• 1
  • 2
hurrengoa
barbie gaiztoa zenean uxeta labrit   1952. urtean Reinhard Beuthien komikigileak Lilli izeneko pertsonaia sortu zuen Bild Zeitung egunkarian eskaini zioten komiki zintarako. Egilearen asmoa publiko zabal batentzako pertsonaia zuria sortzea izan zen, baina Lilli-ren izaerak eta izanak jarraitzaile maskulinoak eskuratu zituen hasera haseratik. Lilli, emakume gazte, txolin eta sexya zen eta gizonezkoen fantasia ilunenak argitzen zituen bere ile horiarekin. Zin egingo genuke Nabokov-ek 1955ean Lolita idatzi zuenean Lilli zuela buruan. Lolita argitaratu zen urte berean, egunkariko paperezko bi dimentsioen kortsea askatu eta Lilli panpina fabrikatzen hasi ziren. Lepo fina, gerri hestua, hanka luzeak eta batez ere panpinari marraztu zioten begirada maltzur eta lizunari esker, Lilli fetitxe erotiko bilakatu zen. Denda eta tabernetan saltzen zuten eta, gehienetan, txantxak egiteko edo eta gizon ezkongaiei oparitzen zitzaien Lilli panpina. Hasera batean egunkariak bitxikeria gisa kaleratu zuenak hainbesteko arrakasta izan zuen, ezen panpinen ekoizpena Hanburgotik Hong Kong-era eraman zuten.

Ruth Handler turista estatubatuarrak, Elliot senarra eta Barbara eta Ken seme-alabekin Luzerna bisitatzen ari zela, Lilli panpina ikusi eta liluratuta geratu zen. Helduentzat eginiko panpin hark gordetzen zuen sekretuaz jabetu zen, eta berehala dozena erdi Lilli panpin erosi zuen. Sekretua? Barbara alabak aldizkarietatik mozten zituen emakume eder eta sexy-ei esker, Handler andereak bazekien adin batetik aurrera neskatoei, haurrak baino, emakumeak irudikatzen dituzten panpinak gustatzen zitzaizkiela. AEBetara itzuli zenean, bere senarrarekin zuzentzen zuen Mattel izeneko konpainia txikian halako panpin bat egin behar zutela proposatu zuen. Kostatu zitzaion senarra eta konpainiako diseinatzaileak konbentzitzea, baina 1958an alemaniarrei patentea erosi zien, aldaketa batzuk egin, eta AEBetan ekoizten hasi ziren. Panpin estatubatuarrak bainujantzi zuribeltza zuen, ilea ilunagoa eta kizkurra… baina begirada maltzur eta lizuna izaten jarraitzen zuen. Izena ere, Barbararen alabarenetik aldatu zioten: Barbie. 1959ko jostailu azoka internazionalean aurkeztu zutenean, femme fatale itxura eta jarrera zuen panpin hura ez zen dendarien begiko izan eta ale gutxi batzuk baino ez zituzten erosi. Neskato gazteak, ordea, panpin harekin maitemindu ziren. Dendetara iritsi bezain pronto desagertzen ziren. Guraso askoren gustokoa ez izan arren, 350.000 ale saldu zituzten urte beteko epean.

AEBtan gertatzen den moduan, duintasunaren edo beste edozeren aurretik negozioa izaten denez, lehen Barbie hura “biguntzen” joan zen. Hortzak zuritu zitzaizkion, bularrak handitu baina ezkutatu zizkioten eta, zoritxarrez, begirada gaizto hari ebaketa estetikoa egin eta Disney kutsua eman zioten. Eta panpin “lobotomia” amaitzeko, 1961ean, Handler andereak senargai zintzo bat kaleratu zuen Barbierentzat: Ken. Bai, asmatu duzue, semearen izena. Inzesto kutsurik ikusten dion bakarra al naiz? Arrakastaren eta emakume batzuen eredu bihurtu den panpin honen ondorengo “american way of life” biografia ez zaigu batere interesatzen, baina garai batean Barbie gaiztoa izan zela kontatu nahi genuen.