hurrengoa
www.koneisto.com txo!?   www.koneisto.com idatzi eta... rrrrrrrrrrrrrr... eskuak ordenadorearen soinua jaisteko mugimendua eginen du seguruenik, soinu errepikakor eta desatsegin bat agertuko zaizu enter hitza klika dezazun zain webgunean sartzeko, eta jada, sarreratik bertatik, gorri koloreak gure bidea markatuko digula adierazten zaigu.
Gure aurrean grafiko kaotikoa, enter hitza hainbat alditan errepikatua, moztua; eta atzean HTMLa agerian uzten badu, kodea azalduko zaigu, metalengoaia?
Interneten sortutako hainbat kontzepturekin jokoak egiten ditu webgune honek. Hasieratik ikusten den moduan, soinuak berebiziko garrantzia dauka webgune honetan eta gure mugimendu guztiak horrekin lagunduak izanen dira, musika elektronikoaren jaialdi baten webgunean bageunde bezala. Hala ere, ez da musika laguntzen gaituena, baizik eta soinua, era guztietako eta apropos kokatutako soinu elektronikoak, telebista eta bestelako elektrogailuetan egunero entzuten ditugun soinuak. Hau dena ezinezkoa litzateke, flash bitartez egina egongo ez balitz; flash teknologiak ematen dizkigun baliabideen agertokia baita webgunea.
Tira, joan gaitezen aurrera: enter klikatu eta lauki batean menu eta paisaia txukun eta garbia agertu zaigu; soinua? telebista seinalerik gabe geratzen denekoa.
Ongi, goazen lasai: menuko hitzetako bat klikatu eta loader bitxi bat agertu zaigu guzti honen gainean; arruntena beste orrialde batera aldatzea izanen litzateke (nahiz eta, flashetan gaudenez, orrialde esan baino eszena esan beharko genukeen, jada ez baita orrialdeez antolatzen, flashez baizik). Kargatuta dagoenean, olatu gorri bat bailitz, azpitik etorri eta den-denaren gainera orbain gorria dator gorantza, eta atzean zirriborraturik, marearen antzera era guztietako zikinkeriak utziz, menuan eskatua genuen eduki berria.
Edukien artean bi berritasun garrantzitsu aurkituko dituzu. Batetik, webguneak informazio guztia paisaia berdinean eskaintzen dizu, olatuaren poderioz eta honek uzten duen arrastoen arabera aukera ezberdinak emanda. Bestetik, paisaiak ez dauka neurri arrunta, ez horixe, hasieratik irakur baitezakegu (hizki txikitan) webgunea 800x2800 pixelendako optimizatuta dagoela; beraz, parentesi artean, ezker-eskuin joateko scroll barra erabiltzeko gonbita eginen dizu.
Edukia argi agertzen duen arren, behin eta berriro olatu gorriak marrazkitxo txiki eta orbain gorriez bete digu pantaila, batzuk animatuak beste batzuk ezin pixelatuagoak, baina denak koherentzia bitxi batez, forma organiko eta geometrikoak nahasiz. Horrek ikuslea nahas dezakeela badirudi ere, argitzeko eta datu guztiak hobeto mailakatzeko balio du.
Webguneak sorpresak dakartza nabigatzen goazen heinean. Ez dago soberan handik eta hemendik safarian jardutea.
Harrigarriena? Hau dena ematen duela urte bete baino gutxiagoko bizitza izanen duen webgune batek.
Nire ustez? Abangoardia. Abangoardia erabilgarria. Zer gehiago behar duzu?

koneisto 2000
Koneistoko mutilek 2000 urteko festibalerako prestatu zuten webgunean, jada aurreratzen ziguten flash teknologiak ematen dituen posibilitateak anitz ongi ezagutzen zituztela, eta aurtengoaren oso modu ezberdinduaz. Hauxe aurtengoan kokatua dute linkaren bidez ikusi dezakezue edo bestela horretaz paso eta zuzenean http://www.koneisto.com/flash.html idatzi zeuen nabigatzailetan.

rpsonc
Koneistoko webgunearen egiletariko baten webgunean flashez eginiko beste bitxi bat aurkitu dezakegu: RPSONC edo Phunkiewsky rabinoaren komunikazio berrien eskola. Lehenbizi webgunetik begirada bat ematea gomendatzen dizuet. Edo joan zaitezte bestela zuzenean: http://ameba.lpt.fi/~tsuviala/rpsonc.html-era eta gozatu.