• 1
  • 2
hurrengoa
the damned aritz branton   I  aritz branton 80ko hamarkadan, munduan zehar talde askok Sex Pistols edota The Ramones hartu zituzten txantiloitzat eta punkaren parodia egin zuten. Artista batek iturri batetik bakarrik edaten badu, azkenean, bere lana mugatu eta txiro bihurtzen da. Horregatik, lagun askok punk musika bortitza, oldarkorra eta pobrea dela pentsatzen dute. Sex Pistolsen fotokopia egitea ez da nahikoa musika interesgarria eta kementsua egiteko; emaitza ez da inoiz talde horren mailan egongo.
Dave Vanian (abeslaria), Captain Sensible (baju jotzailea – Zentzueko Kapitaina), Rat Scabies (bateria jotzailea – Arratoi Sarna) eta Brian James (gitarra jotzailea eta musikagilea) izan ziren The Damned (Madarikatuak) taldearen sortzaileak.

Sex Pistolsek baino lehen, baita The Clashek baino lehen ere, The 1976an plazaratu zuen Damnedek lehenengo diskoa, “New Rose”; Ingalaterrako lehenengo punk singlea izan zen. Punkaren lehenengo albuma, Damned, Damned, Damned, abesti kementsuez beteta dago: probokatzaileak, dibertigarriak, berritzaileak. Taldearen sormena eta askatasuna nabari ziren hasieratik.

Bigarren albuma ahula izan zen, neurri handi batean Pink Floyden Nick Mason ekoizlearen erruagatik. Taldekideek taldea bertan behera uztea erabaki zuten. Horretan ere aitzindariak izan ziren The Damned: banatzen zen Ingalaterrako lehenengo punk taldea izan zen. Berehala itzuli zen The Damned, baina Brian James gabe. Berriro ere, aitzindari izan ziren: berrelkartu zen lehenengo punk taldea izan zen.

Kapitainak gitarra eta teklatuak jotzeko ardura hartu zuen, eta talde osoa hasi zen abestiak moldatzen. Urte hartarako Machine Gun Etiquette diskoan (Metrailetako Etiketa) aldaketa horiek agerian daude. Indar izpirik galdu gabe, abestiak lehen baino anitzagoak dira: poparen, psikodeliaren eta gotikoaren eraginak ere ditu. “Love Song”, “Can’t be happy today” eta “Smash it up” abestiak bereziki onak dira.

1982an Kapitainak bakarrik ibiltzea erabaki zuen eta, hasieran behintzat, arrakasta komertzial handia izan zuen. Bere diskoetan The Damned taldekidea izan zela nabari da nolabait, baina batez ere pop musika egiten zuen.

Bitartean, The Damned taldeak jarraitzen zuen. Hogeita hamabost urteotan zehar hamar album plazaratu dituzte eta munduan zehar eman dituzte kontzertuak. 1996an Rat Scabies taldetik atera zen eta Kapitaina itzuli egin zen.

Jarraitzaile askoren ustez, 2008ko So, who’s paranoid? (Bada, nor da paranoikoa?) taldearen diskorik onenetakoa da. Ohi bezala, taldearen indarraz eta umoreaz gain, era bateko eta besteko eraginak nabari dira. Diskoaren azken abestia, “Dark Asteroid” (Asteroide iluna), Syd Barrett-i eskaintzen dioten omenaldi izugarri ederra da.

Esan bezala, artista batek iturri bakar batetik edaten badu, azkenean, aspertu egiten gaitu. Hogeita hamabost urte daramaza The Damnedek bere musika indartsua, anitza eta dibertigarria eskaintzen munduari. Iturri asko erabiltzen dituztelako eta musikari eta sortzaile onak direlako, ezinezkoa da talde honekin aspertzea.

Punk musika ez da inoiz izan “Buaj!” esatea besterik gabe, eta, hori ikusteko, adibide on-ona da The Damned. Punkaren ezaugarririk garrantzitsuenetako bat askatasuna da. Txantiloiak erabiltzeak askatasuna murrizten digu eta aspertzen gaitu. Dibertigarriagoa da The Damneden askatasunarekin gozatzea!