audio asier leoz
hurrengoa

HEFNER

dead media · Everlasting

“We love the city”, Hefner-en azken diskoak, gertukoa egin zigun Darren Hayman. Ondoko atean bizi den tipo irribarretsua, itsusi samarra, apur bat utzia eta umore finekoa. Izan ere, Hefner-en diskoetan aspaldiko testurik zorrotzenak bizi dira, ingelesak goitik behera. Gainera bazuten halako amateur ukitu bat kantu bakoitza ahuldu ordez oso erakargarria bihurtzen zuena. Orduan, taldearekin erruki handiz jokatzeko prest zeundenean, konposaketei erreparatzen zenien eta izugarri onak topatzen zenituen (“Hymn for the coffee” , “The day that Tatcher dies”) behin eta berriro aspertu gabe entzuteko modukoak. Baina lan berri honetan gitarra kaskarin horiek desagertu dira, edo, hobeto esanda, denek kantu bakar batetan egin dute topo, “Trouble kid”, ACDCren moduko riff baten gainean egina. Gainontzekoa oihal elektroniko zaharkitu batez estalita dago The Cars taldearen maketa inedito guztiak jarraian entzungo bagenitu bezala. Honek ez du zenbait kanturen maila zanpatzen, baina mesederik ere ez die egiten, diskoari izena ematen dion abestian edo “When the angels play their drum machines” izenekoan da nabarmena. Beste batzutan, “The nights are long” edo “Junk” kasu, asmo elektronikoak baretuta daude abestiaren mesederako. Hori bai, minututik beherako iraupena duten txantxak egi nahi badira, hobe izango da grazia apur bat izatea, eta ez da hori “Union Chapel day”, “Treacle” eta “The mangle” ren kasua. Gehiegitxo hiru izanda denak sobran egotea. “Dead media” oso disko bitxia da, ekoizpenak lur ematen dielako onak diren konposaketei, argi dago eta “Peppermint taste” eta “The King of summer” abesti ederrak direla, baina Spectrum-aren garaiko soinu eragile horiek itzaliko balira, emaitza gordinagoa izan balitz, askoz hobe.

hurrengoa

TORI AMOS

strange littlegirls · Atlantic

Gizonezko zenbait artistek egindako abestiak emakumezko batek interpretaturik. Gauza ez litzateke anekdotaren esparrutik irtengo emakumezko hori Tori Amos izango ez balitz. Berak miatu zizkion barrenak Nirvanaren “Smells like teen spirit” ereserki ospetsuari Cobain-en deiadarrak zirrara isila bihurtuz. Bertsio ariketa den lan honetan, Tori Amos Lloyd Cole, Neil Young, John Lennon, eta Bob Geldof-en giharretan barneratu da bidean zegoena beldurrik gabe arakatuz. Slayer gogorrei eskua sartu ondoren, euren “Raining blood” hartu eta gitarrak zeuden tokian izotzezko piano doinuak ipiniaz are beldurgarriago bihurtu du. Antzeko eremuan Eminem rap izarraren “97 Bonnie & Clyde” dugu errezitatu izugarri baten baitan. “Ez gehiago diskutitu aitatxorekin laztana” xuxurlatzen dio autoaren maleteroan hildako emazteak bere alabari. Izugarria. Perfekzioa gainditzerik ez dagoenez, Tom Waits maisuaren “Time” ahalik eta barrenetik kantatzen, jatorrizkoaren maila berean utzi du, eta ez da gutxi. Lou Reed eta bere Velvet Underground taldearen “New age” izenekoarekin ere lan polita egin du, Warhol & Co.-ren “Loaded” diskoan zegoen aldaeratik urrun samar. Gauza bera esan daiteke The Boomtown Rats taldea eta astelehenak betirako loturik utzi zituen kantuaren bertsioari buruz. Oso ondo pentsatutako diskoa duzu hau, Jackson-en “Real men” izeneko kantua amaierakoa izateak nabarmentzen duen bezala. Iragarkiak zioen moduan ez da gauza bera bertsioak egitea eta bertsioak egitea.