• 1
  • 2
hurrengoa
zinema estereoskopikoaren urrezko aroa    50eko hamarkadan, AEBtako gazteriak sesio bikoitzeko zinema areto txikiak betetzen zituen. II. Mundu Gerra amaitu berritan, gerra hotzaren hastapen garaian, eta mehatxu nuklearraren propagandaz elikatuta, gazteriak abentura, zientzia fikzioa eta beldurrezko filmak ikusteko irrikitan zegoen. Telebista konpetentzia gogorra bilakatzen hasia zen, eta zinema industriak telebistak eskaini ez zezakeen zerbaitekin erantzun zuen: 3D zinema. 1889an asmatu zen zinema estereoskopikoa edo 3D zinemaz ezaguna den teknika. William Friese-Green izan zen asmatzailea. Garai hartan, ordea, irudiak enfokea asko galtzen zuten eta ikuslegoari buruko min handiak sortzen zizkion. 1922an Nat C. Deverich-ek filmatu zuen betaurreko anaglifoekin (kartoi urdina eta gorria erabiltzen dutenak) ikusteko lehendabiziko filma, Power of Love. 30eko hamarkadako depresioarekin batera, 3D teknika desagertu egin zen zinema komertzialetik.

II. Mundu Gerraren ostean, zinema estudioen industria indarberritu zenean, indarrez itzuli zen zinema estereoskopikoa. Arrazoeitako bat telebistaren agertzea eta zabalkundea izan zen. Zinemak formula berriak eskaini behar zituen jendea aretoetara erakartzeko. Eta berehala ikusi zuten zinema estereoskopikoa izan zitekeela formula magikoa. Bwana Devil (1952) izan zen berpizte horri hasera eman zion filma. Estudioak jabetu ziren abenturazko zine herrikoi horretan 3Dak arrakasta handia zuela. Estudioko film klasiko eta tradizionalen alboan, B serieko filmeek herri guztietako sesio bikoitzeko zinema aretoak jendez betetzen zituzten. Vincent Price protagonista zuela, House of Wax izan zen 3D irudiez gain soinu estereofonikoa erabili zuen lehendabiziko filma. Filmaren zuzendariak, André de Toth-ek, paradoxikoki, ez zuen sekula bere sorkuntza 3Dn ikusteko aukerarik izan, begi bakarra zuelako. Hamarkada hasera horretan, B serieko 60 filmetik gora filmatu zen. Horien artean, It came from Outer Space (1953) eta Alfred Hitchcock-en Dial M for Murder (1954).
50eko hamarkadaren erdialdera, behera egin zuen 3D filmeen ekoizpenak. Filmaketa prozesu garestia zen; batetik, zinema aretoetako proiekzio tresnen moldaketa zela, eta bestetik, betaurrekoek jende askori sortzen zioten burukominak zirela, 3D filmen ekoizpena ia ia desagertu zen. Harik eta hamarkadaren amaieran, Cinemascope formatua erabiltzen hasi ziren arte. Formatu zabal horren ikusgarritasunak berriro eragin zuen 3D filmeenganako interesa. 1960an September Storn (1960) estreinatu zen, eta, bi urteren epean, 54 film gehiago ekoiztu zen teknika estereoskopikoa erabiliz. Baina, moda guztiek bezala, iraungitze data zuen eta berriro ere asko jeitsi zen ekoizpena.
3D zinema ez zen 70eko hamarkadara arte itzuli. Stereo-Vision etxeak sistema berri bat garatu zuen, eta ordura arte gertatzen ziren sinkronizazio akatsak konpontzea lortu zuten. 3Daren kalitateak gora egin zuen, eta teknika horrekin filmatu zen Avatar iritsi arte historiako 3D filme ikusiena izan dena: The Stewardesses (1970). 80eko hamarkadan ere fimatu zen pelikula sorta txiki bat. Horien arten, Spilberg-en Jaws (1983). Beste film sorta bat ere ekoiztu zen, baina ez zuten ikuslegoaren interesik piztu. Aipatzekoa da, ordea, 1986an Michael Jackson protagonista duen Captain Eo filma; Francis Ford Coppolak eta George Lucasek filmatuta, Disney parkean proiektatzeko ekoiztu zen eta ia 15 urtez erakutsi da han. 2000 urtetik aurrera, badirudi bigarren urrezko aro baten hastapenetan gaudela. James Cameron-ek 2003an Ghosts of the Abyss filmatu zuen eta, aurrerago, Avatar proiektuari ekin zion.
Zinema teknologiaren aldaketa amaigabe eta azkarrari esker, egunetik egunera hobetuz doa 3D teknika, eta geroz eta efektu ikusgarriagoak lortzen dira. 50eko hamarkadan gertatu zen bezalaxe, estimulu berrien konpetentziaren aurrean (bideojokoak, Internet...) zinemak 3D teknologia berreskuratu du.