• 1
  • 2
hurrengoa
tierra santa penguin2   I  penguin2 Tierra Santa, Buenos Aires hiriko ibai hertz luzearen punta batetan dago. Aeroparkearen pista amaitu eta hiriko eraikinak altura galtzen hasten diren eremuan.
Gure uste apalean, Buenos Airesek eskaintzen dituen tangoa, haragi-festa, Borges, Cortazar eta futbola bezalako aukera folklorikoak baino askoz esperientzia aberatsagoa da parke tematiko honetara bisita egitea.
Bisitariak, esperientzia mistikoa hasiera-hasieratik bizitzen hasten da. Sarrerako ilara egiten hasten den unean. Eguzkiak bete betean jotzen duen sarreran, 35 gradutara, antolatzaileek bisita infernutik hastea deliberatu dutela dirudi. Gainera, ilara luzea egiten ari zaren bitartean, girotzeko, bozgorailuetatik, Enya eta Enigmaren musika entzuten da... Ministry of Sound-en baino ozenago. Eta hori gutxi balitz, bi kaxa daude: batetan kanbioak dituzte, bestean sarrera txartela ordaintzeko diru kopuru zehatza dutenentzat da. Guk zorionez bigarrenerako dirua justu genuen. Lehen miraria bertan bizi ahal izan genuen. Azkarragoa zihoan bueltak eskaintzen zituen kaxa justu ordaindu behar zen gurea baino. Jainkoaren bideak ezezagunak dira. Sarrera txartela eskuetan, infernua atzean utzi eta harri-kartoizko eraikin eta palmeren itzalen paradisura sartu ginen. Sartu bezain pronto, beste ilara batetan jartzen zaitu soldadu erromatarrez jantzita eta eskuan zigorra duen tipo batek. Bertan, "photo-call" bibliko batetan, gero kanporako bidean erosi dezakezun argazki ofiziala egitea "derrigortzen" zaituzte. Guk itxaron izan behar genuen argazki rolloa aldatu behar zutelako! Lur santura ez da oraindik iraultza digitala iritsi, alboan genituen moja filipinarrek kamara digitala zutela jabetu ginen ordea. Erromatarrez jantzitako soldaduak, gure kristau artaldera berriro hurbildu, Joker-en tatuaje handi bat erakusten zuen hankaz bidea moztu eta bat batean ¿No serán del Real Madrid? galdetu zigun. Nik ezetz. Errealekoa nintzela, zoritxarrez.. berak Atletik-a nahiago zuela esan eta nire bizkarretik zetozen ilarako kristau gizajoei bere zigorraz aurrera egiteko agindu zien.
Ez naiz luzatuko. Liburu bat idazteko adina ematen duelako Tierra Santara eginiko bisita labur batek. Ikuskizunak eskaintzen dituela aipatuko dut ordea: pesebre, cenáculo, creación, resurrección eta show musical izen atraktiboekin bataiatuta. Hitz soilez ezin azaldu bertan bizitakoa. Harri-kartoizko lurralde biblikoan gainera, kale eta hertzetan barna galtzen hasi eta bat batean kristalezko kutxa batean (papamovilaren antzekoa) sartuta Joan Pablo II. aita santuaren eskultura batekin egiten duzu topo; bi eraikin haratago Ama Teresa; lau pauso eman eta Homenaje a Ghandi izeneko eskulturaz goza dezakezu; Down sindromeak jota dirudien Lutero-k ere badu bere gunea. Sarrera ordaindu zuten turista bakarrak ginen (moja filipinarrek ez zuten ordaindu mojaz jantzita joan zirelako) eta beste bisitari guztiak Buenos Aireseko hiritarrak eta Argentinako bazter ezberdinetatik etorritako fededunak ziren. Baina ez da dena gozamena. Badakigu kristauek beti ere sakrifizioa eta penitentzia present izaten dutela. Buenos Aires-ko uda sargoritsuan Tierra Santara bisita egitea fede froga bat da. Hiriko "pileta" (igerileku) publiko bakarra parke tematikoaren alboan dagoelako. Kalbarioaren menditik, Sodoma eta Gomorra bezain tentagarria den igerilekuko urdintasun freskagarriaz gozatzen duten "pekatarien" gozamena ikustea penitentzia gogorra da.
Zure ezkontza, seme-alaben bataioa edo mitz-var festa bertan ospatu nahi izanez gero jarri kontaktuan: