hurrengoa
california city: hautsa eta hutsunearen hiria    Preziatzen den hiri orok behar du konpetentzia egingo dion beste hiri bat inguruan. Ugariak dira adibideak: Rio de Janeiro-Sao Paulo, Madrid Bartzelona, Roma-Milan, Tokio-Kioto, Medellín-Bogotá, Mumbay-New Delhi,... California aberatsean, Los Angelesek ez zuen tira-biratan sartuko zen bizilagunik. San Frantziskok bete zezakeen paper hori baina hippien hiri kuttunak ez du sekula izan lehiakortasun izpiriturik. California, XX. mendean, ametsen lurralde bihurtu zen. Milioika gizaseme abiatu zen bertara beren aukeraren bila. Nat Mendelson izan zen pertsona horietako bat. Bere ametsa ordea ez zen nolanahikoa: Los Angeles hiriari itzala egingo zion hiria eraiki nahi zuen. Mojave desertuan 320 kilometro karratu erosi eta hiria eraikitzen hasi zen. 105 metro karratuko laku artifizial batekin hasi ziren eta berehala, makinak norabide guztietara zabaldu ziren Mendelson-en asmo urbanistikoak betetzeko asmoz. Ez dago ukatzerik, maparen gainean behintzat bere ametsa bete ez zuenik. California City, egun, Californiako hirugarren hiririk handiena da eta herrialde osoko 34. AEBtako hirien urbanismoari jarraiki, hiri erdigune bat eta auzo periferikoz osatua, postari ororen ametsgaiztoa den kale izendegi amaigabe horitakoa du. Postariek ordea ez dute arazo berezirik California City-n. Hiriko kale gehienetan ez dagoelako eraikuntzarik. Ez etxerik, elektrizitate posterik, espaloirik ez eta arbolik ere. Mendelson-ek, ez zuen desertuaren berezitasuna ezagutzen eraikuntza lanekin hasi zenean eta beste hainbat hirietan arrakastatsua izan zen 50-60. hamarkadako modelua kopiatzearekin nahikoa izango zela pentsatu zuen. Hauts ekaitzek berehala erakutsi zioten Mojave desertu hura ezberdina zela. 51 . urte igaro dira Mendelson-ek California City eraikitzen hasi zenetik eta egun 14 mila biztanle ditu gutxi gora behera. Guztiak hiriko hego-mendebaldean bizi dira, lakuaren inguruan hain zuzen ere. Hiriak gainera lortu du bizirauteko modurik. Bertan, 2500 presoentzat eraiki zen California City Correctional Center kartzela eta base militar batek bizirik mantentzen dute hiria. Hondak ere frogetarako zirkuitu bat du, baina auto industriaren krisialdiarekin zalantzan dago honen jarraipena. Hiriko webgune ofizilaka dioenez, hiria hazten ari da eta proiektu ugari dago,
baina Google maps-en bitartez bertara egin dugun bisitaren ostean zalantzan jartzen dugu
webgunearen ikuspegi baikorra. Guk gainera dagoen moduan nahiago dugu. Gizakiaren anbizioaren isla den XX. mendeko ¨Nazca¨ moduko hau utziko diegulako etorkizuneko ¨paranormalei¨.