hurrengoa
galerian gora galerian behera    Manhattango Boweryn, Sperone Westwater arte galeria ezagunak espazio berri bat ireki du. Eta ez dio edozeini egin galeria berria eraikitzeko enkargua. Sir Norman Foster-ek (geriatrikoetan Brad Pitt-ek baino arrakasta gehiago duen arkitekto eleganteak) eta bere kideek diseinatu eta eraiki berri duten galeriaren ikusgarritasuna eta originaltasuna eztabaidatzerik ez dago. Bederatzi pisuko garaiera duen eraikuntzaren ardatza 4 x 7 metroko areto mugikorra da. Areto mugikor hori igo eta jeitsi egiten da eraikinaren egitura barnean, altuera ezberdinetan kokatutako artelanetara iritsi ahal izateko. Eraikuntza berezi honetan ¨pisu¨ kontzeptua bera erabat aldatu egiten da. Igogailu baten moduan funtzionatzen duen aretoa non geratzen den, han dagoela pisua esan genezake. Modu horretan, pisurik ez dagoela edo eta infinitu pisu egon daitezkeela esan liteke, gezurrik esan gabe.
Eraikuntzaren aurrealdea erdi gardena izanik, kaletik ikus daiteke galeriako zein pisutan dagoen zorua une oro. Zalantzarik gabe, etxe-orratz itxurako eraikuntza honek turistak eta bisitariak erakarriko ditu Bowery zonaldera. Hala ere, gisa honetako berrikuntza urbanistikoek aldaketa sozio-kulturalen iturri izaten dira auzoetan. Maila ekonomiko baxuko komunitateek alde egin behar izaten dute, diru gehiago dutenen mesedetan. ¨Elitizazio¨ edo, ingelesez, ¨gentrification¨ fenomenoaren inguruan mintzatuko gara zabalago, merezi du eta, The Baldeko beste zenbakiren batean.