hurrengoa
air doll    Hirokazu Kore-eda zuzendariaren azken lana, Kûki Ningyô (Air Doll) Yoshiie Göda komikigilearen manga batean dago oinarrituta. Panpin puzgarri baten bizitzaren eskutik, hiriko egunerokotasunaren bakardadea, denboraren iragana eta fantasia gauzatuen inguruko hausnarketa eder bezain latza erakusten digu zine zuzendari japoniarrak. Istorioa ez da berria. Luis Garcia Berlangak Tamaño natural filman ere kontatu zuen maitasun istorio puzgarri bat. Kore-edarena begirada ezberdina da, zinema asiarrak izaten duen inozentzia naif-a eta muturreko krudeltasunaren arteko nahasketaren emaitza. Bat batean, miraririk gabe, naturaltasun osoz objektu izatetik izaki bizidun izatera pasatzen den panpin puzgarri baten egunerokotasuna erakusten digu Kore-edak. Ia elkarrizketarik gabe, panpinaren begi berrien begiradarekin kontatzen zaigun istorioan, gauzarik edo gertakizunik txikienak garrantzi itzela hartzen du: teilatutik jausten diren ur tantak, parkeko lokatza, bideoklubeko filmak... gauza eta gertakizun ohiko horiekin harremanetan, panpin puzgarriak bizitza deskubritzen du. Une erromantikoak une gordinekin kateatzen dira, sexua, maitasuna, beharra eta perbertsio aitor ezinak gure bizitzan kateatzen diren moduan. Beste norbaiten desioak eta fantasiak betetzeko sortutako objektua besterik ez dela deskubritzeak ekartzen duen mina eta ezinegona azaltzeko, Kore-edak primeran baliatzen du kontsumo objektua den panpin puzgarria. Ez dugu filma gehiago kontatuko. Merezi du detaile txiki horiek guztiek osatzen duten istorioa deskubrituz joatea filma ikusi ahala. Hirozu Kore-edaren inguruan hitz egiteko ere aitzakia ematen digu artikulotxo honek; bere lan ezagunenez gain, baduelako filmografia berezi bat: Tv Man Union ekoiztetxerako eginiko dokumentalak, adibidez. Baina hori hurrengo baterako utziko dugu, zabalago eta sakonago aztertzeko, Kore-edak eta bere filmeek merezi dute eta.