hurrengoa
bota PIÑUE! koldo almandoz   I  txo!? Etxeko telebistan ikusteko eguberrietako zeluloidea
Mexikotik New Yorkera egindako bidai batean, Buñuel eguberri festa batera gonbidatu zuten. Afalostean, festa berean zegoen Amparo Rivelles "Oda a la madre patria" errezitatzen hasi zen. Buñuel mahaitik altxatu eta hantxe zegoen eguberri arbola ostikoka txikitu zuen. Urte bereko urtezahar gauean, Charles Chaplinek bere etxean antolatu zuen festan, Calandako zuzendaria etxera sartzen ikusi zuenean, harti besotik oratu, etxeko eguberri arbola aurkeztu eta esan zion:
- Duela astebeteko eszena errepikatu nahi baduzu, has zaitez lehenbailehen.
Eguberriak dena kutsatzen du. Eta zinema ez da libratzen. "Road movie" edo terrore zinema existitzen diren moduan, eguberrietako filmek ere genero bat osatzen dutela esan genezake. Urteetan, Disney-ren marrazki bizidunak eta mezu kristauko filmak izan dira genero honen ardatza. Baina zinema, errealitatearen isla izanik, gizarte aldaketen ispilu bihurtu da. Telebista, etxeko zine patrozinatu txikia ere kutsatzen da "jingle-bells" izpirituaz. "Atrapado en el tiempo" (Groundhog day) filmeko Bill Murray-ren moduan, urtero harrapatzen ditugun mozkorraldien ajea "Sonrisas y lágrimas", "Ben Hur" eta "Rey de Reyes" modukoen aurrean pasatzen ditugu. Telebista kateetako aukera nahiko pattala izaten denez, hona hemen bideoan edo DVDan ikusteko gomendioak thebalde:

Etxean jaiotza jartzen duzun horietakoa bazara eta Calandako zuzendaria bekatari bat zela uste baduzu, garai bateko klasikoetara jo beharko duzu eguberri izpiritua duten filmen bila. Klasikoen artean klasikoena, "It's a Wonderful Life" (Que bello es vivir). Ergel aurpegiko suizida frustratuaren istorioa ezinbestekoa bihurtu da mendebaldeko herrialdeen gabonetan.
Baina George Bailey gizagaixoaren istorioa ez da eguberrietako telebista egitarauetako klasikoa kasualitatez bihurtu. Filmaren eskubideen jabe zen ekoiztetxeak eskubide hauek berritzea ahaztu zuen. Hollywood-ek urteetan boikota egin zion telebistari, eta horregatik Frank Caprak zuzendutako historia hau izan zen (egoera berdinean zeuden beste gutxi batzuekin batera) telebistan ikus zitezkeenen artean bakarretakoa. Film honen izpirituarekin bat egiten dute "Cuento de Navidad" (Scrooge) Charles Dickensen literaturan oinarriturikoak, "Cita en San Luis" (Meet me in St Louis), "Mujercitas" (Little Women), "Navidades Blancas" (White Christmas) eta beste hainbatek. Baina Jose Luis Garciren aurpegia jartzen ari zaizula ohartu bazara, beste zinema mota bat ikusteko ordua iritsi da.
Buñuel imitatzen suntsitu berri duzun eguberri arboleko bolatxoak balkoitik behera botatzen amaitutakoan, prest zaude Espainiako filmografiako film handi bat ikusteko: "Placido". Film honetan, eguberrian txiro bat mahaian esertzeko ohituraren kontura, data hauetako izpirituaz trufatu eta 60en hasierako Espainiaren erretratu bikaina errodatu zuen Luis García Berlangak.
Alex de la Iglesiaren "El día de la Bestia"k kritika sozial apur bat badu ere, eguberria beste ikuspuntu batetik jorratzen du; Antikristoaren jaiotza sahiestu nahi duen apaiz euskaldun baten ikuspegitik hain zuzen. Zurrumurruek diotenez, Arantzazuko fraileek urtero jartzen dute euren zine-klub partikularrean. Inguruan haurrak badituzu, hauxe duzu ikuslego zabalarentzat aukera entretenigarria: "Gremlins". Baina ez izan kabroia eta ez hasi etxeko maskotari ura botatzen.
Klasiko zaharren artean ere bada film berezirik. "Navidades en julio" (Christmas in July) 1940. urtean estreinatu zen, eta ironia eta kritika fina erakusten ditu bere garairako. Eta zaharra ez bada ere, 1993an estreinatu zen "Pesadilla antes de navidad" (The nightmare before Christmas) eguberrietako kuttuna bihurtu da honezkero. Tim Burton eta Henry Selick-en animaziozko maisulan honetan Jack Skellingtonek —for Lehendakari!— Santa Claus bahitu eta eguberria Hallowen bihurtzen du.
Eguberri film ugari dago. Gisa guztietakoak. Eta ez pentsa, Buñuel pastel tipiko bat dela uste dutenentzat ere bada aukerarik. "Jack Frost: Muñeco de nieve asesino" (Jack Frost Christmas Killer). Izenburuak maisuki laburtzen du bere mamia.
Eta amaitzeko, sasoiarekin bat datorren aholku berezia: "USA Invasion" (Invasion USA). Kuba eta Nikaraguako armadek —garai hartan integrista musulmanak zintzoak ziren— Sobiet Batasunaren laguntzaz Amerikako Estatu Batuak inbaditzen dituzte eguberri egunean. Baina lasai, Chuck "Santa Claus" Norrisek, salbatuko du mundu librea komunismoaren atzaparretatik.
Film hauek ez badizute eguberria pasatzen laguntzen eta zure burua zeharo anestesiatu nahi baduzu, beti geratzen da ETB1- eko pilota partida... diferituan.