• 1
  • 2
hurrengoa
curro claret: diseinugile ibiltaria    I  Carl Alberto Consolo, Miriam Dominguez, Maria Arranz Diseinu industriala, dirutan inbertsio handia eta teknologia garatuak behar dituen zerbait iruditzen zaigu beti. Zure lan eta ekintza batzuk ikusita ordea konturatzen gara eremu zabalago bati eragiten diola... Noraino iristen da diseinu industrialaren influentzia?

Jendeak nahi duen tokira iristen da... are gehiago, jendeak usten duena baino urrutirago iristen da. Niretzat, jarrera, gogo eta sinismen kontu bat da bereziki. Diseinuak gauza askotarako balio du. Dirua, nahiz eta merkatuak eta gizarteak ia beti erabiltzen duen "parametroa" izan, ez du zergatik faktore erabakigarria izan behar. Herrialde txikiek eta ekonomia murritzeko hainbat taldek diseinu on eta erabilgarriaren adibide ugari eskaintzen digute. Askotan gainera guk sortzen duguna baino erabilgarriagoak eta sostengarriagoak izaten dira.

Diseinu industrialak funtzioa, estetika eta lehengaiari garrantzi handia ematen dio. Zure lanek ordea, badute beste zerbaiten euskarri direnaren usaina. Beti dago ironia kutsu bat eta gizarte aldarrikapen bat (inmigrazioa, ekologia,...), diseinu industriala ez da inoiz neutroa? Gizartearekiko jarrera hori balio erantsi bat da?

Diseinua, norabide ezberdin eta askotan kontrajarriak batzen dituen jarduera zabala da. Ez dut uste %100 neutroa den diseinu bat existitzen denik. Nahiz eta egileek asmo jakinik gabe sortu, inguruneak beti kutsatzen du nolabait lan hori. Zorionez, diseinugileek, geroz eta modu irekiagoan onartzen eta bilatzen dituzte aipatu dituzuen balio sozial horiek. Balio erantsiarena izan daiteke, baina kontzeptu hori, itsatsitako zerbait dirudi, "eta gainera honi ere erreparatzen dio..." eta niretzat, proiektuaren beste elementuak bezain garrantzitsua izan behar du.

Zure ibilbidearen inguruan irakurtzen jardun eta herrialde asko eta oso ezberdinetan lan egin duzula jabetu gara. Zergatik toki ezberdinetan lan egiteko gogo edo behar hau?

Atsegin du alde egin eta "kanpora" ateratzea tarteka. Beharra sentitzen dut. Akaso beste bizitza batean hegazti migratzailea izan nintzen. Zorionekoa sentitzen naiz herrialde ezberdinetan lan egiteko dudan aukerarekin. Gehienetan mintegia eta tailerrak izaten dira. Aukera pertsonala da, beste lurralde batzuetan gauzak nola egiten diren ikusi, ezagutu eta ikasteko beharra dut. Diseinugile eta irakaslea batzen dira nigan eta ziurrenik horrek bultzatzen nau. Askori gertatzen zaigula iruditzen zait, ezin dugu garena eta egiten duguna banatu. Aurrera egiteko, elkarrizketan eta elkar trukaketan sinisten dut. Kontzeptu hau, garatuagoa eta sofistikatuagoa jakina, inteligentzia kolektiboa delakoaren oinarria da.

Hitzaldiak ematen dituzu, askotan haurrei zuzenduak... Guk adibidez Kunsthal diseinu eskolan emandakoari esker hitz egin dugu zurekin. Garrantzitsua al da hezkuntza lan hori? Zein eratako erantzuna ematen du haur eta gazteez osatutako entzulegoak?

Haurren kontu hau misterio bat da beti. Ezin da aurretik jakin zer gertatuko den. Batzuetan asko kostatzen da haiekin bat egitea. Beste batzuetan harritu egiten zara zein azkar sartzen diren hainbat gaietan. Gauzak egin eta begiratzeko beste modu bat dute. Askoz gehiago adierazten dute. Aurreiritzi gutxiago dute. Beno esaten ari naizen guzti honek nahiko kutsu topikoa du... baina iruditzen zait gure jardunerako, diseinurako, osagai horietako asko ( ez guztiak, ezta horiek soilik!) oso aproposak eta garrantzitsuak direla. Galdera asko dago hainbat bizi balio eta jokabideren inguruan ( bizitzeko modu justuago, arduratsuagoa eta orekatuagoaren inguruan gehien bat), zeinetan haurrak, nagusiak baino arduratsuago azaltzen diren. Batzuetan frustrazioa sortzen du helduok, onerako izanda ere, hainbat alorretan aldaketak egiteko zein jarrera eskasa dugun ikusteak. Behin irakurri nuen, ez dut gogoratzen nork idatzia zen, gaztea izatea ideiak aldatzeko gaitasuna izatea dela.

Egile eskubideak eta babes industrialaren gaia nola dago egun? Diseinu industrialean ba al da creative commons edo copyleft-aren modukorik?

Jende askok hitz egiten du horren inguruan eta iruditzen zait zerbait garrantzitsua gertatuko dela horren inguruan. Gauzak entzun ditut baina ez dakit zehazki zer esan. Ez da gai erraza zeren eta hainbat kasutan, besteen izerdiaz baliatzen den jende asko dago ( lotsarik gabe kopiak egiten diharduten Asiako eta baita Espainiako hainbat enpresa,...), eta orain arte ez da asmatu hori galarazten. Copyleft-ari dagokionez niretzat aurrera egiteko eta garapenerako neurri oso garrantzitsua izan daiteke. Jabego pribatuaren kontuak muga asko ezartzen ditu eta hainbat gaietan min handia egin duela uste dut.