hurrengoa
spoken word. hitz-sorgintzaileak aritz galarraga   I  oriol clavera Gaian aditu direnek diote poesia hasi zela hotsekin, hotsen kadentziarekin, ahaire moduko batekin. Kantuak arindu egiten baitu mina eta lotu taldea. Hastapenetako poesia zen, aditu horien arabera, musika eta zentzua, hotsa eta erritmoa, espresioa eta kadentzia. Geroago etorriko zen hitz idatzia eta askoz geroago liburua, liburu baten lehen eraikitzea, poemen arteko elkarrizketa. Katulorekin, adibidez. Eta seguru ez dela sekula erabat joan, baina azkenaldiko poesiak, edo poesia jakin batek behintzat, bilatzen du atzera ahozkotasuna, poesiaren lehen estadio hura.

Ez bakarra, hor daude rapa, hip hopa, baina Spoken word deritzona da ahozko poesiaren adierazpen garaikidea. Gainontzekoek lagun dute melodia, edo erritmo jakin bat sikiera. Spoken worda, aldiz, jardun biluzia da, lagun bat, bakarrik, inolako laguntza musikalik gabe, lagun batzuen aurrean, hitza baino ez duela, hitz egiten ari balitz bezala, baina bestela. Istorio kontalariaren eta deklamazioaren artean, ahoz esateko poesia da Spoken worda, 80etan abiatua, poesia antzeztua, jokatua, literatura zuzenean, slam poesia lagun duena, dema, ahozko poesiaren arteko norgehiagoka.

Bartzelonan bildu berri dira mundu mailako zenbait figura, hainbat urtean behin antolatzen den Kosmopolis literatur jaialdiaren baitan. D’bi.young Anitafrika, Malika Ndlovu, hiru balore britainiar gazte: Laura Dockrill, Francesca Beard, Chris “Ventriloquist” Redmond. Eta bukatzeko slam poesia lehiaketa, eta erakustaldia, Bob Holman, Daniel Orviz eszenatokian zirela. Baina slama utziko dugu beste baterako, Spoken wordari egingo diogu hemen tartea.

D’bi.Young Anitafrikaren saioa nabarmendu zen besteren gainetik, gainontzekoak eklipsatzeraino, indarra, erritmoa, erro afrikarrak haizatu baitzituen poeta jamaikar-kanadarrak. Katalanez hasi zen, poliki, ingelesera pasatzean hartu zuen abiada, hitzak tua bailiran, jarrera oldarkorra, errebindikazioa, “gure arbasoek hartu zuten konpromisoa / inoiz ez amore ematekoa”. Assata Shakur, Amilcar Cabral, Frantz Fanon, Steve Biko, Sojourner Truth, Stokely Carmichael ekarri zituen ahora, “ikusi nahi ditut / usaindu nahi ditut / ukitu nahi ditut”, beltzen aldeko borroka aldarri etengabea.

Malika Ndlovuk oso bestelako emanaldia eskaini zuen, pausatua, bildua, eszenografia esoteriko batez jantzia. Hegoafrikarrak gehiago zuen ipuin kontalariaren antza, are erlijio estrainio baten guruarena. Dena mistizismo, dena ke, dena karma. Lo kuluxka llaburra egiteko aproposa izan zen saioa. Eta britainiarrak aipatu behar azkenik, karkaxa baino patxada, bakoitza bere erara, baina hirurak ere zuzenak, iraunkorrak, D’bi.youngen garrik gabeak, erakutsiz, ordea, Britainia Handiko eszenak baduela Spoken wordean zeresana. Laura Dockrill, esaterako, jario jarraia, poesia goitikatua, arnasarik gabea, inoiz utzi bazuen, ahozkotasuna literaturara bueltatu denaren frogarik behinena. Hitz bitan, Spoken worda.