hurrengoa
farsari-roisin: bi gizon eta destinu bat    Argazkilaritzaren aitzindaria izan den Adolfo Farsariren berri izan genuenean, artikulu bat egitea erabaki genuen. Japoniako lehen argazkilaria izan da Italiar hau eta, hein handi batean, egunsentiko eguzkiaren herrialdeko irudiaren eta ikonografiaren sortzailea. Dokumentazioa biltzen genbiltzala, gertuago, gure inguruan, halako pertsonaiaren bat esistitzen ote den galdetzen genion geure buruari. Eta bai, guk badugu gure Farsari partikularra: Parisen jaio eta Katalunian bizi izan zen Lucien Roisin jauna. Garai, leku eta baldintza ezberdinetan bizi izan ziren biak, baina pasio bera izan zuten. Bi gizon hauen istorioa duzu honakoa. FARSARI

Adolfo Farsari 1841. urtean jaio zen Vincenzan; egun Italia da, baina garai hartan Austriako inperioaren barne zegoen, Lombardia-Venezia erresuman. Karrera militarra hasi zuen, baina aristokraziaren boterearen aurkako testu batzuk idatzi zituen. Ez zuen, beraz, lagun gehiegirik egin uniformedunen artean eta, ¨badaezpada¨, Ameriketara abiatu zen1863an. Bere ideologia aurrerakoiari jarraiki, esklabutzaren aurka borrokatzeko, bertako guda zibilean parte hartu zuen zalditerian bolondres. Guda amaituta, ezkondu egin zen, baina harreman hark ez zuen aurrera egin eta, 1873an, emaztea eta bi seme-alabak utzi, eta beste behin itsasoratu zen, Japoniarako bidean oraingoan. Yokohaman, E.A.Sargent merkatariarekin batera, hiztegiak, gidak, mapak, aldizkariak eta argazkiak saltzen zituen enpresa bat sortu zuen. Berehala konturatu zen bidaiekin zerikusia zuten produktuek geroz eta salmenta handiagoa zutela, argazkiek nagusiki. Tamamura Kozamuro argazkilariarekin bat egin zuen eta beste enpresa bat sortu zuten; Japonia osoan barna bidaiatzen hasi zen argazkiak eginez. Sepia koloreko argazkiek, ordea, ez zuten Farsari asetzen, eta japoniako margogintzaren tradizioari heldu zion bere lanen osagarri gisa. Argazkiak margotzeko pintoreak kontratatzen hasi zen. Bete betean asmatu zuen. Banan banan landutako argazkiek sekulako arrakasta izan zuten. Herrialdea bisitatzen zuen orok Farsari-ren lana eraman nahi zuen etxera. Japoniako dirudunen kapritxo ere bihurtu ziren haren irudiak. Enkargu ugari jaso zuen eta, Kozamuro sozioarekin hautsi ostean, enpresa berri eta handi bat sortu zuen A Farsari & Co. Bere teknikak irakatsi zizkien argazkilari berriei, herrialdeko mutur guztietara bidali zituen eta Japoniako koloreztatzaile onenak kontratatu zituen. Artistez gain, lanerako materialik onenak erabiltzen zituen beti (horri esker kontserbatu dira hain ongi), eta horrek bere lana garestitzen zuen. Denbora gutxian, Japoniako argazkilari ofizial bihurtu zen Farsari. Halakoa izan zen haren arrakasta, ezen enperadoreak Jauregi Inperialaren argazkiak egitea eskatu baitzion, herriarentzat eremu itsia eta debekatua zena ordura arte.
1886an sute batek Farsariren estudioa eta negatibo guztiak suntsitu zituen. Kamara hartu, eta bost hilabetez egon zen Japonian barrena bidaiatzen eta argazki berriak ateratzen. 1887an estudio berria zabaldu zuen, eta 1889rako 1.000 paisaia eta erretraturen argazkiak eginda zituen.
Farsari ez zen berriro ezkondu, baina alaba bat izan zuen emakume japoniar batekin, Kiku izenekoa. Urteak pasa ahala, Italiara itzultzeko gogoa areagotu zitzaion. Aristokraziaren aurka idatzi zuen gazte hark, askotan geratu ohi den moduan, album berezi bat egin zion Italiako erregeari eta Italiara itzultzeko desioa azaltzen zuen gutun bat idatzi zion. Itzulera hori apaintzeko, Cavalieri titulua eskatu zion, Italiako aristokraziaren ateak ireki ahal izateko. Ez dago garbi lortu zuen ala ez, baina 1890ean, Kikurekin batera, beste behin itsasoratu eta jaioterrira itzuli zen. 1898an zendu zen Vincenzako jaiotetxean.
Turistentzako argazkilaritza komertziala egin zuen; haren asmoa ez zen sekula lan antropologikoa egitea izan, baina onerako edo txarrerako, Farsariren argazki koloreztatuek Japoniako IX. mendearen irudia eraiki dute. Japoniarrek argazkilari italiar bati zor diote euren buruaz duten memoria eta historiaren irudia.

