hurrengoa
kathryn bigelow: biolentziaren dekonstrukzioa    The Set-Up (1978), The Loveless (1982), Near Dark (1987) Blue Steel (1990), Point Break (1991), Strange Days (1995), The Weight of Water (2000), K-19: The Widowmaker (2002), The Hurt Locker (estreinatzear). Ohikoena ez da artikulu bat zuzendari baten filmografiarekin hastea, baina berehala ulertuko duzue zergatia. Zine zale zaretenok hauetako hiruzpalau pelikula ikusi duzue ziurrenik. Azken 20 urteotan egin diren akzio, intriga, abentura, zientzia fikzio eta entretenimendu filmak dira. Palomita zinea deritzon zine komertzialaren adibide garbiak. Gutxik jakingo du ordea, guztiak Katryn Bigelow (San Carlos, California 1951) zuzendariarenak direla. Akzio generoaz hitz egiten dugunean, automatikoki, pelikularen zuzendaria gizonezkoa dela pentsatzen dugu. Honen errua ez da soilik gizonena. Emakumezkoen zinea genero gisa defenditu eta aldarrikatzen dutenek ere badute ardurarik. Askotan errazagoa da "emakume" "gay-lesbo-trans" edo bestelako zigilu baten azpian lan egitea merkatu orokorrean lehiatzea baino. Eta ez, ez gara ergelak (beno apur bat bagara...), badakigu zinearen merkatu komertzialean arazo handiak izaten direla. Baina horregatik aldarrikatzen dugu hemen Katryn Bigelow. Zuzendari honek, konplexurik gabe eta emakumeen sentiberatasun bereziaren motorik saldu gabe, gustatzen zaion akzio zinema filmatzen duelako. Arrakasta izan ez duten bere lanentzat ez du sexismoan oinarrituriko aitzakiarik bilatu eta hurrengoari ekin dio kementxu. Horregatik gustatzen zaigu Katryn Bigelow.
Bigelow-k arte ederrak ikasi ostean, zine dekoratuetarako margolari gisa hasi zen lanean. Mundu hark erakarrita zine proiektu bat aurkeztu eta beka bat eskuratu zuen Whitney museoan. Ostean, Columbia unibertsitatean arte teoria eta kritika ikasi zituen. Tarteka GAP moda etxearen publizitate kanpainetan modelo gisa ere parte hartu zuen. 1978. urtean The Set-Up film laburra egin zuen. Filmak irauten zituen 20 minutuetan bere ondorengo ibilbide guztiaren laburpena ikus daiteke. Filman, bi gizaseme borrokan ikusten ditugu, era guztietako azpijoko eta biolentzia motak erabiliaz. Eta guzti hori gertatzen den bitartean, off-eko ahots batek biolentziaren inguruko diskurtso teoriko eta antropologikoa botatzen du.
Bere lehen film luzea The Loveless (1982) izan zen eta 5 urte beranduago bere lehen arrakasta iritsi zen banpiroak eta western-a batzen zituen Near Dark (1987) pelikularekin. Tarte horretan James Cameron-ekin ezkondu zen. Askok pentsatuko du, bere senarrak lagunduko ziola bere zinemagintza ibilbidean. Ondo pentsatuz gero ordea, kontrakoa dela susmatzen dugu. Nahiko luke Titanic pelikulako zuzendariak egun bere ex emaztea denaren begirada eta jarrera zinematografikoa. Blue Steel (1990) filman Jamie Lee Curtis protagonista zuen polizia istorio bat kontatu zuen. Urtebete beranduago bere pelikularik ezagunena filmatu zuen Point Break (1991). Bertan Bodhy izeneko surfista eta AEBtako presidenteen aurpegia zuten maskaradun atrakatzaile batzuen atzetik ibiltzen zen Keanu Reeves FBIko agente gizajoa. 1995. urtean, egun aldarrikatu beharreko filma egin zuen. Angela Basset eta Ralph Fiennes protagonista zituen Strange Days. Gertuko etorkizunean gertatzen den zientzia fikziozko thriller beltz honetan ikusi genituen lehendabiziko aldiz gerora Minority Report, Matrix eta kutsu bereko filmetan azaltzen ziren errealitate-fikzio jokoak. The Weight of Water (2000) akziorik gabeko drama bat izan zen. Sean Pen, Katrin Cartridge, Sarah Polley eta Elizabeth Hurley aktoreekin egindako lan honetan, akzioa ez badago ere, modu isil eta mingarrian zabaltzen den biolentziarik ez da falta. 2002. urtean Harrison Ford protagonista zuen K-19: The Widowmaker enkarguzko filma egin zuen. Urpekuntzi istorio hau izan zen bere azken lana iaz The Hurt Locker filmatzen hasi zen arte. Playboy aldizkariko Mark Boal kazetariak idatziriko gidoi batetan dago oinarrituta eta Irakeko gerran kokatua. Oraindik ez du estreinu datarik, baina gu honez gero Bigelow anderearen hurrengo biolentzia pilularen zapore eta efektuak dastatzeko zain gaude.