hurrengoa
urrezkoenea borja izagirre   I  edorta subijana Maldan behera, Kantauri itsasorantz zabaltzen den zelai zabal eta baketsu batean, gaueko izarren argi izpiek hormigoizko hormak urre bihurtzen dituzteneko lekuan, altxor bat ageri da. Badirudi urteak eta urteak eman dituela han, baina ez da horrela. Altxor ttiki hau “Peña Ganchegui y Asociados” (1) arkitektoek eraiki berri duten Urrezkoenea etxebizitza da. Arkitekto talde gazte honek lortu duen emaitza arkitektonikoa paisaiagintzaren arloan sailka genezakela esan dezakegu.

Etxebizitza bere ingurunea bera da. Bere kokapena da bere bertutea. Itzaletatik aldenduz, eguzki izpien berotasun nahiak eraginda, maldan behera egokitzen dira hormigoizko hormak. Gure kostaleko itsaslabar batean aurki genezaken bunker baten antzera, eraikina erdi lurperatuta dago. Horrexegatik ez da erraza hura topatzea: oinezkoengandik ezkutatzen den bitartean, itsaso zabalerantz irekitzen da, Mutrikun dagoen Imanolena etxebizitzaren antzera (2). Bertako ezaugarri topografikoetan oinarrituz, lurzoruaren moldaketarekin jokatzen duen etxebizitza honek eguneroko bizitza itsasoari begira dagoen lur azpiko ezkutaleku magiko batean gerta dadin proposatzen du. Ez dago horma zuzenik. Ez dago angelu zorrotzik; dagoen angelu elkartzut bakarra horizontalaren eta horma bertikalen artekoa da.
Etxebizitza eta garajeak bi bolumen desberdinetan banatzen dira arranpa baten bitartez. Atzean mendia eta garajea, lur azpian, geratzen dira. Horrela, etxebizitza hegoaldeko eta mendebaldeko eguzki-izpiak jasotzeko gai da. Hasierako zelai horretan egingo genukeen edozein pasealekuren antzera, etxebizitza ere zeharkatu beharra dago proposatzen den bizimoduaren funtsa ulertu ahal izateko. Oinezkoen sarrera lehen aipatutako arranpatik egin beharrean, estalkian dagoen bidexka batetik egiten da. Horrela, era zeremoniatsu baten bitartez, eta kota altuena erabiliz, iparraldeak eskaintzen duen paraje izugarria aurkezten digu: Kantauri itsasoa. Ondoren, 180ºko bira emanez, eskailera batzuk jaisten dira oinezkoen sarreraraino. Agerian geratzen da lurraren kota-aldaketarekin, zeruertzarekiko joko bisual bat bilatzen dutela arkitektoek (3).

Etxebizitzak bi pisu bereizten ditu: etxebizitza gehienetan eguneko eta gaueko zonak bereizi egiten dira. Hemen, aldiz, urteko garaietan oinarritutako planteamendu bat azaltzen da: sotoko solairua iparralderantz irekitzen da, uda garaian hango lorategiaz gozatzeko aukera emanez. Udazkeneko eta neguko aize hotzetatik aldentzeko, berriz, beheko solairuak (sarrera) mendebaldeko eguzki-izpiak bilatzen ditu; hango logelek iparralderantz ematen duten bitartean,egongelako leiho zabalak Kantauri itsasoa erakusten du. Beheko solairuko sukaldeak eta logelek besarkatzen duten egongela, sotoko solairuan, igerileku biribildu zoragarri bihurtzen da. Eraikin berri hau argi-zuloz beteriko harkaitz bat balitz bezala dago kokaturik malda horretan.

Eraikin osoak “baso-etxebizitza” bat izan nahi du, eraiki baino lehen zeuden ezaugariak mantenduz. Guztia material berdinekin eraiki nahi izan da: estalkian belarra, lurrean egurra eta kanpoko azaletan hormigoia. Eszenatoki batek antzezlana hasten deneko momentuari itxaroten dion era berean itxaroten die Urrezkoeneak itsasoko ekaitzei, trumoiei eta goizeko lehen argi izpiei. Bertan, itsasoko olatuen zaratak, hodeiak, euriak, eguzkiaren berotasun epelak, kaioen kantak edo eta ipar haize bortitz eta zakarrak bihurtzen dira protagonista.

Proiektuaren egileak: Rocío Peña eta Mario Sangalli
Kolaboratzaileak: Anabel Varona, Edorta Subijana eta Josemari López.

1 Peña Ganchegui & Asociados Arkitektuak 2010ko COAVN - EHAEO sarietan, eman gabe geratu den etxebizitza sailean, finalista gisa sarituak izan dira etxebizitza honekin.

2 Luis Peña Gancheguik, 1964an, Imanolena etxebizitza eraiki zuen. Hura ere maldan behera kokatzen da, Kantauri itxasorantz zabalduz. Hemen ere estalkiak garrantzi handia du. Babesleku baten antzera planteatzen den Tipologia moderno honetan, patio zentralak etxebizitza osoa egituratzen du bere inguruan, berotasuna puntu guztietara eramanaz.

3 Luis Peña Gancheguik antzeko jokoan oinarrituz eraiki zuen 1975tean Tenis Plaza Donostian.