hurrengoa
sudurhizketa uxeta labrit   Gizakien arima beren usaina da.
Jean Baptiste Grenouville. El perfume


Kazetari talde bat Maria Cristina hoteleko Venezia saloian bildu gara, Noventa Grados-ek eta Parisko Houbigant Parfumeur etxekoek gonbidatuta. Egongelako leiho erraldoien beste aldean eguraldi ederra egiten du. Nahiago kalean bost izarretako hotel zaharruno batean baino. Gian Luca Perris-ek, lurringile eta adituak, bere burua aurkeztu du, eta berehala hasi zaigu hizketan. “Joko batekin hasiko gara”. Papertxo bat bustitzen du perfume pote batean. “Usain ezazue hau. Emakumeentzat ala gizonentzat dela esango zenukete? Zein adinetakoa? Nola janzten da gizon edo emakume hori? Neguan ala udan erabiltzeko da?”. Erantzun ugari eta ezberdinak. Jakina da kazetariok guztirako dugula erantzuna nahiz eta gaiaz tutik ere ez jakin. “Halaxe da, ez dago erantzun zuzenik. Usain bat, lurrin bat, kolore baten modukoa da, ez du nolakotasun objektiborik, guztiz subjektiboa da. Gure heziketa, historia, kultura eta memoriaren eraginpean dago”. Perris jaunari irribarre txiki batek ihes egiten dio. “Ez nuke ondorengoa esan behar, are gutxiago gizonezkoentzako lurri bat aurkezten ari ganerean. Kontua da lurrinek ez dutela generorik. Hasiera batean ez zegoen lurrin bereizketarik. Gizonek nahiz emakumeek erabiltzen zituzten. Egun ezagutzen dugun perfume bereizketa kontzeptu modernoa da, askotan salmentei lotua, baina, niretzat, perfumeek ez dute sexurik”. Lurrin bat nola sortzen den azaldu, eta lehengaiak erakusten eta usaintzera ematen dizkigu. Nire aurreiritzi guztiak honezkero desagertu dira. Onartu behar dut, hala ere, lurrin usaintze gaindosiak apur bat zorabiatu nauela. Mahai gainean ura eta laranja zukua ditut aukeran. Mahaiaren albo batean, kafea. Gisa honetako prentsa deialdietara berehala ohituko nintzateke.

“Lurringintzak XIX. mendean bizi izan zuen aldaketarik garrantzitsuena. Hain zuzen ere gaur aurkezten ari garen Fougére-Royale perfumearekin du zerikusia”. Beno, badator promo speech-a. “Ordura arte lurringileek usain zehatz bat bilatzen eta ekoizten zuten. 1882. urtean, ordea, ideia bati jarraituz sortu zen lehendabiziko lurrina agertu zen. Paul Parquet lurringilea, goizaldean basoan barna pasioan zebilela, baso haren usainaren eta freskotasunaren ideiari jarraiki, lurrin berri batean hasi zen lanean”. Aurkezpen bera emateaz nazkatuta egongo da ziurrenik, baina naturala dirudi Perris jauna. Beranduago, Google-en kuxkuseatzen hasi, eta belaontzi txapelketetan ibiltzen dela eta Monakoko Albertok trofeo bat eman zioneko argazkia ikusi dut. Nabari zaio edozein egoeratan egoki jokatzen dakiela. Batzuek dohai hori dute. “Garai batean, lurrina luxuzko produktua zen. Egun, herrikoi bihurtu da, eta hori eskertzekoa da. Baina, bidaia horretan, kalitatea eta osagai naturalen erabilera galdu egin da. Ordu erdi eskasean laborategi batean sortutako lurrinak saltzen dizkigute. Houligant etxeak artisautzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du bere lurrinekin. Gure perfumeak jendearen azalean eta, batzuetan, museo batean egon beharko liratekeela sentitzen dut”. Ez dakit zenbat denbora iragan den, baina iragan dena oso entretenigarria izan da. Hoteletik atera naizenean, perfume usain potentea daramadala jabetu naiz. Bat batean, nire burua Jean Baptiste Grenouvilleren moduan irudikatu dut. Begiradarekin, eskumuturretatik lurrina garbituko didan iturri baten bila hasi naiz. Ez nuke Jean Baptiste Grenouvilleren moduan amaitzerik nahi.