hurrengoa
Tony Oursler blanca oria   Nueva York, 1957
“Nire amak New Yorkeko museo guztietara eramaten ninduen”.
“Nire izeba-amonak, Zita Mellon, margotzen irakatsi zidan. Aldi berean Rockland Community Collegen Korra Raffoserekin ikasi nuen. Bere gain hartu eta Cal Artera bidaltzearekin batera salbatu ninduen. Hara iritsitakoan uste nuen margotzea zela dena, margotzearen bitartez dena itzultzerik bazegoela”.
“Unibertsitateak beste medio batzueta murgiltzera behartu ninduen: argazkigintza, zinema, aretoak, musika, performanzeak... eta abar”.
“Teknologiak txundituta utzi ninduen. Nire izaera aktiboarekin bat zetorrela ematen zuen”.
“Pertsona arrunten eskura ez dagoen mundu magikoa da telebista. Haurra nintzenean asko erakartzen ninduen. Nire oroitzapenetan gauza harrigarria da telebista. Baina era berean hutsik eta hoztuta dagoen tokia da... horretan datza hain zuen bere erakargarritasuna, dualtasunean”.
(Tony Oursler eta Mike Kellyren arteko elkarrizketa zatia)
Donostiako KM aretoak Tony Ourslerren atzera begirako erakusketa eskaini du.

Judyren benetako "ni"a
Trauma sikologiko edo sexual baten biktimak direnak “barneko niaren” kontra defendatzen dira, beraiek pairatu behar izan dituzten torturei aurre egiteko gai diren pertsonaiak azaleratzen dituzte. Nortasunaren anabasa anitza deitzen da. Patologia hau mass mediek eragiten duten prozesuarekin konbinatzen du Tony Ourslerrek.
Gaixoek nortasuna aldatzen dute, telebistaren aurrean dagoen ikusleak katea aldatzen duen moduan. Jatorriz iparramerikarra den fenomeno hau —munduko hainbat tokitan patologia hau existitzen denik ezbaian jarri ohi da— mass mediek gizartean eragiten duten histeria kolektiboari leporatzen zaio. Hau izan da Tony Ourslerri “Judy” izeneko aretoa eraikitzen lagundu diona. Zapiez egindako panpinak, altzari zatiak eta orotariko objetuak espazioan barreiaturik daude. Barrutik zuzentzen den urrutiko kontroleko kamara batek ikuslea kontroladore bilakatzen du, pertsonaiek nortasunaren zabaltzeak eragiten dituen traumen berri ematen duten bitartean. Oinazea, beldurra, haserrea eta memoria dira nortasun berrietan bukatzen den bidea hasten dutenak. Horror, Boss eta Fuck You deitzen diren hiru panpinek Judyren nortasuna irudikatzen dute, mehatxuetatik garraisira igaro ostean, zurikerian bukatzeko. “Gelaren gainean hegan egin nuenean soilik somatu nuen aislamendua. Nire azpian ikusi nuen, nola nire biziraupena ziurtatzeko sortu nituen haurren gorputzak inbasoreek torturatzen zituzten” , esaten du Judy izeneko paziente batek Ourslerren lan honetan.

Euren buruen bentrilokuoak
“Afera handiek gauza txikiak azaltzen dizkigute, pertsonala dena unibertsala azaltzen digun moduan... Nire lan handi bat bi maila horien artean mugitzen da” (Tony Oursler).
Kolorezko zapiez egindako panpinen historiak dira Ourslerrekin gehien identifikatzen direnak. Browningeko freakien unibertsotik ateratakoak balira bezala, euren buruek ez dute aurpegierarik, ezta kolorerik ere; aktoreen aurpegien pantaila dira soilik. Elkarrizketak, tarteka krudelak eta tarteka patetikoak, tarteka kexuz beteak eta tarteka kritikaz, batzuetan errepikakorrak eta besteetan inolako zentzurik gabeak. Panpinak sabeliztunak dira, ez dute gizaki baten beharrik bizirik egoteko, aski dute proiektore baten argi izpiekin, non ehundaka historia ezkutatzen diren, ordezkagarriak, bukaezinak... Sujetoa beti berdina da, geldirik, paretan zintzilik, maleta baten azpian gorderik, aulki, bota pare bat eta koltxoiaren zama pairatzen. Kexuka, oihuka edo lelo berdina errepikatzen, ikuslearekin jolasean, lastima eragiten, beldurra, jakinmina, baina inoiz ez ezaxola. Keinuak aurpegietan ageri dira, gainerako gorputz atala zapi puska beteak dira, zeinak elkarrizketak izaten dituzten, haserreak... Aldika taldeak osatzen dituzte, non bakoitzak bere gelditasunean errealitate telenobelatua eratzen duen, proportzio arrunten itxuraldaketak elementu berezi bat bezala funtzionatzen duen. Nola liteke zapiez egindako 60 zentimetroko panpin batek hausnartu ahal izatea, nola kexuka agertzea? Nola gerta liteke, paretan zintzilik dagoen bitartean, geure burua ezagutzen dugun moduan ezagutzea, gizakien begiekin begiratu eta gizakien ahotsarekin hitz egiten digun bitartean? Tony Ourslerrek horrela aztetzen du ikuslearen jarrera. Eta bide batez, ikusi ahal izan du nola haur batzuek beldurra dieten bitartean, beste batzuek “jostailu txiki” hauek laguntzera hurbiltzen diren. “Rock” (1996), “Trouble” (1997), “Escort” (1997), “Mmpi” (red) (1997), “Horrerotic” (1994)... dira Ourslerren izakiak. Bere hitzetan, “mamu elektroniko” horiekin betea dauka burua.

Skulls and still lives
“Iluntasuna gorroto dut. Argia maite dut”. (Tony Oursler)
Gardentasunak, argiaren errefrakzioak eta botere mitikoek edo ezkutukoek Ourslerren arreta diamanteetan eta bitxietan jarri dute. Horiek izanen dira “Skull and still lives” (1998) lanean burezurraren zuloetatik aterako diren harribitxiak. Ourslerrek argiari eskaintzen dion arretari beste obsesio bat gehitzen zaio hemen: heriotza. Ispilu multzo eta ganbilek argiarekin jolasten dute errealiatea disolbatuz itsututa utziko zaituen argi izpiekin, arreta puntu batean finkatuz edo soilik normaltasuna aldatuz. Ourslerrek heriotza bere modura irudikatzen du, liburuen gainean atseden hartzen duen edo barruko argia islatzen duen mezu konkretu baten forma ematen dio. Heriotzari egiten dion omenaldi honetan Ourslerren deabruak ageri dira; aurrerapen teknologikoari, berritasunei, garai batean rock and rollari eta interneteko lehenengo urratsei loturik daude. Eta beren inguruan existitzen ez diren aingeruak daude, Ourslerrek sortzen dituenak, gure errealitatea hain aspergarria izan ez dadin, gauzen zentzua norabide bakar batean joan ez dadin.