nuke oraindik ez dagoela dena galduta. Ekoizpena gordina da eta soinua zitala. “The rainbow children” maisuei zuzendutako maitasun/mirespen ariketa da, bertako pasarteetan baitaude txertatuta James Brown-en dantza frenetikoak, soul abeslari handien sentimendua, edo Little Richard-en energia.

hurrengoa

JACK THE RIPPER

The book of lies

Parisko klub eta antzeztokietan beraien zuzenekoa gorpuzten aritu ondoren lehendabiziko diskoa argitaratu dute Jack The Ripper taldeko zazpi lagunek. Euren musika kokatzen hasteak, izena kontuan hartuta, izen bereko kanturaino garamatza nahi gabe ere. Dena den, Nick Cave erreferentzia balitz ere, ez litzateke bakarra. Leonard Cohen, Goran Bregovic, Luna eta The Walkabouts esate baterako ez dabiltza urrun. “A prayer in tango” agian diskoko abestia, Europa zaharreko biolinen gainean dago ke artean etzanda, Marlene Dietrich-etik Grace Jones-era egin gabe zegoen zubia bat-batean sortuaz. Beste zenbait unetan Tom Waits baten ahopeko zirrarari heltzen diote. Abesti ederrak, soinu garbia eta estetika zaindua, hori ere zaintzen duen talderik badago eta, antza denez.

hurrengoa

FUGAZI

The argument

Bi kolpetan plazaratu dute Washintong-nekoek bere azken lana. The Argument izeneko lan luzearen aurretik Furniture izeneko EP bat kaleratu baizuten. 2001eko urrian lan laburra eta azaroan bigarrena. Fugaziren disko berri baten aurrean jartzerakoan beti halako urduritasun bat sumatu ohi dugu barnean askok eta askok. Izan ere, jakin badakigu ez dutela erabat apurtuko espero dugunarekin, edo aurrekoan jasotakoarekin baina beti txunditu edo harrituko gaituen zerbait aurkituko dugu. Eta honetan, edo hauetan ere halaxe gertatzen da. Fugazi dela argi dago, baina bada ezer berria, zertan datzan esaterik ez badut ere Epic Problem, The Kill, eta OH kantuek (hirurak The Argument en) taldea zuzenean berrikusteko gogo biziz utzi gaitu. Fugazik kalitateari dagokionez beste lan mardul bat dakarkigu. Haundiak.

hurrengoa

PULP

We love life

Jarvis Cockerrek “This Is Hardcore” izeneko aurreko diskoan helduriko ironia alboratzen du eta “We Love Life” honetan naturan murgiltzen da zintzotasunez mintzatu asmotan nonbait. "Yeah, the trees, those useless trees produce the air that I am breathing. Yeah, the trees, those useless trees; they never said that you were leaving" (bai, arbolak, alferreko arbol horiek arnasten dudan airea produzitzen dute. Bai, arbolak, alferreko arbol horiek, ez zidaten inoiz esan bazindoazenik) diote The Trees izeneko kantu zoragarrian, single bezala erabili dutena. Scott Walker hautatu dute ekoizle lanak egin ditzan eta lorturiko emaitzak ez die arrazoia kendu. We Love Life pop disko zoragarria da, iazko disko onenen balizko zerrenda batean ekidin ezin daitekeen horietakoa, norberaren arazoak ahantzarazteko dohaina duten disko horietako bat baita Pulp taldearen unibertsoan sartzen zaren aldi berean.