eleak kirmen uribe
hurrengoa

LAGUN IZOZTUA

Joseba Sarrionandia · Elkar

Goio Ugarte Nikaraguako kostalde atlantikoan bizi da aspaldi samarretik, jendea ingelesez mintzo den Bluefields aldean. Legezko paperik ez badu ere inguruko herritarren babesa dauka, erizaina delako besteak beste. Halako batean, baina, “izoztuta” geratu da: ez du inor ezagutzen, ez du hitz egiten, ez du ezer oroitzen, ez erreakzionatzen. Goiori laguntzera dator Maribel “postaria”, errefuxiatuen artean pakete eta gutunak jasotzen eta banatzen ibili ohi dena. Managuan Goiorentzako moduko psikiatrarik aurkitu ezinda, Ekuadorrera eramatea pentsatzen du, han bizi baita Andoni, hau ere iheslaria eta Goioren txikitako laguna, adiskide giroan Goio errazago sendatuko delakoan.
Horrela hasten da nobela, baina hortik aurrera hiru narrazio garatzen dira, paraleloan eta kontrapuntuan. Hari horietako batean, abiapuntuari zuzenean jarraitzen dion harian hain zuzen, Goioren gaixotasuna eta honen gorabeherak kontatuko dizkigu Maribelek, orainaldian eta lehen pertsonan; Lehenaldikoa da beste kontakizunetako bat: 14 urte zitueneko ikasturtea oroituko du Andoni Martinezek; bera bilbotarra izanik, Kalaportuko jesuitenera interno bidaliko dute gurasoek, eta han ezagutuko du Goio, Kalaportu bertako mutikoa. Iniziazio-nobela bikain baten ezaugarri guztiak dauzka atal honek, helduen mundura sartzeko sekretuak banan-banan deskubritu eta begi berriz ikusiko baitituzte harrezkero Etorkizunean kokatzen da hirugarren haria, narratzaile orojakile batek geroaldian kontatzen edo aurresaten baitigu Goiok, sendatu ostean, Antarktikara doan espedizio zientifiko batekin egingo duen bidaia.

hurrengoa

SEPTENTRIO

Aurelia Arkotxa · Alberdania

Liburu honetan, lehenik, sartaldeko lehor aurkitu berrietara joan baino lehenago, sortaldera buruz abiatzen da autorea Marco Poloren eta Mandevilleren hatzei jarraikirik, kartografia fantasmagoriko bat irekiz. Ondotik, manera autobiografikoago batean, ipar-mendebalderantz itzultzen da, lur berrietara buruz: ametsetarik bizi izanikakoen kontakizunera, baina beti Terra incognita eta Mundu aurkitu beharraren argitan. Ternuara joan aspaldiko euskaldunen aztarnak segituz, bere baitako gogo-bidea marrazten du. Eta, bururatzeko, liburuak zabalik uzten duen itsas espazio baztergabea, bakarrik: “Ontzia emeki-emeki desagertuz doa, itsasoa bakar, bazterra huts.