hurrengoa
mamacrea testua/test by: miryam gartzia   I  argazkiak/shots: mamacrea Nuria M. Cres, Ana i Punto (azken FETEN, Haur Antzerkiko Nazioarteko Azokan aktore onenaren saria jaso berria) eta Itziar Diaz de Duranak osatzen dute Mama Crea taldea. Ohiko antzokietan lekurik ez eta, irudimena erabiliz, antzerkigintzari bide berriak irekitzea nahiago dute. “Mama Crea orain dela hiru urte sortu zen. Hiru aktore emakumezkoek osatzen genuen taldea, gure sorkuntza lanak gauzatzeko eta, batez ere, gure produktu propioak ekoizteko helburuarekin. Beste zerbitzu mota batzuk eskaini nahi genituen, ohiko antzerkigintzako mugetatik ateratzen direnak, ohiko antzokietan ez baitugu tokirik. Egun, gure eremua zabala da: antzerki-eskolak, familia artekoak zein enpreseei zuzenduak; eskoletako klasez klaseko antzerki eskuhartzeak edo sketxak; gaubeldi tematikoak antolatzen ditugu, gai jakin baten gainean girotutako espazioak sortuz; eta beste hainbat ekimen ekoiztu ditugu, hala nola, Bilboeszenan egiten den Show Gela edota BADen iragarle den Itineris ekimena. Gerrila marketinga dugu beste zerbitzuetako bat, batez ere, enpresei zuzendua. Haien produktuak ezagutarazteko, gure antzerki bitarteko guztiak jartzen ditugu enpresaren mende, kasua kasu, neurriko marketinga eginez, street marketinga bidez edo beste eremu batzuetara zabalduz, eta publikoarekin harreman zuzena lortuz, antzerki ekintza baten bidez.
Jendea ez doa antzokira, beraz, Mahomarena egin behar. Bestetik, antzerkirako espazio berriak bilatzea eta asmatzea gauza polita da. Sortzen dugun guztia emoziotik sortzen dugu, hori da gure marka, Ama bat bezala. Edozein ekintza burutzean, bihotzarekin egitea. Oso neskazalea da hori (irriak). MamaEmotion deitzen diogu ekimen horri. Aktore izatetik soilik ezin zara bizi. Gu hirurok urteak eman ditugu denetarik egiten, eta denetarik egin behar duzu ofizio honetatik bizi nahi baduzu. Enpresa sortzerakoan, argi genuen ez zegoela ezer ezin zitekeena egin. Nork esan zuen ezin zitekeela dantza ekintza bat egin denda batean, jendeak erosten duen bitartean? Hamelin Proiektua deritzogun ekimenarekin adibidez, jendea antzokira eta antzerki kulturara hurbiltzea nahi dugu, ekintza labur baten bidez, adibidez. Azken finean, antzerki talde bat gara, espazio berrien bila. Aireportua, supermerkatua, edo antzokiko sarrera- jendea itxoiten ari den bitartean, hor egongo gara gure lana aurkezten. Proposamen berriak espazio berrietan, ohiko antzerkigintzaren masifikazioaren kontrako irtenbide eraginkorra da, gure ustez. Antzerki hutsetik aldendu gabe. Gure hurrengo antzerki proiektua aretorako zein kalerako erabili daiteke; oso eszenografia sinplea izango da, klown hizkuntzatik abiatutakoa. Hori da Mama Crearen beste ezaugarrietako bat: klown sentimendua. Azken finean, sudurra ala sudurrik gabe, aktoreak gara”.