audio arkaitz villar
hurrengoa

Unexpected Tapas

Makala

Makalak nazioartera zabaldu du bere Happy sound mezua. Lan berri honetan, aurretik argitaratutako singleak batu, kantu berriak gehitu, eta, nahasketak erantsita, koktel gozagarria sortu du. Etxeko marka diren latin, boogaloo eta rumba doinuek markatzen dute tenpoa, eta Europako hainbat dj-k egindako erremixek freskotasuna eman diote. Gastronomia eta musika bildu dituen lan honek zoriontsu egingo zaitu.

hurrengoa

El hombre bolígrafo

Grises

Euskal herrian azkenaldian jorratzen ari diren korronte sonoro berrien erakusle garbiena da Grises. Disko borobila sortu du Zestoako taldeak; bai, Zestoarrak dira. Bizia, dantzagarria, zuzena, eta taula gainean sendo defendatzen dutena. Pausarik gabe, arnasa hartzeko unerik gabe gelditu gara, baina itolarria plastikoz betetako kantu elektrikoek baretzen dute. Etorkizuna hurbildu digun lana.

hurrengoa

Arabia Mountain

Black Lips

2005ean txistua botatzen ikusi genituenean Bartzelonan, odolezko hitzarmena egin genuen Black Lipsekin. Arabia Mountain diskoan gailurra jo du; egun bizi dugun txukunkeria eta garbikeria apurtzen duen mezua zabaltzen dute. Abesti zikin eta azkarrekin jarraitzen dute; hamazazpi kantu daude disko berrian. Ezer berririk asmatu gabe, rock, punk eta psikodelia nahasten dute nortasun handiz.

hurrengoa

From Africa With Fury: Rise

Seun Anikulapo Kuti & Egypt 80

Estudioko bigarren disko indartsua argitaratu du Seun Kutik. Fela Kutiren semeak aitak alboan izan zuen Egypt 80 banda zuzendu du, eta emaitza borobila lortu du. Brian Enok ere eskua sartu du ekoizpen lanetan, eta, guztien artean, Afrobeat doinuen taupada indartzea lortu dute. Abesti sendoak dira, funk izerditsuaz beteak, barruraino sartzen direnak. Barrenak piztuko dizkizu.

hurrengoa

Helplesness blues

Fleet Floxes

Ezustean harrapatu gintuen 2008an argitaratu zuten lehen diskoak. Konposizio handiko abesti bokalak mugaraino eramateko adoreak harrapatu gintuen. Orain argitaratu duten diskoa aurrekoaren jarraipena da, eta beti bezain organiko datoz. Baina “Lorelai” bezalako abestietan gailurra jo du lan honek, eta itxaroteak merezi izan duela erakusten du. Distortsiorik gabe ere kantu konplexuak egin daitezkeela ohartarazi digute.

hurrengoa

Skying

The Horrors

Duela urte pare bat Benicassimeko hotelean gaupasa eginda zegoen Mario Vaquerizo. Tipo bitxi batzuk ikusi zituen, eta nor ziren galdetu zien ingeles trakets batean. Haiek, The Horrors oihukatu zuten. Goitik behera zaindutako itxura eta dotorezia gotikoz betetako proiektu honen lan berrian, hirugarrena, heldutasuna ezagutu dute. Rocka kutsu hipnotikoa duten elementuekin nahasturik, bidaia luze batera gonbidatzen gaituzte. Abenduan Bilboko Kafe Antzokian izango dira. Bitartean, haien kantuak ikasiko ditugu.