hurrengoa
miguel noguera ultragizona    Miguel Noguera ( Gran Canaria, 1979) jenio bat da. Ofizialki jenio izateko ziurtagiririk edo auzitegi gorenaren baimenik behar ote den ez dakigu, baina norbaitek jenio bat definitzeko eskatuko baligu, guk ez genuke lanpara magikoetan edo Disneyko pelikuletan azaltzen den jeniotik aipatuko. Ez, guk erantzungo genuke. Telebista ikusten duen bitartean kafesnea edan eta bere katuari laztanak egiten dizkion jenioa da Noguera, gazteleraz “geniodeandarporcasa” litzatekena. Superheroia eta bere nemesia gorputz eta garun berean.
Eta jenio guztiei gertatzen zaien moduan populazioaren gehiengo zabal batek ez du ezagutzen. Eta ezagutzen dutenen artean beste gehiengo zabal batek ez du ulertzen edo zuzenean gorroto du Miguel Noguera. Ez pentsa guk guztiz ulertzen dugunik haren jarioa. Baina hain zuzen ere horregatik atsegin dugu. Aspaldiko partez, harritu eta liluratzen gaituen pertsona batekin topo egin dugulako. Ezagutzaren ateak baino, ezezagutzaren ateak irekitzen dizkigulako. Ideien mundu abstraktua hitzetara eramaten asmatu duen aristoteles garaikidea da Bartzelonan bizi den kanariar hau.

Miguel Noguerak urteak daramatza bere ¨Ultrashow¨ berezia egiten. Saio hauetan, eskenatokira igo eta ideiak kontatzen dizkio audientziari. Ez da umorista bat eta ez da paper bat antzezten dabilen aktore bat. Miguel Noguerak ez du alter egorik. Paper tolestua eta harkatzaren laguntzaz igotzen da eskenatokira eta trikimailurik gabe, hitz eta marrazkien laguntza soilarekin ideiak azaltzen dizkigu. Ideia baten izenburua bota eta garatzen du. zuzenean. Ideia hauek ez dute zerikusirik aforismoekin. Noguerarenak burutazio ¨brutto¨-ak dira, gordinak, bapatekoak. Ideia batetik bestera modu anarkikoan salto egiten du eta ez ditu ideia ona edo txarrak bereizten. Guztiak dira bere ideiak eta seme alabekin bezalaxe ezinezkoa da bata bestearen gainetik nabarmentzea. Kantitatea kalitateraen gainetik jartzen duela onartzen du. Noguerarentzat kontua ez delako barrea eragitea. Esan bezala ez da umorista bat. Zentzugabekeria, kaosa eta erokeria irudi mental eta hitz bihurtzen dituen ahots propioa duen artista bat da. Askotan ideia bereziki surrealista eta basatiak botatzen dituenean, amaieran, ¨ziur noizbait gertatu dela¨ gehitzen du. Eta seguru gaude baietz. Egunero ezagutzen ditugulako, errealitatea fikzioa gainditzen duela dioen esaldia frogatzen duten adibideak.

Eta kitto. Orain egiozu mesede bat zure buruari, Eskuratu Ultraviolencia edo bere bere lehen liburua, Hervir un oso. Bilatu bere Ultrashow-a interneten eta murgildu zaitez Miguel Nogueraren unibertso paraleloan.

miguelnoguera.blogspot.com