ROISIN

Farsariren bizitza abentura bat izan bazen, Roisin-ena txango amaigabe bat izan zen. Ez zen itsasoratu edo herrialde ezezagunetan barneratu, baina bere inguruko paisaia eta jendea modu nekaezinean bildu zituen. Parisen jaio zen 1876an. Gutxi dakigu haren gaztaroaz. Historiako lehen pelikula egin zuten Lumiere anaia famatuen aita ezagutu zuen, eta hark egiten zituen argazki kamaretako bat lortu zuenean hasten da Roisinen biografia. Montmatre inguruei eta han zebilen jendeari argazki artistikoak ateratzen hasi zen. Bere lana erosten zutenak nagusiki kanpotarrak eta turistak zirela jabetu zenean, ideia bat izan zuen. Serieak errebelatzen hasi, eta argazkiak postal gisa saltzen hasi zen. Urte gutxitan, Roisin-en estudioa Frantziako postal-egile garrantzitsuena bihurtu zen. 1917an, I Guda mundiala puri-purian zela, apenas zegoen Frantzian postalak idazteko aldartean zegoen gizasemerik. Toldrà izeneko enpresariak Roisin hiru urtez kontratatzea erabaki zuen, postalen negozioa Kataluniara eramateko asmoz. Roisin bartzelonara iritsi eta gutxira, bonbardeaketa batek bere familiako kide ia gehienak hil zituen. Ilobak Bartzelonara eraman zituen eta lanean hasi zen. Hurrengo urteetan, Iberiar Penintsulan barrena bidaiatu zuen, hiri, herri eta paisaiei argazkiak ateratzen.

La Casa Postal denda ireki zuten Bartzelonan eta, iloben laguntzaz, negozioak aurrera egin zuen. Roisin artxiboak ere gora-behera larriak bizi izan zituen. Ez zen Farsarirena bezala erre, baina Roisin-en koinata batek, zaborra zirelakoan, trapero bati saldu zizkion milaka negatibo original prezio barregarri batean. Zorionez, Labor argitaletxeak horietako gehienak berreskuratu zituen, traperoak ordaindu zuenaren bikoitza ordainduz. Egun, 40.000 negatibotik gora gordetzen dira Kataluniako Argazkilaritza Institutuan.

Euskal Herrian bisita ugari egin zituen, eta nagusiki gure kostaldeko herri eta hirien erretratuak egin zituen. Ezin dugu ahaztu turismoari begira eginiko lan komertzialak zirela.
Guk ere, hein handi batean, Roisin-en argazkiei zor diegu gure herrien garai hartako arkitektura, paisaia, janzkera eta ohiturak ezagutzea. Dendetan oraindik saltzen dituzten sepia koloreko postal horietan erreparatzen baduzue, etzaizue batere kostako L. Roisin sinadura topatzea.
1940an gaixotu zen eta, negozioa iloben eskuetan utzita, Frantziara itzuli zen. Marselle-n, hil zen bi urte beranduago.