hurrengoa
sergey loznitsa. he(r)ri(h)otzaren erretratuak mikel zatarain   Iñor inoiz egon ere ez den lekua. Segur aski betidanik ahantzita izandako lur zatia. Bai komunismoak eta baita kapitalismoak ere ahaztuta utzitako herrialde urruna. Bertan haizearen hotz hotsa besterik ez dena. Zuhaitzetako adarrak mugituaz, egurrezko murruak lurrera boteaz, ibaietako uretan uhinak sortuaz…
Mundutik at bizi diren bizilagun post-sovietarrak, gauez tren geltokian lo eginez, estepako bizimodu latzaren lanak, alkohola kantuekin nahastuz, eta abar.
Zerri bat hilzorira daramate, arrastaka, intzirika. Traktore baten gainean paisaia ikusten dugu, zerriaren intziriak traktorearen zalapartarekin nahasten direlarik, soinu mingarri eta kakofonikoa sortuaz. Bat batean kamera horizontalki 90° irauli da. Ixilunea. Zerriaren heriotza kamera-mugimendu batekin izkiriatuta. Hori bai kamerarekin idaztea! Kamera-mugimendu bati zentzu bat atsikitzea. Astruc-ek aurreikusten zuen Camera-Stylo-a. Hitchcock, Ford, Lang, …-en moduan.
Eta era berean paisai horren heriotza. Mundua ulertzeko, barneratzeko, galtzear dagoen modu bat. Denbora ziklikoarena, naturarena, bizitzarena. Eta ez hiriko gure denbora lineala.
Portrait filman, aldiz, Loznitsak denbora geldiarazten du, izoztu… Honela, zinea erratratu-argazki bihurtu, Roland Barthesen argazkigintza eta heriotzaren arteko erlazioaren alegoria bat lez, mundu baten azken egunak edota munduan egoteko era baten heriotza azaleratuz.
Zineak bete beharreko funtsezko behar bat, memoria egitea. Denboraren igarotzearen krudeltasuna konpontzea, alegia. Heriotza denboraren garaipena besterik ez bait da.
My Joy, errealitatearekiko fikzio porotsuan heriotza beti ere nagusi, haizearen hotz hotsa entzungai delarik. Haize hotzaren hotsak “soinuaren zinemagile” honen pelikula guztiak zeharkatzen bait ditu; zuhaitzetako hostoak eramanaz, paisaiak zurituz, begien kontenplazioa aberastuz, munduaren irakurketa poetiko bat sortzeko.

www.loznitsa.com