hurrengoa
mad men armairuan stf   I  stf Ezer gertatzen edo esaten ez denean zenbat gauza esan daitezkeen erakusten digu Mad Men serieak atal bakoitzean. Pertsonaiak eta euren zirkustantziak apurka deskubritzen ditugu, eta tarteka oso gertukoak, oso geureak sentitzen ditugu pertsonaien minak eta azal barruko infernuak. Gaur, ordea, azal hori gorde, eta erakusten duten jantziez arituko gara. Ez da kasualitatez azken urteotako telesailik sarituena izan. Aurreko arrazoi guztiek egin dute arrakastatsu Mad Men, baina horietako gutxik esan dezakete estilo edo moda bat berreskuratu dutenik. Mad Men-ek modan jarri du berriro 50-60eko hamarkada. Diseinatzaile ugarik onartu du telesail horren eragina. Jane Bryant da telesailaren estilismoaren arduraduna. Atal bakoitzeko 200 jantzi prestatu behar ditu. Mad Men maniaren arduradunak azalduko dizkigu bere lanaren sekretuak (guztiak ez, jakina, sekretuak baitira Mad Men seriearen ardatza).
TB: 50/60eko hamarkadetako moda zalea zinen aurretik, ala Mad Men telesailean lanean hasi zinenean sakondu zenuen hamarkada horietako estilismoan?


JB:  Moda diseinatzailea nintzen aurretik eta modaren historiak beti erakarri nau. Garai guztietako modak erakartzen nau. 50eko hamarkada hasierako moda-ikonoen inguruan gehiago nekien eta ez hainbeste 60eko hamarkadako hasierako modaz, baina liluratuta nauka garai hartako modak. Hain zuzen ere guda aurrekoa (Vietnam) eta presidentearen hilketa garaikoa ( J.F. Kennedy)... aldaketa handiko garaia izan zen eta horrek ere eragin nabarmena izan zuen modan.

TB: Matthew Weiner, telesailaren egilea, ezaguna da detaile txikienari ere erreparatzen diolako. Horrek erronka berezia suposatzen al du zure lanean?


JB: Matt eta biok ikuspegi berdina dugu alor horretan. Perfekzionistak gara geure lanetan. Ezagutu ginenean hiru orduz egon ginen hizketan garai hartako estilismoaz, diseinuaz, itxuraz... Ez genituen aktoreak eta pertsonaiak aipatu ere egin. Zentzu estetiko beretsua dugu. Horri esker, berak gidoiak eta informazioa ematen dit eta nire lana egiten uzten dit. Fidatzen da aktoreekin egingo dudan lanaz. Elkarlana da eta hori oso atsegina da.

TB: Zure lanaren erronkarik zailena?


JB: Galdera zaila da. Gauza asko daude, baina extrak aipatuko nituzke. Oso urduri jartzen naiz extrekin. Obsesionatuta nago. Pertsonaia nagusiak bezain ongi jantzi nahi ditudalako, baina ezinezkoa da atzealdean azaltzen diren 300 pertsona horientzat jantziak egitea. Atal bakoitzeko, batzuetan 100, beste batzuetan 200 jantzi prestatu behar ditut aktore nagusientzat, eta ezinezkoa zaigu extrak modu berean janztea. Hala ere, jabetzen naiz nire neura partikularra dela. Kamaran primeran ematen dutelako guztiek.

TB: Zein da janztea gehien gustatzen zaizun pertsonaia?


JB: Atal bakoitza ezberdina da, eta denboraldiak ere aldatzen dira. Bigarren denboraldian, adibidez, asko gozatu nuen January Jones (Betsy) janzten. Asko aldatzen delako. January guztiz eraldatzen da cocktail jantzi horiek janzten dituenean.

TB: Eta zer esan diezagukezu Joan Holloway pertsonaiaren inguruan? Bere gorpuzkera hori janzteko erabiltzen dituzuen jantziak iraultza moduko bat izan dira emakume askorentzako.


JB: Joan emakume puska bat da. Eta bere gorputza azpimarratzen duten jantziak eta koloreak bilatzen ditut. Garaian modan zeudenak, jakina. Ez dago edertasun molde bakarra. Gorpuzkera ezberdin ugari dago. Gorpuzkera horren abantailei erreparatzean eta probetxu ateratzen jakitean datza sekretua. Ez da Joan bakarrik. Telesail honetan kalean topa daitezkeen gorpuzkera ezberdin ia guztiak topatzen ditugu. Eta horietako bakoitzarentzat estilo aproposa lortzea erronka bat da.

TB: Zaila al da Mad Men estiloari jarraitzea mozorroturik gaudela sentitu gabe?


JB: Ez. Alkandora vintage bat eta praka bakero pitillo batzuk besterik ez dituzu behar. Kontua ez da janzten duzun guztia garai hartakoa izatea, baizik eta pieza esanguratsuak eta ikono direnak egungo jantziekin konbinatzen jakitea. Garai hartako zerbait erosten baduzu, nahastu egungo jantziekin. Ni nahasketen oso zalea naiz.