hurrengoa
blacksad errealismo antropomorfikoa    Blacksad genero beltz klasikoko komiki seriea da, eta animalia antropomorfikoak dira kontakizunen protagonistak. Istorioak AEBetan gertatzen dira, 50eko hamarkadan. John Blacksad katuak argitu egiten ditu trama kriminalak eta politikoak ardatz dituzten kasuak. Komikiak nazioarteko sari nagusiak jaso ditu, eta Frantzian, esaterako, non komikia goi-artea den, arrakasta ikaragarria erdietsi du. Animazioaren munduan jarduten duten Juan Diaz (gidoia) eta Juanjo Garrido (marrazkia eta kolorea) espainolak dira komikiaren egileak. Seriea (jada lau liburu plazaratu dira) noir tradizioko ereduetan oinarritzen da; alegia, estilo beltzeko topikoz josita dago, Raymond Chandler edo Dashiell Hammett idazle estatubatuarren nobeletan ageri diren detektibe pribatu klasikoen jokamoldeak errepikatuz, Sam Spade eta Philp Marlowe kuxkuxeroenak, hurrenez hurren. Haatik, komikia irudia erabiltzen duen hizkuntza dela aintzat hartuta, eleberriak baino haien zinemarako egokitzapenak aipatu beharko genituzke. Izan ere, Blacksad-en kontakizunek genero beltzeko filmen storyboard bikainak dirudite. Kamera mugimenduak, planoak, enkoadraketak edo elipsiak, John Houston zuzendariak, Hammetten testua oinarri hartuta, 1941an filmatu zuen The Maltese Falcon maisulan beltz aitzindarian egon zitezkeen.

Gidoiak, beraz, ez du irakurlea txundituko, nobelagintzan zein zinemagintzan sarritan irakurri eta ikusi diren istorioak kontatzen baititu, elkarrizketa borobilekin onduta egon arren. Blacksad-en erakargarritasunik eta bertuterik handiena Guarnidoren marrazkian dago. Fabula klasikoen patroiei segituz, pertsonaia bakoitzari animalia bat egokitzen dio. Hala, txakurra polizia izango da, katua abila, eta arratoia traidorea. Eta jolas antropomorfikoa hain dago ondo landuta ezen irakurleak ahaztu egiten baitu animaliak direla protagonistak. Marrazkilariak Disney faktoriako animazio filmetan egiten du lan, eta jakintza hori maisuki islatzen du narrazio grafikoan. Istorio arinak eta ezin hobeto girotuak gauzatzen ditu, detailez beteriko marrazkiak direla medio. Guarnidok, gainera, kolorea erabiltzeko gaitasun aparta dauka: flashback-ak edo pasarteak nabarmentzeko beste kolore batekin tindatzen ditu orrialdeak.

Iazko urte amaieran argitaratu zuen Dargaud argitaletxeak Frantzian eta Normak Espainian John Blacksad-en azken kasua: L’enfer, le silence (El infierno, el silencio). Oraingoan, katu detektibea New Orleans hirian da, eta, gaua amaitu baino lehen, Sebastian Little Hand Fletcher piano jotzailea aurkitu beharko du. Horretarako, drogez, magia beltzez eta jazz doinuez bustiriko giro zingiratsuetan murgildu beharko da.