hurrengoa
picha: afrikar komikia    ¨Picha¨k, swahiliz, marrazkia esan nahi du. ¨Picture¨ hitz ingelesaren afrikar moldaera da.
Ezezaguna da gurean Afrikar komikia. Apurka-apurka, ordea, ari zaizkigu gauzak iristen. Kontinente afrikarretik gurera egiten duen bide horretan, jakina, Frantzia izaten da zubia. Frantsesek bd-a (bande dessinée) maite dute, eta maitasun hori garai bateko euren kolonietara eraman zuten. Afrikan nagusiki egiten den komikiaren oinarrian, beraz, frantziar komikia dago. Frantziar komikiak ibiltzen dituen bideen eta eragin berrien isla ere iristen da Afrikara (manga, eleberri grafikoak...) eta, azken urteotan, komiki underground, sozial edo artistikoaren gorakada nabaritu da. Frantziatik datozen eragin horiek guztiak, hala ere, beren errealitatearekin nahasten dituzte egile afrikarrek. Emaitza: biolentziaz, korrupzioaz eta salaketaz beteriko komiki gordinak, gizarte basati eta aldakorraren testigantza binetetan, historiaurrea eta XXI. mendea bat egiten duten eremua paperean islatua.
Bestetik, komikia errealitatearen ispilu zehatza izaten dela frogatuz, komikigile afrikarrek euren ohituren eta sinismenen berri ere ematen dute. Nahasketa horrek, azkenean, Afrikako egunerokotasunaren berri ematen digu. Askotan uste denaren aurka, eta gure suposizioen aurka, urbanoa da nagusiki komiki afrikarra. Kontatzen zaizkigun istorioak kaletarrak izaten dira, egurenoroko errealitatean ardaztuak. Komikien bitartez, komunikabideek erakusten ez diguten Afrika ezezagun bat eta zinemak desitxuratzen duen errealitate ezberdin bat ezagutzeko aukera dugu. Egile ugari dago, izan ere, kontinente batetaz ari gara hizketan. Senegalen, Googoorlu komiki pertsonaiarekin eginiko telesaioa eskaintzen dute; Hegoafrikan egile ugari dago, eta irakurle andana dute jende xumearen artean; Keniako Litu marrazkilariak interneten zintzilikatzen ditu bere lanak (www.theshikwekwes.com); eta, nabarmenena ziurrenik, ondoko orrialdean hizpide duzuen Bolikostako Margarite Abouet-en ¨Aya de Yopougon¨ saila.
Aipatu bezala, komiki jaialdiak eta aldizkariak ugaltzen ari dira. Komikiak, gainera, oso prezio merkean ekoiztu daitezke Afrikan. Hezkuntza urriko biztanleentzat aproposa da, eta makina bat begiren aurretik pasa daiteke komiki aldizkari edo bilduma bakoitza (Etiopian, esaterako, IHESaren aurkako kanpaina egiteko erabili izan da komikia). Ziurrenik ez da negozio handia izango, baina komikiak asko du esateko eta erakusteko etorkizuneko Afrikan.

AYA DE YOPOUGON

Margarite Abouet-en komiki-bilduma honek Bolikostako auzo alai batean bizi den neska gazte baten istorioa kontatzen digu. Afrikatik etorri ohi zaizkigun bortxakeria eta gaisotasun estereotipoei aurre egiten die komiki honek. Aya protagonistari egunero gertatzen zaizikion gauzak kontatzen dizkigu Margaritek, Clement Oubrerie marrazkilari frantsesaren laguntzaz. ¨Ayarekin gertatzen dena da 4 orrialderen ostean ez duzula Afrikan pentsatzen baizik eta munduko edozein tokitan gerta litekeen istorio batean. Ni Abidjan hiriko Yopougon auzoan jaio nintzen. Hautsaz beteriko kaleak, eraikuntza kaskarrak… baina oso bizirik zeuden auzo bizitza eta elkartasuna. Hori, hala ere, 70eko hamarkada zen, nire haurtzaroa, ez nago itsu, badakit Afrikako hainbat tokitan hori ez dela errealitatea, baina nik ezagutzen dudanaz mintzatzen naiz ¨. Margarite Abouet-ek 39 urte ditu. Egun Parisen bizi da eta bere lanaren 300.000 kopiatik gora saldu ditu. 12 hizkuntzetara itzuli dituzte Ayaren eguneroko abenturak, eta 2006ko Angoulemeko jaialdian lehen saria jaso zuen. ¨Nire bizitza aldatu zen. Lege-aholkulari gisa egiten nuen lana utzi nuen, eta egun editoreak atzetik izaten ditut. Zorionekoa naiz¨. 2011n Ayaren paperezko gorabeheretan oinarrituriko filma estreinatuko da. Egun, neska paristar baten istorioa lantzen ari da; lan horren izena ere ezagutzen dugu: Wellcome. ¨ Pertsonaia zurien istorioak ere idatzi ditzaket, zer uste zenuten ba?¨.

www.africacomics.net