hurrengoa
BLANK DOGS giro misteriotsua Julen Azpitarte   Blank Dogs izenaren atzean pertsonaia misteriotsua ezkutatzen da. Diskoetan ez da sekula bere argazkirik agertzen eta kasik ez du elkarrizketarik eta zuzenekorik eskaintzen. Oraintsu elkarrizketa faltsu bat argitaratu dute AEBetako Maximum Rockandroll punk fantzine mitikoan. Nola liteke orduan mundu guztiko makina bat hedabide eta zaleren arreta jaso izana? Erantzuna bere diskoetan dago. New Yorkeko Blank Dogs workholic hutsa da. Urtean disko sorta zabalak grabatzen ditu munduko hamaika zigiluren eskutik, beti tirada txikietan eta gehienetan binilo formatuan. Iaz, esaterako, hiru 12 hazbeteko, -On two sides, Diana (The Herald) eta The Fields-, single sorta eta kaseteren bat grabatu ditu. Eta zer gordetzen dute artista anonimo honek grabatzen dituen diskoek? Hitz bitan esateko, Joy Divisionen bertsio lo-fi-a dela esan daiteke. Bere soinuan, Chrome punk taldea eta Kraftwerk talde elektronikoa elkarrekin oheratzen dira, pop melodiez bustiriko amets lisergikoak izateko. "Pop musika maite dut. 60ko popa, 70eko powerpopa, c86 estilo ingeleseko taldeak edo Kiwi materiala (Zelanda Berriko pop-rocka). Gustukoen ditudan talde asko pop kutsua dute. The Go Betweens, Television Personalities, eta antzeko materiala. Nirea ere popa dela esango nuke, baina giro bitxiarekin", esan dio Blank Dogs-ek the balde-ri posta elektroniko bidez.

Nolanahi ere, gaur arte behintzat, Interneten erabat finkatuta dagoen Garage-punk sarean lortu du arreta gehien Blank Dogs-ek. "Ez zait asko gustatzen garage-punk modernoa, talde on batzuk izan arren. Ez dut uste inor gai denik 60ko garage estilora edo 70eko eta 80ko punkera hurbiltzeko. Eta estilo biak konbinatuz gero, nor iritsiko litzateke Oblivians, Headcoats eta Dead Moon taldeen mailara? Inor. Nik uste eszena hori apur bar geldia dagoela eta horrek azaltzen du hanka bat indie rockean eta bestea zarata edo esperimentazioaren esparruan duten taldeak infiltratu izana. Eszena esperimentala garagepunk zaleen arreta irabazten ari da".

Hamaika zigilurekin disko piloa plazaratu ondoren, laster disko bikoitza kaleratuko du In The Red zigiluarekin eta di-da batean aldizkari komertzialetan ere azaltzen hasiko da, ziur. "Izan daiteke. Niretzako oso garrantzitsua da ahalik eta zigilu gehienekin lan egitea eta nahi dudana egitea. In The Red-ek nahi dudana egiteko aukera eman dit. Mugarik gabe. Beraz, ez dut ikusten inork hori baino hobeagorik eskaini ahal didanik? Diskoetxe handiago batekin lan egingo nuke zigilu txikiagoekin diskoak egiten jarraitzen utziko balidate".

Horren harira, horrenbeste disko grabatzeko nahikoa kantu nondik atertzen duen galdetu diogu: "Ezberdina da uneoro. Ez daukat kantuz beteriko lapiko handi bat. Niretzako naturala da asko konposatzea. Begiratu 60ko hamarkadako artista nagusiei, haien katalogoa oso handia da. Urtean bi edo hiru LP eta singleak plazaratzea oso normala zen". Hain zuzen berak egiten duen moduan. Horrez gain, kantu horien lo-fi soinua ere oso esanguratsua da. Sintetizadoreak, atmosfera psikodelikoak eta post-punk erritmoak grabatzeko erakusten duen lotsagabekeria amateurrak xarma berezia ematen diote bere lanei. "Batzuetan etxean grabatzen dut, beste batzuetan ez. Sekula estudioko giro tipikoan". Giroa da gakoa, giro bitxia.