hurrengoa
the tielman brothers: oihanetik etorri zen rock´n´roll basatia    Marinelaren semeak
Tielman Brothers-en historia Surabayan hasten da. 1945 inguruan, Herman Tielman, Royal Dutch Indonesian Army-ko kapitaina, Japoniarren kontzentrazio eremu batetan preso egon ostean, Surabaya herrian zuen etxera itzuli zen. Bertan, bere musika zaletasuna kutsatzen hasi zitzaien bost seme-alabei (Reggy, Ponthon, Andy, Loulou eta Jane). Indonesiako folk kantuak eta dantzak ikasten eta antzezten zituzten aitak etxean antolatzen zituen afarietan. Baina Herman-ek, Indonesiako folk gozoaz gain, doinu berriak eta alaiak ere maite zituen. Marinela izaki, bazekien portuetako merkantzien artean mugitzen, eta berehala lortu zituen itsasoaz bestaldetik zetozen instrumentuak. Haur bakoitzari instrumentu bat eman zion: Ponthon semeari kontrabaxua, Reggy-ri banjoa, Loulou txikiari bateria eta Andy-ri gitarra. Janek, neska bakarrak, bere ahots ederrarekin konformatu behar izan zuen. Berehala hasi ziren aitaren lagunen festetan jotzen. Eta, denbora gutxira, beste hiri batzuetara ateratzen hasi ziren. The Timor Rhythn Brothers izenarekin jo zuten uharteko hainbat tokitan, Herbeheretatik etorritako De Wanna´s, The Ramblers eta The Skymasters taldeekin batera.
1949ko abenduaren 29an, Indonesiak independentzia lortu zuen. Tielman familiaren arrakasta Indonesia guztira zabaldu zen, eta Djakartan Soekarno presidentearen aurrean jotzera iritsi ziren. Koxkortzen hasiak ziren, eta Tielman gaztetxoek doinu ausartagoetara egin zuten salto. 1951n, Elvis Presley, Little Richard, Bill Haley, Fats Domino, Chuck Berry eta Gene Vincent-en kantuen moldaketekin hasi ziren. Indonesia osoan bira bat egitea eskaini zien gobernuak, baina baldintza bat jarri zien: Herbeherar nazionalitateari uko egitea eta Indonesiarra onartzea. Herman Tielmanek ez zuen hori onartu, eta 1957an bere jaioterrira itzuli zen familia osoarekin.

Herbeheren konkista
Herbeheretara iritsi zirenean, jantzi tropikalez betetako maleta txikiak eta musika tresnak soilik zuten ekipaje. Aita, guda heroia izateagatik, neguko jantziak lortu zituen militarren eskutik. Breda hirian, ur kanal batean lotutako barku-etxe bat izan zen Tielman familiaren lehen etxea. Janek taldea utzi eta lanean eta ikasten hasi zen. Azal iluneko lau anaiak, ordea, iritsi bezain pronto ekin zioten musika jotzeari. The Tielman Brothers edo The 4 T´s izenekin probintzia osoko dantzalekuetan eta taberna zuloetan hasi ziren euren rock´n roll doinu exotikoak eta biziak erakusten. Kantu propioak sortu zituzten, eta estilo propioa garatu zuten. Andy, gitarrajolea, Bruselasen ezagutu zuen neska batekin ezkondu zen. Tielman anaien soinu-banda izan zuen eztei-gaueko festan, baina, haren ostean, sute batek tresnak eta material guztia suntsitu zuen. Andy-ren emaztearen aitak musika tresna berriak erosi zizkien AEBtan (horien artean Gibson gitarra bat) eta amplifikagailu bat eta soinu ekipo berri bat oparitu zien. Bat batean, Fenix hegaztiaren moduan, Tiellman anaiak errautsetatik birsortu, eta sekulako arrakasta lortu zuten. Halakoa izan zen haien arrakasta, ezen telebista alemaniarretik hotsegin baitzieten eta ¨Paprika¨ izeneko musikalera gonbidatu zituzten 1958an. Urte berean, euren lehendabiziko singlea grabatu zuten. Haien bi kantu Herbeheretako pop historiako arrakastatsuenetakoak bihurtu ziren: ¨Record Hop¨-en erritmo dantzagarriak eta ¨Swing it up ¨-en erakusten zuten gitarren eta ahotsen abileziak nazioarteko bihurtu zituen. Herbeheretako telebistak zuzenean jotzeko hotsegin zien, eta ez zuten aukera pasatzen utzi. Herbeheretako ikusle hotz eta serioak aho bete hortz utzi zituzten han antolatu zuten r´n r festarekin. Telebista kateak kritika ugari jaso zuen oihanetik zetozen basati haien ikuskizunagatik. Guraso elkarteek euren seme-alabentzat eragin ezkorra zirela esan zuten... eta, hain zuzen ere, horrek bultzatu zituen lau beltzaran hauek ilehori gazteen idolo berriak izatera. 1963an Jane berriro batu zitzaien anaiei. Ordurako, Andy oso ezaguna egin zen bere gitarra jotzeko modu ikusgarriagatik. Gibson eta Fender gitarrak erabili zituen, harik eta 1966an Vox gitarra bitxi bat lortu zuen arte. Gitarra bitxi haren doinuek iraultza ekarri zuen Tielman anaien musika estiloan. Garaje doinu berriek ordura arte jotako rockabilly soinuekin uztartu zituzten. Hamarkada berriarekin, hippien agerpenarekin, eta dantzalekuen eta zuzeneko musika jotzeko aretoen desagertzearekin, taldeak indarra galdu zuen. Zuzenean jotzeari utzi zioten. Gerora bildu izan dira tarteka, baina guri interesatzen zaigun taldea 1971n amaitu zela esan genezake.